Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

BASTERRETXEA, JOSE – “OSKILLASO”

(Madril, 1911 - Iru├▒ea, 1996)
Alvaro Rabelli

Jose Basterretxea, “Oskillaso” izengoitiz, Madrilen jaio zen. Familia gernikarra zuen. Agustinoetan ikasi zuen. Ondoren, Madrilen matematika- eta ingeles-ikasketak egin zituen. Parisen, erbestean zela, amaitu zituen ikasketak.

Gerra ondoren, ingeleseko irakasle jardun zuen hainbat lekutan, hala nola, Lleidan, Madrilen eta Iru├▒ean. Bizitzaren azken urteetan Principe de Viana Institutuan eta Nafarroako Unibertsitatean lan egin zuen. Bertako Euskara Katedraren jabe izan zen. Literaturaz eta hizkuntzalaritzaz gain, pintura ere jorratu zuen. Oskillasoren ibilbidea esanguratsua da euskal idazle gisa. Alde batetik, gerraosteko euskal literaturaren ildo berritzaileagoekin bat etor zitekeela esan genezake; bestetik, baina, euskararen gaineko iritziek, batez ere euskara batuari zegozkionek, bazterrera egitera behartu zuten, bere lan literarioa kontuan hartzea edo ezagutzea oztopatuz. Horretan, askotan gertatu izan den bezala, hizkuntzarekiko kezkak literatura bera gainditzen du Oskillasoren lanetan. Literatura-lan gehienak Egan eta Euskera aldizkarietan argitaratu zituen 60ko hamarkadan.

Oskillasoren lehenengo lan ezaguna Kurloiak. Mutiko kaletarrak Bizkaian (Itxaropena, 1962) izenburudun eleberria dugu. Autobiografiatik asko duen eleberri hori baliatu zuen Oskillasok euskara baturako proposamen propioa egiteko, “euskera osotua” izenekoa, alegia. Funtsean, bizkaieratik abiatuta gainontzeko euskalkietatik edaten zuen eredua zen. Bizitza osoan eredu horren alde sutsu egin arren, ez zuten kontuan hartu, eta horrek tirabira bat baino gehiago ekarri zizkion 1968az geroztik euskara batua zena defendatzen zutenekin. Oro har, Kurloiak eleberriak jaso zituen kritika guztiek Oskillasoren euskara-ereduaren kontra egiten zuten; gutxik aitortu zioten balio literariorik, gehienek Oskillasok zerabilen umore fina goratu bazuten ere. Mitxelenak berak zera esan zuen liburuaren gainean: “Ez baitago ozpin minagorik elkarrekin ezin ezkon daitezkeen goxokiz nahasia baino” (1962, 304).

Zenbait urte geroago, El libro negro del euskera (La Gran Enciclopedia Vasca, 1984) lanean, Oskillasok euskara batuaren aurkako ikuspegi ezkorra azaldu zuen.

Hizkuntza-kontuak zirela eta ez zirela, isilaldi luze baten ondoren bigarren eleberria argitaratu zuen: Gabeko atorra (Ibaizabal, 1988). Eleberria 1983an idatzi zuen, bere euskara osotuan, baina argitaratu, bizkaieraz argitaratu zuen. Eleberri horrekin ere ez zuen suerte hoberik izan: edizioa bera ezin eskasagoa izan zela nabarmendu behar da. Balio literarioari dagokionez ere, ezin da esan lan ona denik. Korapilorik gabeko eleberria da, garapen eta sakontasun gutxikoa. Deskripzioak eta euskara bera dira alderik indartsuenak.

Eleberrietan, Oskillasoren idazkeraren ezaugarri nagusia pertsonaien ahotan tokian tokiko erregistroak erabiltzea da.

Eleberri horiekin izan zuen oihartzun eskasagatik, eta, beharbada, bere euskara-ereduak jasotzen zuen oniritzi-eza kontuan hartuta, argitaratu gabe utzi zuen 1963an idatzitako Euskaldunak Madrilen eleberria. Labayru Ikastegiak argitaratu zuen, azkenean, 2003an. Eleberri horretan, Madrilgo euskaldunen bizimodua eta mundua ageri da, gerra-sasoitik 50eko hamarkadara arte doan tartean. Deskripzio-zertzelada ugariak eta umore zipriztinak dira nabarmentzeko ezaugarriak.

Aurrekoez gain, Egan aldizkariko orrialdeetan gelditu zen Akatsbako gizonaren akatsa (1967) polizia-eleberri laburra. Era berean, hizkuntzaren inguruko eztabaidak eraginda edo, eleberriak euskaraz idazteari utzi, eta gaztelaniaz taxutu zuen Los gemelos de Iturriondo eleberri luzea. Gaur egun argitaratzeke dago oraindik.

Edonola ere, Oskillaso eleberrigile gisa nabarmendu ezin badugu ere, bestelako iritzia agertu behar dugu 60ko hamarkadan Eganen plazaratu zituen narrazioez eta, batez ere, itzulpenez. Oskillasoren ipuin ezagunen artean “Mikel eta erdeldunek” (1962), “Nylonezko euritakoa” (1964), “Zerura joan eta atzera etorri” (1964), “Jostailuak, semeak eta gurasoak” (1965) eta “Hizkuntzalari handi bat” (1965) aipa ditzakegu.

Esan bezala, Oskillasok itzulpenetarako dohain berezia agertu zuen. Antza denez, garaiko euskal produkzioa gogoko izan ez eta itzulpen-eredu literarioaren bila abiatu zen. Horretan, berebizikoa izan zitzaion ingelesaz zuen jakituria, ingelesetik egin baitzituen itzulpen guztiak. Hala ere, tamalez, arlo horretan ere hizkuntzaren mesedetan, eta ez literaturaren alde, jardun zuen Oskillasok. 1963an Eganen Poeren “The Cask of amontillado” narrazioaren itzulpena idatzi zuen, H. Melville-ren Moby Dick liburuaren hiru kapitulu eman zituen El libro negro del euskera (1984) saioan, eta Mark Twain-en Erregaia eta eskekoa (Ibaizabal, 1986) eta Dickens-en David Copperfield (Ibaizabal, 1987) eman zituen, biak bizkaieraz, hasiera batean bere euskara osotuan idatzi zituen arren.

38. paraleloa eta Euskalerriko baserrietan ba├▒o abadezaletasun gehiago Madrilen lanak oraindik argitaratu gabe daude.

BIBLIOGRAFIA

AREJITA, Adolfo (1991): “Gabeko atorra. Oskillasoren nobela barria”. Idatz & Mintz. 1991-12.

AREJITA, Adolfo (2007): “Jose Basterretxea “Oskillaso”. Bidegileak bilduma. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzua. Gasteiz.

BIDADOR, Joxe (1999): “Madrilgo bizkaitar bat gurean: Jose Basterretxea Oskillaso“. Euskaldunon Egunkaria. 1999-10-1.

MITXELENA, L. “Kurloiak”. Egan. 1962, 4-2, 304 orr.

ONAINDIA, Santi (1990): “Jose Basterretxea “Oskillaso”. Euskal Literatura VI. Etor. Donostia.

RABELLI, Alvaro (2008): “Kurloiak”. Euskal Literaturaren Hiztegia. EHU-Euskara institutua.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus