Alargunari pentsio urri

Garbiñe Biurrun Mancisidor

Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko irakasle elkartua. EAEko Auzitegi Nagusiko Lan-arloko Salako lehendakaria

Alargunari pentsio urri

CATHEDRA

OFICINA DE COMUNICACIÓN

jueves 4 de mayo de 2017

Este artículo se publica en el idioma en que ha sido escrito.

Gaur egun, alarguntza pentsioa bilakaera historiko baten emaitza da, Gizarte Segurantzaren gainerako babes prestazioak bezala. Antzinako Erromak alarguntzen ziren emakumeak babesten zituen, oinarrizko beharretarako diru kopuru batzuk ematen zizkieten elkarteen bidez. Erdi Aroan, Eliza arduratzen zen laguntza hauek emateaz. Nolanahi ere, alargun pentsioaren ibilbide modernoa XIX. mendean hasten da, beste prestazio batzuenarekin batera, ongintza eta laguntza sistemen bidez, gizarte aurreikuspeneko sistemak barne. Ibilbide horren emaitza Gizarte Segurantzako sistema izan da, Gizarte Estatu baten barnean, non eskubide hauek nazioartera zabaldu eta konstituzio baten barnean jaso diren.

Alargun pentsioaren xede nagusia galera ekonomiko bati aurre egitea da; hain zuzen, pertsona baten heriotzak hari loturiko beste batzuei eragiten dien galera (ez da pertsona baten heriotzak sortzen duen pentsio bakarra: horra hor adibidez zurztasun pentsioa). Espainiako Konstituzioaren 39. artikuluak botere publikoak behartzen ditu familiaren babes soziala, ekonomikoa eta juridikoa babestera.

Hori horrela, estatuak ematen dituen prestazio guztien artetik, alargun pentsioa da ziurrenik gizartearen bilakaera hobekien erakusten duena, eta azken hamarkadetan familian izan diren aldaketa handien erakusgarri da. Alde batetik, agerian uzten du giza harremanen modernizazioaren bilakaera; bestetik, estatuak behar jakin batzuei ematen dien erantzuna eta gai honen inguruko eztabaida (pentsioen geroari edo ordaintzeko mekanismoei buruzkoa).

Hona hemen prestazio honen garrantzia sozioekonomikoa adierazten duten datu batzuk: 2.357.667 pertsonak jasotzen dute (2.178.759 emakumek eta 178.908 gizonek). Kopuru minimo bat ezarrita dago: 737,60 euro/hilabete familia kargak dituzten alargunentzat; 637,70 euro/hilabete 65 urtetik gorako pertsonentzat edo ezgaitasun bat dutenentzat; 596,50 euro/hilabete 60-64 urteko alargunentzat; eta 482,90 euro/hilabete gainerako alargunentzat (horiek guztiak 2017ko martxoaren 1eko datu ofizialen arabera).

Horiek horrela, argiro ikus daiteke alargun pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldataren azpitik jarraitzen duela (707,60 euro/hilabete, 2017an), eta nekez erantzuten zaio, beraz, gutxieneko baliabide ekonomikoak bermatzeko Konstituzioak jasotzen duen desideratuma-ri. Gainera, kalte egiten zaie modu nabarmenean prestazio honen hartzaile nagusi diren emakumeei, normalean beste errenta edo pentsiorik ez dutenak –adin jakin batekoek behintzat–, ezta horrelako baliabiderik lortzeko aukera errealik ere.

Alargun pentsioak modu berezian erakusten du Espainiako Estatuan izan diren gizarte aldaketa garrantzitsuak. Kontuan hartzekoa da 1966an sortu zela, aurretik aurrekari batzuk izan baziren ere, eta lehenengo pentsioa eskakizun jakin batzuk betetzen zituzten emakume alargunentzat bakarrik izan zela (40 urtetik gorakoa edo lanerako ezgai zena edota zurztasun pentsioa jasotzeko eskubidea zuten seme-alabak zituena), baita gizon alargunentzat ere, baldin eta lanerako ezgai baziren eta emaztearen bizkar bizi izan baziren. Konstituzio Auzitegiaren 104/1983 epaiak inkonstituzionaltzat jo zituen gizonek pentsioa jasotzeko zituzten mugak eta pertsona alargun guztiek prestazioa jasotzeko zuten eskubidea aitortu zuen.

Ondoren egin diren lege erreformek eta gizartearen bilakaerak berak aldaketa ugari eragin dituzte pentsio honetan. 1981eko uztailaren 7ko dibortzioaren legea onartu zenean, alargun pentsioa egokitu behar izan zen ezkontza hausturaren ondorioetara. Bide beretik, genero indarkeriaren erregulazio integralak, 1/2004 Lege Organikoaren bidez, pentsioaren beste berregokitze bat eragin zuen, eta mekanismo berriak ezarri ziren bortizkeria honen biktimek prestazio hau jasotzeko duten eskubidea babesteko. Sexu bereko pertsonen ezkontza ahalbidetu zuen Kode Zibilaren erreformak (13/2005 Legea) pertsona alargun guztiak barne hartu zituen pentsioa jasotzeko eskubidearen baitan, zeinahi ere izanik ezkontza mota, arau iragankorrik ezarri ez bazuen ere erreforma aurretik ezkontzerik izan ez zuten hildako pertsonen kasuetarako. 40/2007 Legeak aldaketa are handiagoa eragin du, pentsioa jasotzeko eskubidea onartzen baitio (baldintza jakin batzuk betez gero) izatezko bikote batean bizirik jarraitzen duen kideari, kasu honetan alargun pentsio unibertsalaz mintzatzerik ez badago ere, baldintza gehiago jartzen direlako eta pentsioa jasotzeko aukera murritzagoa delako: elkarrekin bizi behar izan da aurretik, izatezko bikote izan direla frogatu behar da, mendekotasun ekonomikoa, etab.

Aldaketa hauen guztien ondorioz, betitik juridikoki "baketsua" izan den alargun pentsioa (interpretazio arazorik gabekoa eta auzi handirik sortu ez duena, 1981eko dibortzioaren legeak eragindako arazo interpretatibo batzuk izan ezik) ohiko gai bihurtu da auzitegietan, 40/2007 Legetik aurrera bereziki, izatezko bikoteei ezartzen zaizkien eta pentsioa jasotzeko aukera nabarmen murrizten duten eskakizunei dagokienez.

Edonola ere, azken hitza esateke dago oraindik gai honetan. Alargun pentsioak eztabaida politikoaren erdigunean jarraitzen du eta ikuspegiak eta eskakizunak ez dira berberak gure inguruko herrialde guztietan.  Alargun pentsioaren erregulazioak ez die behar bezala erantzuten dagoeneko horren berriak ez diren errealitate batzuei (hala nola emakumearen lan munduratzeari edo kulturaniztasunari), eta berritzen eta egokitzen jarraitu beharko du pertsonen arteko bizikidetzaren antolakuntza modu berrietara.

 

Argazkiak: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.

 
Nodo: liferay1.lgp.ehu.es
 
Esta web utiliza cookies. Si continuas navegando estás aceptándola. Ver nuestra política de cookies   Aceptar