Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

EZKIAGA, PATXI

(1943)
Iñigo Barbancho

Patxi Ezkiaga Lasa Legorretan jaio zen 1943ko irailaren 12an. Oxford eta Cambridgeko unibertsitateetan jardun zuen literatura ikasten, Basingstoke hiriko Dogmersfield izeneko barnetegian. Horrez gain, Historiako lizentziatura burutu zuen Deustuko Unibertsitatean (emaitza bikainak zirela eta, Karrera Amaierako saria jaso zuen). Donostiako Loiola auzoko La Salle ikastetxeko irakasle da.

Ezkiagaren ibilbidea bitan bana genezake: alde batetik, irakaskuntzan eta didaktikaren inguruko ikerketetan aritu da; eta bestetik, literaturaren sorkuntzan ibili da, genero ezberdinak landu dituelarik.

Lehen alorrean, Glotodidaktika edo hizkuntzaren didaktikari buruzko ikerketa anitz egin ditu, hala nola, euskara ikasteko metodologiaren analisia, irakaskuntzaren erreforma edo “Txanpa” izeneko metodologiaren proposamena. Horren guztiaren fruitu dira argitaratu dituen lau liburuak: Euskal Literaturaren Historia (1977), Euskal Mailaka -Metodologia (1978-79), Txanpa Metodologia (1990-91) eta Euskal Literatoak -36 gidoi (1988-1989).

Bigarren alorrean, poesia eta narratiba landu ditu Ezkiagak. Poesiari dagokionez, hamabost bat liburu eman ditu argitara dagoeneko. Horietako bederatzi —Beldur naiz (1985), Aiodi Herriko Kantak (1986), Armaggedon (1986), Gernika (1986), Fadura (1987), Ispiluaren isladaketak, Keiko eta beste udazkenak (1987), Baladak (1990) eta Terrala (1990)– Haize hurbila – Viento cercano izeneko bilduman jaso zituen Euskal Herriko Unibertsitateak 1993an. Harrezkero Komediaren Jainkoa (1993); Zauriaren salmoak (1997), Udazkenerako hamar kanta (1999), Jaunaren supazterrean (2003) eta Mahats-garian (2004) idatzi ditu. Bost eleberri ere argitaratu ditu: Charles Moulay (1990), Bi zisneen hegada (1992), Zure haragi bereko (1996), Bigarren haurra (2002) eta Munduaren amaierako kalea (2003). Ipuinak —Antxon Eraso 1 eta 2, (1982), Karnaba (1982), Ate debekatua (1988), etab.–, errelatoak —Deabruaren eztarria (1990) eta Uso bat gehiago (2002)–, itzulpen bat —Birmaniako harpa 1990)– eta biografia bat —Iñaki Olabeagaren (2002)– ere baditu. Haur eta gazte literatura lan —Izeba Maripi (1996)– idatzi du.

Jasotako sarien artean, honako hauek aipa daitezke: Felipe Arrese Beitia (1984), Irun Hiria (1985, 1986 y 1999), Lizardi (1985 y 1987), Azkue (1987), Kritika Saria (1988 y 1997), Julene Azpeitia (1990), Jon Mirande (1991 y 1995) eta Augustin Zubikarai (1998 y 1999).

Ezkiagaren obra, ikus daitekeenez, benetan da aberatsa. Banaka-banaka lan guztiei buruz hitz egitea ezinezkoa da gisa honetako artikulu batean, beraz, hona hemen Ezkiagaren poetikaren ezaugarri nagusiak:

Jon Kortazarrek Luma eta lurra liburuan aipatzen duenez, Ezkiagaren poesiaren iturriak bi dira: batetik, poeta euskaldunak (Txomin Agirre, Xabier Lizardi, Bitoriano Gandiaga, Xabier Lete eta Juan Mari Lekuona) eta, bestetik, poeta anglosaxoiak (John Milton, William Blake, Wolen Soyinka, Alfred Tennyson, T.S. Eliot eta Seamus Heaney). Poeta espainiar bat ere gehitzen du Kortazarrek, José Ángel Valente. Ezkiagak jorratzen dituen gaiak besteak beste ni-a, heriotza, natura edo denboraren igarotzea dira,.

Lehenik, Patxi Ezkiagaren poetika, autoreak berak idatzitako bi testuotan laburbiltzen da: “Poeta bizitzaren esploradorea da” eta “Dialektikaren muturrean”. Izenburuetan bertan antzeman daitezke poesiari buruz Ezkiagak dituen ideiak. Lehendabizi, poesiak ez dihardu errealitateari buruz, esperientziari buruz baizik: “Poesiaren arloa, bere izateko arrazoia eta zioa ez dela errealitatea, existentzia baizik (…) Esperientziari eman nahi diodala lehentasuna” (Ezkiaga 1993: 106). Felipe Juaristik honela deskribatzen du Ezkiagak poesiaz duen pentsamendua, Erromantizismoan errotutako pentsamendua alegia: “El poeta no es más que un intermedirario que buscan Dios o los dioses, para hacer saber al género humano la verdad de las cosas (…). Claro que tampoco es únicamente un visionario. El poeta es, en palabras de Patxi Ezkiaga, el explorador de la existencia” (Juaristi 1994: 11).

Bigarrenik, Ezkiagaren poesiaren oinarrian egitura dialektikoa dago: euskal poesia eta poesia anglosaxoiaren arteko dialektika, izadiaren kontzepzio dialektikoa (natura leize da, baina baita babes ere), Jainkoaren presentzia dialektikoa (ez da erabatekoa, kontraesanez betea baino) eta hizkera poetikoaren dialektika (bisuala da, baina hizkera ere bai). Jon Kortazarrek honela deskribatzen du Ezkiagaren pentsamendu dialektikoa: “Ezkiagak dialektikan jartzen du bere izaeraren gunea, bat da, baina beste ere ulertzen duena, bat izan eta kontrakoa hurbiltzen dena da Ezkiaga (1997, 452). Eleberriei dagokienez, Zure haragi bereko eta Munduaren amaierako kalea nabarmendu daitezke. Lehenenak Eusko Jaurlaritzaren Jon Mirande saria irabazi zuen 1995ean eta bigarrenak Irun Hiriko Kutxa Literatur Saria 2004an. Zure haragi bereko amodioaren inguruko hausnarketa dela esan daiteke. Karenen kontakizunean oinarrituta, Keichan, Mizushma, Mariaren eta lau pertsonaien arteko amodio istorioak kontatzen dira bertan. Munduaren amaierako kalea, berriz, Errenazimenduan kokatzen den nobela konplexua da, edertasuna gai nagusi duena: “ideia bat dabil lehen lerrotik hasita azkeneraino. Munduaren ordena –ez mundu politikoarena–, edertasunaren esku dagoela, eta edertasunaren ideia hori modu askotara eraldatzen dela” (Juaristi 2004).

Poema liburu eta eleberriez gainera, generoen sailkapenean kokatzen hain errazak ez diren lanak ere idatzi ditu Ezkiagak. Uso bat gehiago liburua horren adierazgarri da. Testu labur ezberdinez osaturik dago eta horien artean alegiak, gutunak, aipuak, prosazko poemak, adibideak, elkarrizketak, aforismoak, eta abar aurki daitezke. “Testu laburrak dira hauek, batzuetan epigramak diruditenak, askotan parabola itxurako kontakizun alegorikoak. Haietan bizitzaren filosofia erakusten du: naturalezaren aurreko jarrera, mirespenez betea, bizitzeko poza, baikortasuna…” (Rojo 2002).

BIBLIOGRAFIA

EZKIAGA, Patxi: “Poeta bizitzaren esploradorea da”. Enseiucarrean 6. 1991. 25-53.

JUARISTI, Felipe: “El poeta que explora la existencia”. Haize hurbila. 1994. 9-11.

_____________ “Munduaren amaerako kalea“. El Diario Vasco. 2004-11-05. http://kritikak.armiarma.com/?p=1174

KORTAZAR, Jon: “Patxi Ezkiaga. Topografia estetiko eta morala”. Luma eta lurra. Euskal poesia 80ko hamarkadan. Bilbao Bizkaia Kutxa-Labayru Ikastegia. Bilbo. 1997. 449-472.

ROJO, Javier: “Uso bat gehiago“. El Correo. 2002-06-12. http://kritikak.armiarma.com/?p=536

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus