Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

POEMA BILDUMA (1993)

Mikel Lasa
I√Īigo Barbancho

Mikel Lasaren (Donostia, 1938) bibliografia idazteko xedea izango bagenu, Felix Mara√Īak antzera (1993, 335-338), lana berehala amaituko genuke. Izan ere, hiru poema bilduma, hirurak izenburu berarekin, Poema bilduma (1971, 1984, 1993), poema horien artean gehienak komunak izanik, eta entsegu bat, Nobela berria Hego Amerikan (1971), besterik ez genituzke izango zerrendan.

Posible litzateke, nahi izanez gero, bilbiografia apurtxo bat mardultzea, Lasaren itzulpenak kontutan hartuta. Idazle donostiarrak euskaratu zituen Alfonso Sastre, Marcel Schwob, Michel Tournier, Gabriel Celaya eta Arthur Rimbaud-en lan batzuk, bai eta Euskal Herriko Unibertsitateak prestatutako alean —Memory Dump izenburupean– ordura arte argitaratu gabe egondako testu sorta ere, Osagarriak (1960-1990). Baina kitto, gure lana amitua legoke.

Omar Navarroren esperoan egondakoak bezala (1993, 329), Lasaren poemagintzaren hainbat miresle hitz berrien esperoan egon diren arren, ez da halakorik jaso. “El extra√Īo dej√≥ un d√≠a de escribir. Se integr√≥ como un elemento laboral m√°s en la rutina de la sociedad, abandonando la poes√≠a. (…) Su renuncia es paralela a la de aquel poeta joven que busc√≥ fortuna en Abisinia” dio Felipe Juaristik, Lasa eta Rimbaud-en isiltasuna konparatuz (1993: 13). Enrique Vila Matasek Milek Lasaren berri izan balu, beharbada Bartleby y compa√Ī√≠a liburuan aipatu izango zukeen, ez idaztea erabaki duten beste idazle mordoarekin batera.

Nahiz eta gehiago idatzi ez, euskal munduak ez du ahaztu Lasaren Poema bilduma hura (edo haiek, denborak aurrera egin ahala zenbait aldaketa pairatu baititu). Aitzitik, behin eta berriro dakarte gogora Lasaren obra idazle, kritiko eta irakurleek. Lanen azterketarekin hasi baino lehen, bildumak lehen argitalpenetik hirugarrenera izandako aldaketak laburki azalduko ditut, “Poema bilduma” esatea zeri buruz ari garen argi gera dadin.

1971n kaleratu zen lehen aldiz Poema bilduma izeneko liburua, Mikel Lasa eta Amaia Lasak sinatua. Bertan Mikelek 60ko hamarkadaren hasieratik hainbat aldizkaritan argitaratutako poemak eta arreba Amaiak idatzitakoak zeuden bilduta. 1984an argetu zen Poema bilduma izeneko bigarren liburua, baina orduko honetan ez zuen Amaia egilekide, eta Mikel Lasak aurreko edizioan emandako poemei beste zenbait berri gehitu zizkien –hauekin batera, idazleak berak egindako marrazkiak ere azaltzen ziren–. Azkenik, 1993an, Euskal Herriko Unibertsitateak Memory Dump –‘memoria hustuketa’– izenburupean Poema bilduma argitara eman zuen berriz ere, bi poema eta Osagarriak sorta erantsiz. Azken hori kontutan hartu dugu artikulu hau prestatzeko orduan.

“Berriz ere romantiko bat naizela esanen didate, romantikoen errugabeko naturaren mitoa berriztatzera natorrela, Rousseau eta Flauberten “√©ducation sentimentale” delakoaren barne-mina dudala, Robinson Crussoeren itxaroarekin nabilela berriro, asko dela e.a…” (83) dio Mikel Lasak “Gure ugarteak iazko xarma ia dena galdu du” hitzekin hasten den poeman. Eta zuzen dabil, erromantiko bat dela esango dugu, baina ez “errugabeko naturaren mitoa” berriztatzen duelako, nahiz eta hura ere bere poemetan agertzen den, “gizon eroriaren mitoa” birlantzen duelako baizik.

Aldez aurretik esan dezagun, hala ere, Lasaren iturriak Erromantizismoan aukitzeaz gain, Baudelaire eta Rimbauden sinbolismoan ere badirela (bai eta, neurri txikiagoan, abangoardia surrealista eta dadaistan). Ez da hemen kontraesanik, Albert B√©guinek El alma rom√°ntica y el sue√Īo liburuan argi eta garbi azaltzen duenez, alemaniar erromantizismoan (Novalis, H√∂lderlin, Jean Paul, Kleist eta pareko idazleen poetikan) oinarritu zen sinbolismo frantsesa, nahiz eta desberdintasun garrantzitsuak ere badauden bien artean.

Gorka Aulestiak, Lasaren poesiak Rimbaud eta Baudelaire idazleei zor diona aztertu ondoren, lehenengoaren molde hausketarako grina eta errima librea jasotzen dituela dio, eta bigarrenari dagokionez, ondokoa azaltzen du:

“La influencia de Ch. Baudelaire es tambi√©n muy notoria en la tem√°tica (…). La invitaci√≥n al viaje; el paso del tiempo; la presencia de los gatos; el recuerdo de la p√©rdida del para√≠so; el spleen baudeleriano o angustia existencial que obsesiona al hombre llen√°ndole de tristeza, melancol√≠a, nostalgia; el amor perdido y los tamarindos nos evocan algunos de los poemas del autor franc√©s” (2000: 26).

Euskal poesiaren esparruan, Lasak Gabriel Arestiren poesia soziala alde batera utzi eta Jon Miranderen ildoa jarraitzen duela esan daiteke. Ez du beraz gizartea aldatzeko asmorik; Lasaren poesiaren helburua poesia bera da (Aulestia 2000: 28).

Xehetasun hauek argitu ostean, gizon eroriaren mitora itzuliko gara. Erromantizismoaren –lehen aipaturiko Erromantizismo alemaniarraren kasuaz ari gara batik bat– funtsezko ezaugarrietako bat sehnsucht delako sentimendua da. Hitz horren itzulpena ‘nostalgia’ izan daiteke, baina baita ‘irrika’ edo ‘antsia’ ere. Mugimendu bikoitza antzematen da, beraz, sehnsucht-ean, bata atzerantz doa –pasatako denboraren mina– eta bestea aurrerantz –etorkizunean itzuli daitekeenaren itxaropena–. Hitz bitan adieraztearen: bai nostalgiaz eta bai utopiaz aritzeko balio du terminoak, Erromantizismoak denboraz duen kontzeptzioa ezin hobeki laburbiltzen duelarik.

XIX. mendeko Erromantizismoari iraganean galdutako paradisu edo urrezko aroaren nostalgia dario, lehen gizakiaren eta izadiaren artean ez zegoen bereizketarik, zeinetan gizon-emakumeak zoriontsu eta ingurunearekin harmonian bizi ziren. Oraina, iragan mitiko harekin konparatuta, zoritxarrekoa da. “Erorketaren” ondoren –hots, paradisua galdu ondoren, edo urrezko aroaren oso atzetik datorren burdinezko arora iritsi ostean– gizakia eta izadia banatu egin ziren, eta ez dago jada batasunik, fragmentu asko baizik. Eta etorkizuna? Itxaropeneko garia da –utopiaren garaia–, eta antzinako artista erromantikoa batasuna berreskuratuko den esperantzan bizi da.

Denbora, beraz, ziklikoa da iraganean galdutako paradisua etorkizunean berreskuratuko da eta gizakiak erori egoeratik ihes egitea lortuko du. Baina bitarte horretan, alegia, orainean, sortzaileak nostalgia-antsia sentimendu bikoitza nozitzen du. Gizon eroriak badu, dena den, etorkizuna iritsi bitartean jatorrizko harmonia instant batez berreskuratzeko aukerarik. Nola? Ametsaren bidez. Ametsa, Béguinek dioen bezala, garai batean gizakiak izadiarekiko zuen batasuna gogoratzeko bidea da erromantikoentzat.

Mikel Lasaren Poema bilduma-k aurreko hiru paragrafoetan azaletik deskribatutako mitoa berreskuratzen du. Azter ditzagun hiru momentuak: iragana, oraina eta etorkizuna.

Iraganari dagokionez, garai mitiko bat dago Lasaren bilduman, haurtzaroa eta amodio istorio bati atxikitakoa (“Tamariza eta pikondoa” edo “Gure ugarteak iazko xarma ia dena galdu du” poemetan ageri dena adibidez). Lasak bi zuhaitz erlazionatzen ditu paradisu horrekin: tamariza eta pikondoa, malenkonia eta sexualitatearen sinbolo hurrenez hurren (Juaristi 1993: 10-11); baita beste sentipen bat ere: batasuna, maitaleen gorputzen uztarketak sortutakoa.

Orainari gagozkiolarik, aipatutako paradisu hori galdu egin da: haurtzaroaren txanda pasatu egin da eta maitaleek berriz elkartzeko aukera baldin badute ere, ez da maitasunik haien artean –“Nola bion gorputzak gurutzaturik/ (ba ginakien ez genuela elkar maite)/ bestearengana bilatzen genduan” (25)–. Egun, tamariza eta pikondoa euripean –“triste diren bezala tamarindoaren adarrak/ itsas bazterrean/ euriaren pean” (25)–, deserroturik –“denak erroz desustraituak izan dira denak!” (27)– edo bakandurik daude –“Tamarindoak urritu egin dira mendiaren maldan” (83)–. Behialako batasunaren ordez, fragmentuak besterik ez dira ageri –“Paisaje pasarteak laino urratu gisa” (63) dio “TX.E-ri” poeman edo “Ispilua hamar mila zatitan/ erdibitu zaigu” (73) gaineratzen du “Aquarium edo itsaspeko herria”-n–.

Orainean –euria ari duen eta beti ilun dagoen orainean–  poeta arrotz, –“ene buruari so egin, hain bitxia/ estrainoa, birrindua eta madarikatua” (75)– erratu –“nora doazen, nora goazen/ eriturik, galdezka, itsuturik, begiak haundiz idekirik” (69)–, besteengandik urrun –“lokarri ikus ezinaz ingurantu ninduten/ hegazti ankerrek inguruka ta inguruka/ besteengandik bereizi ahaleginetan” (63)– eta bakarrik –“inork ez daki bakoitzaren bakardadearen berri. / Argi bakoitza itzalean hiltzen da” (35)– sentitzen da. Ni poetikoaren espazioak, ondorioz, irlak –“erromantikoen ugartean [nago]” (39)– eta era guztietako “ertzak” dira –“itsas ertza” (33) (37) “bide bazterra” (35), “mugaren muga” (39), “uraren ertzean” (43), “bide ertzean” (45), “isla bitarte” (63), eta abar–.

Etorkizunaz den bazainbatean, itxaropenez begiratzen dio poetak, batez ere “Eguzki berritan” eta “Gaur ideki diet itsasoari eta haizeari leihoa” poemetan. Azken honetan esaldi bitxi bat aurki daiteke: “Eta Adanek gauza guztiei izen berri bat/ ezarri zien moduan/ nik gauza zahar eta antzinako hil guztiei/ izenak kenduko dizkiet/ gauza hutsak soilak izan daitezen./ Orduan gizonak eta harriak berriro bakeak eginen dituzte” (65-67). Etorkizunean beraz, garai bateko harmonia berreskuratzeko aukera dago, izadia eta gizakiaren arteko harmonia hain zuzen ere, eta ordutik aurrera ez da lengoaiaren beharrik izango. “Gizonak eta harriak bakeak eginen dituzte” esaldiak Erromantizismo alemaniarreko Novalis-ek Enrique de Ofterdingen eleberrian idatzitako beste hura datorkit gogora: “Una vez o√≠ hablar de tiempos antiguos en los que los animales, los √°rboles y las rocas hablaban con los hombres”, esaten du nobela hartako protagonistak (2004, 88).

Poeta, beraz, bi momenturen artean bizi da –“bizitza bi memoria/ galduen arteko/ leize bat dela dirudi” (73)–: nostalgiarekin begiratzen duen iragana eta esperantzarekin itxaroten duen etorkizuna. Bitartean triste bizi da, euripean.

BIBLIOGRAFIA

AULESTIA, Gorka (2001): “Un siglo de literatura vasca (IVc). Juan San Mart√≠n”. Sancho el sabio: Revista de cultura e investigaci√≥n vasca 15. 45-92.

B√ČGUIN, Albert (1954): El alma rom√°ntica y el sue√Īo. Fondo de Cultura Econ√≥mica. M√©jico.

JUARISTI, Felipe (1993): “Mikel Lasa: Par√°bola del extra√Īo”. Memory Dump (1969-1990). Euskal Herriko Unibertsitatea. Leioa. 9-16.

LASA, Mikel (1993): Memory Dump (1969-1990), Euskal Herriko Unibertsitatea. Leioa.

MARA√ĎA, F√©lix (1993): “Noticia -y bibliograf√≠a- del discreto”. Memory Dump (1969-1990). Euskal Herriko Unibertsitatea. Leioa. 335-338.

NAVARRO, Omar (1993):  “Maite izan nuen liburu hura”. Memory Dump (1969-1990). Euskal Herriko Unibertsitatea. Leioa. 329-330.

NOVALIS (2004): Himnos a la noche. Enrique de Ofterdingen. C√°tedra. Madrid.

VILA MATAS, Enrique (2000): Bartleby y compa√Ī√≠a. Anagrama. Barcelona.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus