Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan

Mª Jesus Aranzabe, Jose Mari Arriola
AZKEN BATEAN

1. aurkibidera joan Saila > azpisaila

birformulatzailea > laburbiltzailea

2. aurkibidera joan Balio oinarrizkoa

Azken batean diskurtso-markatzaileak aurretik esandakoa, birformulakizunean esandakoa, berraztertzen du eta hausnarketa edo azterketa horri bidea ematen dio atal birformulatzailean, azken hori behin betikotzat hartuz.

Beste era batera esanda, diskurtso-markatzaile hori diskurtsoan lehenago -birformulakizunean- adierazitakora itzultzen da, baina ez bertatik funtsezkoena ateratzeko, baizik eta birformulakizunean adierazitako hori beste ikuspuntu berri batetik azaltzeko atal birformulatzailean.

(2.1)

Argiago mintzatu zen Le verbe basque en tableaux liburuan: Adibideak literaturako giputzetik hartuko ditut gehienetan, hura delako ezagunena, mintzatuena, landuena, eta baita aberats eta erregularrenetakoa ere, eta hura delako, azken batean, euskararen benetako ordezkaria, gutxi gorabehera toscaniarra eta gaztelania italieran eta espainieran diren neurri berean. [EPD lib., Euskara batua, Koldo Zuazo (Elkar, 2005) Orr.: 65]

Birformulakizuna

Adibideak literaturako giputzetik hartuko ditut gehienetan, hura delako ezagunena, mintzatuena, landuena, eta baita aberats eta erregularrenetakoa ere

Azalpena: atal birformulatzailea

azken batean, euskararen benetako ordezkaria,

(2.2)

Marmolezko kaperako elkar ikustearen ondoren, arteraino ez bezalako alaitasun eta pozaldian bizi izan zen Fabrice. Bazirudien, egia esan, oztopo handiak zituela oraindik ere zoriontsu izateko, baina, azken batean, ezin handiagoa eta ustekabekoa zen gure presoaren poza, bere pentsamendu guzti-guztietan sartua zeukan izaki jainkozkoak bera maite zuelako. Elkarrizketa haren ondoko hirugarren egunean, lanpararen seinaleak oso goiz bukatu ziren: gauerdia aldera. [EPD lib., Parmako kartusia, Stendhal / Jon Muñoz (Elkar/Alberdania, 2007) Orr.: 509]

Birformulakizuna         Bazirudien, egia esan, oztopo handiak zituela oraindik ere zoriontsu izateko, baina

Azalpena: atal

birformulatzailea

azken batean, ezin handiagoa eta ustekabekoa zen gure presoaren poza

 

(2.1) adibideko birformulakizunean informazio-segida dago eta atal birformulatzailean azken batean diskurtso markatzaileak txertatzen duen ikuspuntua aurretik esandakoaren ildo beretik doa.

(2.2) adibidean, berriz, azken batean diskurtso-markatzailea ageri den atal birformulatzaileak txertatzen duen ikuspuntua desberdina da birformulakizunean adierazitakoarekin alderatuta. Aurkaritza agertzen duten atalak aurkaritza esplizitu egiten duen baina juntagailuaren bitartez loturik agertzen dira.

3. aurkibidera joan Balioak eta erabilerak

Hona azken batean birformulatzaileak birformulazio-prozesuetan betetzen dituen funtzio nagusiak:

a. Esplikatiboa: aurreko enuntziatuan esandakoa azaltzen du modu laburrean.

(3.1)

Beste era batera esanda, oso goiz erdaldundu zen Nafarroako alderdi zabala, ekonomian aberatsena eta aurreratuena zena. Eremu erdaldun horretakoak ziren Nafarroako agintariak -atzerritik etorritakoak ere bai sarritan- eta, gainera, latinera ohituta egonda, samurragoa zen latinetik hizkuntza erromantzeetarako jauzia, latinetik euskararakoa baino. Azken batean, latinaren dialektoak ziren haiek, eta latinaren aldean zeharo desberdina euskara. Hori dela eta, XII-XIII. mendeetan latina baztertu zenean, nafar erromantzea lehenengo, eta gaztelania gero izan ziren haren ordezkoak. Oso kontuan eduki behar da, bestalde, Santiagoko bidea indartu nahi izan zela XI. mendearen bigarren erdian, eta erbesteko hainbat lagun ekarri zen azpiegitura sendotzera: okzitaniarrak eta frankoak, batez ere. [EPD lib., Euskara batua, Koldo Zuazo (Elkar, 2005) Orr.: 26]

(3.2)

Azaldu dugu beraz, barra-kodearen funtzionamendu orokorra, baina jakin dezagun zehatzago, barra-kodeak zenbat zati dituen. Esan dugu lehenago ere laser izpiek barra kodea arakatzen dutela, azken batean marra zuri-beltz horietan baitago produktuari buruzko informazioa. Hori horrela izanik, marra beltzak eta zuriguneak ez daude edozein modura antolatuta; ohartzen bagara, marra beltzek zabalera desberdinak dituzte eta zuriguneek ere bai, estuago eta zabalago dira produktu desberdinetan. Marra-segidaren osaketak zehazten du bada, bertan gordetzen den informazioa. Barra-kodearen zabalera 0,26 eta 0,66 milimetro bitartekoa izaten da eta produktuaren tamainaren arabera alda daiteke tarte hori. [ZTC, Barra-kodea, Irureta Azkune, Onintza Elhuyar Fundazioa, 1996 (aldizkari artikulua)]

b. Ondorioa bideratzea: lehen formulazioaren ondorioa bideratzen du modu sintetikoan, berrazterketa edo berrausnarketa egin ondoren.

(3.3)

Bizkaiko euskaran idatzi zuen Añibarrok ere, baina ez bere sorterrikoan, hura baino zabalagoan baizik, nolabaiteko bizkaitar batuan, ahalik eta bizkaitar gehienek ulertzeko modukoan. Mogelek ez zuen sekula bere jokabidea argiro azaldu, baina baliteke ingurukoen haserrea sortzeko beldurrez isildu izana. Baliteke, azken batean, Mogelek hizkera mota bi nahikotzat jo izana. Bata, Euskal Herri osorakoa eta gai jasoetarakoa eta, bestea, bere ingururako eta lagunarteko esparruetarakoa. Beterriko hizkerak betetzen zuen lehen eginkizuna eta, berari zegokionez, Markinakoak bigarrena. Bizkai aldeko apaiz jendeak, ostera, ez zuen euskara batuaren kezkarik, eta bizkaitar batua zuen helmuga. [EPD lib., Euskara batua, Koldo Zuazo (Elkar, 2005) Orr.: 58]

(3.4)

Inguruko beste herri batzuetan bezala, XVI. mendean egin ziren euskara bateratzeko urratsak Euskal Herrian. Ipar Euskal Herria izan zen aitzindari, Frantziako erresuma osoan bezala, Erreforma protestanteak erro sendoak zituelako bertan. Eliza katolikoak ere gogor ekin zion haren eraginari aurre egin nahian, eta horrexek ekarri zuen, azken batean, euskararen gorakada. Egokia izan zen bertan sortutako hizkuntza eredua, Lapurdiko itsasbazterreko hizkeran oinarritua: bizilagun multzo handiko eskualdea zen, bizimoduz aurreratua, herri hazi samarrak zituena, eta eguneroko jardunean euskara zerabilena. [EPD lib., Euskara batua, Koldo Zuazo (Elkar, 2005) Orr.: 39]

4. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: enuntziazioa

Enuntziazioaren arduradunaren hausnarketa prozesua dakar.

5. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: informazioa

Txertatzen duen informazioa nabarmentzen du.

6. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: argumentazioa

Azken ideia hori, bigarren enuntziazioa, indartzen du; alegia, ondoren agertzen dena zerbaiten muineko argudioa dela adierazten du.

7. aurkibidera joan Forma eta jatorria

Birformulatzaile laburbiltzaile konposatua da: izena eta zenbatzailea flexionatuta

8. aurkibidera joan Aldaerak

AZKEN BATEZ, AZKEN BATEN

9. aurkibidera joan Baliokideak

AZKEN FINEAN, AZKEN BURUAN

10. aurkibidera joan Euskal gramatikak

Euskaltzaindiaren EGLU-IIIan ez da ageri.

11. aurkibidera joan Euskal hiztegiak

[Elhuyar] azken batean/buruan/finean

al final, en último término, a fin de cuentas, en suma; en última instancia 

Azken buruan ez zen etorri: al final no vino. 

Ez burua hautsi arazo horrekin; azken finean, erabakia ez duzu zuk hartu behar: no te rompas la cabeza con ese problema; a fin de cuentas, tú no tienes que tomar la decisión. 

[Egungo Euskararen Hiztegia (EEH). Euskaltzaindia, 2012]

azken batean Bitarteko arrazoi edo kontuak alde batera utziz.

Hitz garratzak, baina azken batean hartzailearen alderako borondate onak eraginak.

[Hiztegi Batua Euskal Prosan]

 

 

liburuetan

prentsan

autoritateak

2904

2000

904

106

[Orotariko Euskal Hiztegia]

AZKEN BATEAN. a) Al final. v. AZKENEAN. Azken baten, zazpi etze-yaunok besteen aldean gitxi ixen-arren, maister edo errentadoreakaz alkartu zirean. Akes Ipiñ 10. Orriek urdinduten asi yakiezan lelengo, azalak yausten gero, ta azken baten, aretx guztien ondamena etorri zen. Ib. 25.

b) A fin de cuentas. Hori da, azken batean, Santiagok azpimarratu nahi duena. Vill Aranzazu 6-2-1978. Ea [...] erregela batera edo bateratsura umiltzeko prest bihurtzen ote garen, azken batean, bide berdintsutik gabiltzan lanbide horretan parte hartuko dugun guztiak. MEIG VI 135. 

[Zehazki]

 en definitiva, azken batean; laburbilduz: y es la hélice, en definitiva, la que mueve el avión, eta helizea da, azken batean, hegazkina higiarazten duena; en definitiva, que no piensa venir, laburbilduz, ez duela etortzeko asmorik. 

 fin 1 m (final) amaiera, bukaera, amai, akabu beh: el fin de una época, garai baten amaiera; el fin del mundo, munduaren amaiera; el fin de la guerra, gerraren amaiera 

       2 (objetivo) xede, helburu

           a fin de cuentas, azken batean, azken finean.

          al fin y a la postre, azken batean, azken finean.

          al fin y al cabo, azken batean, azken finean.

12. aurkibidera joan Posizioa

Azken batean laburbiltzailea atal birformulatzailearen hasieran ageri da gehienbat:

(12.1)

Grabitazio newtondarraren marea-indarra erortze askean ezin ezabatuzko zerbait dela gogoan harturik, zuzenago ikusi ahal izan dugu indar horrek espazio-denboraren kurbadurarekin eta, horrenbestez, Einsteinek formulaturiko erlatibitate orokorraren ikuspegiarekin duen erlazioa. Azken batean, zail ere zaila da behaketen bitartez alde argi eta garbiak aurkitzea bi teorien artean. [ZIO, Eder behar du, Graham Farmelo / Fernando Morillo (EHU, 2009) Orr.: 362]

Esaldiaren barruko aldean ere ager daiteke:

(12.2)

Eliza katolikoak ere gogor ekin zion haren eraginari aurre egin nahian, eta horrexek ekarri zuen, azken batean, euskararen gorakada. [EPD lib., Euskara batua, Koldo Zuazo (Elkar, 2005) Orr.: 39]

Esaldiaren edo atal birformulatzailearen amaieran maiztasun txikiagoarekin ageri da:

(12.3)

Ekimen hau sustatu dugunontzat, harrigarria da gauden egoeran egotea. Instituzioek ezarri nahi dituzten 'Mcproposamenez' hitz egiten duzue, zer da hori zehazki?. Dagoen ereduaren aurkakoa da ezarri nahi dutena, azken batean. [EPD pren., «Orain arte ezagututako jaiak galdu egin daitezke», MAITE BERRIOZABAL, 2010-04-06]

13. aurkibidera joan Puntuazioa

Atal birformulatzailearen hasieran agertzen denean  koma artean edo -etenaldi baten ondoren (hots, puntuaren, puntu eta komaren, bi puntuen, eta gidoi edo parentesi baten ondoren)- eskuinean koma duela agertu ohi da.

(13.1)

Jose Blancoren hitzei buelta emanez, «Ibarretxeren plana lurperatu dugu» esaldiaren ordez, «goazen gatazka konpontzera» esateko eskatu zion Zapaterori. erdigune aldaketa. Zentzuzko planteamendu ausart horrek, ordea, indarra galdu zuen biharamunean hauteskunde deialdiarekin. Hauteskundeak eztabaidaren lehen planoan jarrita inork ez baitu espero aurrerapauso handirik ematea gatazkaren konponbidean. Are gutxiago, Batasunaren legez kanporatzearen ondorioak konpondu gabe daudenean. Zeren eta, denon parte-hartzea aldarrikatze hutsarekin, azken batean, ez baita ezer zehatzik lortzen [EPD pren., IZENBURURIK GABE, SINADURARIK GABE, 2005-02-05]

(13.2)

Entzutea pasibo egotea da; begiratzea, berriz, aktibo. Zentzu horietan guztietan, SETIk areago dirudi entzumenezkoa, ez hainbestean ikusmenezkoa. Ez du zenbakirik edo katalogorik behar; ez du ekuaziorik edo kalkulurik behar. Azken batean, ez da unibertsoa ikertzea, baizik eta mintzatzen den arte ezagutzerik ez daukagun zerbaitekin komunikatzea. [ZIO, Eder behar du, Graham Farmelo / Fernando Morillo (EHU, 2009) Orr.: 135]

(13.3)

Neuk ere, egia esan, ikusten dut zatiketaren arriskua gurea bezalako hizkuntzetan, eta halaxe erakutsi nuen Euskararen sendabelarrak saioan (104-116. or). Herri katalanen adibidea ekarri nuen gogora: valentziar batzuek eurena hizkuntza berezia dela diote, eta gauza bera uste dute mallorcar, menorcar eta eivissar zenbaitek; azken batean, antzina hizkuntza berberaren dialekto soil zirenak, gaur egun benetako hizkuntza dira euren buruan eta borondatean. Gure herria ere administrazio barruti askotan zatituta dagoenez, bene-benetakoa da hizkuntza apurtzeko arriskua, eta zenbait urrats egin ere egin dira norabide horretan. [EPD lib., Euskara batua, Koldo Zuazo (Elkar, 2005) Orr.: 223]

adibide gehiago:

(13.4)

Hamar minutu geroago, trena geltoki burrunbatsutik abiatzen ari zelarik, Del Valle ikuskizun barregarri baten lekuko izan zen: leporaino betetako nasako jendetzari ezker-eskuin bultzaka, Hans zetorren, korrika batean etorri ere. Alemanak eskuaz eusten zion kapela itsusiari buru gainean. Del Vallek mirespenezko irribarrea agertu zuen: azken batean, bazitekeen kankailu haren baitako txokoren batean menturazalearen arima kukutzea. Agente espainiarrak bagoiko atean itxaron zion eta, igotzen lagundu ostean, txapaka jo zuen aleman hatsandituaren bizkar alimalekoan. Zain zituzten ekintza eta ezezaguna. Del Valle zoriontsu zen. [EPD lib., Eguzki beltzaren sekretua, Alberto Ladron Arana (Elkar, 2004) Orr.: 59]

(13.5)

Ulertu, edo, behintzat, ahaztu egin zuten semearen gehiegikeria (ziurrenik Asierrek barkamena eskatu zien, niri horrelakorik inoiz adierazi ez bazidan ere) eta, haren homosexualitateari dagokionez, gehiegizko dramarik gabe onartu eta txertatu zuten euren bizitzetan (argi dago aspalditik zutela susmoa) . Arrebarena, ordea, konplikatuxeagoa izan zen -azken batean bere "egunik zoriontsuena" zapuztu zion krudelki-, eta gaur egun ere ez dakit haien arteko harremana erabat sendatuta ote dagoen. Baina gauzak nola aldatu diren kontuan hartuta, apustu egingo nuke baietz, orain lagunik minenak direla. Orain, arreba nagusiak, bere esperientzia lagun, ezkonbizitzaren sekretu guzti-guztiak argitzen dizkio Asierri intimitatean, eta neba gazteak bihotzez eskertzen dio laguntza guztia. [EPD lib., Sua falta zaigu, Katixa Agirre (Elkar, 2007) Orr.: 85]

Atal birformulatzailearen amaieran ere kokatu ohi da, etenaldi baten -koma baten- ondoren eta sintagmari edo esaldiari bukaera emanez. 

(13.6)

Berriketa, ingelesez. Konektaturik dauden konputagailu desberdinetatik, mezu elektronikoen bidez hitz egiteko erabiltzen diren guneak. Har Bere burua behin eta berriro kopiatuz, sistemaren baliabideak murrizten edota ahitzen dituzte. Software Ordenagailuen programak. Datuak maneiatzeko, ordenagailuak erabiltzen dituen aginduak. Hardware Sistema informatiko baten osagai materialak. Ordenagailuak erabiltzen duen ekipoa bera, azken batean. [ZTC, Ordenagailuez harantzago, Morillo Grande, Fernando Elhuyar Fundazioa, 2000 (aldizkari artikulua)]

Zenbaitetan, ordea, ez da puntuazio-markez inguraturik agertzen

(13.7)

Elkartasunaren bidez, bide berriak urratuz, ateak zabaldu behar zaizkio etorkizuneko gizakiari. Koherentea izan nahi duzu predikatzen duzun sozialismoarekin, baina frankismoak ez dizu ematen zure nortasuna garatzeko aukerarik. Sistemaren kontra egiten duzu behin eta berriz talka, eta, beharbada, hori da zure kontsolamendu nagusia, zeren azken batean aurrez aurreko borroka zuzena beste biderik ez daukazu. Hausnarketa horiek nolabaiteko tristura eta etsipena eragiten dizute. Ahalegin handiak egin behar dira Euskal Herria etorkizun urrun batean sozialista eta bere buruaren jabe izango bada. [EPD lib., Mentxakaren aitorpena, Jose Ramon Goikoetxea / Rafa Egiguren (Elkar, 2006) Orr.: 107]

(13.8)

Ananda neurri-neurrira etorri zitzaiean jeltzale esoteriko haiei, asko baitzeukan eskaintzeko, eta gainera proiektuari exotismo ukitua ematen baitzion, hedapen unibertsala: haren bitartez, garai guztietako giza muinera iristen zituan euskal izaera jatorrizkoaren baitan. Harrapaitzak! Berebiziko esperientzia mistikoa. Haien parean, Oteiza bera ere sorginen morroi baino ez zuan. Eta arraza berri bat sortu nahi zitean, hi, dena mistizismoz eta maitasun unibertsalez apaindua, baina azken batean Hitler ostia haren asmo bera. Pikete bat antolatzekotan egon gintuan, bazterren batean denak jipoitzeko, baina arreba zebilean tartean, eta hura tartean zela ez zegoan astakeriarik egiterik. [EPD lib., Elurra sutan, Juan Kruz Igerabide (Alberdania, 2009) Orr.: 195]

14. aurkibidera joan Sintaxia

Laburbiltzaile hau agertzen den diskurtsoko elementua perpausa izaten da normalean, baina perpausa ez den beste elementu bat ere izan daiteke; hurrengo adibidean izen-sintagma bati laguntzen dio:

(14.1)

Eta erabakitzeko moldeari buruz desadostasuna baldin badago, orain Espainiako Gorteen eta Eusko Legebiltzarraren artean gertatuko den bezala, Estatuak koakzio mekanismoekin egiten du mehatxu. Indarkeriarekin, azken batean. [EPD pren., IZENBURURIK GABE, SINADURARIK GABE, 2005-01-09]

Perpausean ageri denean, perpaus hori independentea izan daiteke:

(14.2)

Lagapen ordaintzaile orok bezala, lagapen horrek bi forma hauetako bat har dezake: 1) Pro soluto: lagapen bidez, lagapen-hartzaileak kreditua ordaindutzat jotzen du. Azken batean, kreditua ordainketan ematea da. [ZUZEN. TA, Zuzenbide zibila: obligazio-zuzenbidea eta erantzukizun zibila, Leire Imaz (UPV/EHU, 2011 )]

Koordinatua:

(14.3)

Eta hasiera batean ekimena Donostialderako proposatu badu ere, Gipuzkoa osora ere heda daitekeela uste du talde ekologistak. Horregatik aurkeztu du proposamena Gipuzkoako Foru Aldundian ere. Oraingoa ez da Eguzkik erakundeei proposamen hau egiten dien lehen aldia, baina hondakinak konpost bihurtzea Europako beste herrialdeetan izaten ari den erantzuna ikusita, eta ingurumenarentzat dakartzan onurak ezagututa, talde ekologistak ez du amore emateko asmorik. Izan ere, ekimena borondatezkoa denez eta azken batean familia bakoitzak erabaki behar duenez lorategian edo baratzean konposta sortu edo ez, erakundeen diru laguntzari ezinbesteko irizten dio Eguzkik ekimen honek benetan erantzun ona izan dezan [EPD pren., IZENBURURIK GABE, GARI BERASALUZE, 2004-02-01]

Mendekoa:

(14.4)

1974ko amaiera aldean, albiste entzutetsu bihurtu zen haien lana AEBn: egunkarietako lehen orrialdeetan eta telebistako hainbat programatan agertu ziren, eta arloko beste aditu batzuek aldeko iritzia eman zuten zenbait artikulutan. Gero adierazi zutenez, hurrengo bi urteak "zurrunbilo gaitza" izan ziren. Molina eta Rowland-en iruzkinak mehatxu bat ziren, noski, AEBko industria kimikoarentzat: azken batean, hark ekoizten baitzuen, garai hartan, munduko CFC gehien-gehiena [ZIO, Eder behar du, Graham Farmelo / Fernando Morillo (EHU, 2009) Orr.: 194]

Juntagailuekin (eta, baina... ) batera ere ager daiteke:

(14.5)

Hori dela eta, nahiz eta euskaraz idatzi, hizkuntza ofizialaren arau ortografikoak hartu dira oinarri, eta idazmolde arrotzak beti zailtzen du irakurlearen lana. Hizkera teknikoan, gainera, hitzak eta esapideak ere hizkuntza nagusitik hartzen dira sarri eta, azken batean, hondarribiarren gutunak gaztelaniaren kutsua izateak ekarri zuen, ziurrenera, urruñarren nekea. Beste aldetik, berriz, hizkuntza ofizialaren ospeak badu jendearen psikologian eragina. Eguneroko bizimodu arruntean zein hizkuntza darabilgun ez dio hainbeste ardura, baina ospedun hizkuntza aukeratzen da zeregin jasoetan. [EPD lib., Euskara batua, Koldo Zuazo (Elkar, 2005) Orr.: 8]

(14.6)

Nolanahi ere, txarragoa da zaldirik ez dagoenean, orduan bai buruko minak monoaz dabiltzanekin. Ze, okerrera joango balitz ere, koloreak salatzen ditu. Atzera Afrikara eta kito. Gutxik dauzkate paperak eta, azken batean, zer egingo dute etorri diren gizarteak hori eman badie? Eskaintza eta eskaria, hori da dena. Hori, eta batzuk majo aberasten dabiltzala, eta laster eskubideak ere erosi ahalko dituztela, tribu osoa ekartzeko. Gaueko artistak Ia denok gaude. [EPD lib., Auzoak, Urtzi Urrutikoeetxea (Susa, 2005) Orr.: 104]

(14.7)

Azoreetan behinola janzten zen balandrau honekin joan behar dut, amerikarrei gauza pitoreskoak gustatzen zaizkielako, gero Texasera itzuli eta kontatzen dute uharte galdu bateko etxola batean egon direla eta han antzinako longain batez jantzitako agure batek bere herriaren folklorea kantatzen zuela. "Kobrezko biola" nahi dute, piztia malenkoniatsuaren soinua sortzen baitu, eta nik beti errima bera duten modinha melengak kantatzen dizkiet, baina azken batean berdin da, azken finean haiek ez dute ulertzen eta ikusten duzunez gin tonic edaten dute. Baina zu, berriz, zeren bila zabiltza, arratsero-arratsero hona etorrita? [EPD lib., Porto Pimeko dama, Antonio Tabucchi / Fernando Rey (Elkar/Alberdania, 2007) Orr.: 82]

Lokailuekin ere ageri oihi da:

(14.8)

Gallinonek ikusten zuelarik bera iristen zenean egiten nizkion begiratuak ez zirela batere abegikorrak, edo entzuten zuelarik bera pasatzean egiten nizkion puzkerrak, uste zuen gaixotasunen bat nuela eta zera aholkatzen zion gure amari: emateko bromuroa lasai egon nendin, eta ez urduri. Egunero familiaren baitatik urrun emigratu nahia adierazten zuenez Gallinonek zera aholkatzen zion aitari: bizitza alde zuzenetik hartu behar zela eta ez okerretik. Eta aholku hori eman eta gero begiak sabai aldera altxatu eta galdetzen zion bere buruari: izan ere, azken batean zer da bizitza? Gurasoak eta ofizialak aho zabalik egoten ziren haren errebelazioen zain. Gallinonek begiak apaldu eta esaten zuen: atxikitzen jakin behar den aingira bat bezalakoa da bizitza. [EPD lib., Denak hasperenka, Gianni Celati / Pello Lizarralde (Igela, 2005) Orr.: 216]

(14.9)

Eta galdera sortzen zait: zer topatuko ote dut han, atxiki ahal izango ote ditut nire ideiak, azpiratua izan gabe, komedia handia den garai honetan pertsona garaitua bilakatu gabe.... Agian, azken batean, denbora honetan guztian, bizitzak ongi hartu duen ibiltari alderrai eta inkontzientea baino ez naiz izan. Hainbeste zalantza dira, bat-batean... Julio Villar 1972ko udan arribatu zen Euskal Herrira. 38.000 itsas milia nabigatu ostean, itsasoan lau urtez noragabean ibili eta gero. [EPD lib., Pospolo kaxa bat bezala, Patxi Zubizarreta (Pamiela, 2005) Orr.: 58]

(14.10)

Baina pagatzen banuen ere, galaraziko al zion horrek Luteziari nor nintzen jakitea? Eta nire itsumenduan zera pentsatu nuen: "Ai dirua banu, bertatik esango nioke nor naizen. Esango nioke haren amodioagatik gaiztakeriarik txarrenak egin ditudala. Zeren, azken batean, Golubtxik batek edozein Krapotkinek adina estimazio hartu dezake emakume batengandik! " Horrela ari nintzen nire baitan. Ikusten nuen neska hark gezur esaten zidala, kontzientziarik ez zuela, eta, hala ere, uste nuen onartuko zuela nire aitormena eta bai eskertuko ere! [EPD lib., Hiltzaile baten aitormena, Joseph Roth / Matías Múgica (Igela, 2004) Orr.: 166]

15. aurkibidera joan Maiztasuna

azken batean

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

A1. ZIO corpusa

127

12.70

A2. EHUko eskuliburu itzuliak

129

2.34

A3a. Zuzenbidea / lege-testuak

57

1.39

A3b. Zuzenbidea / akademikoak

200

8.00

A4. Pentsamenduaren Klasikoak

602

5.62

B1a. EPD liburuak

883

8.65

B1b. EPD prentsa

345

3.28

B2. ZT Corpusa

178

2.69

C1. ETBko dokumentalak

19

3.80

C2. Goenkale corpusa

291

2.64

denera

2831

4.52

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

jatorrizkoak

1538

4.30

itzulpenak

1293

4.80

16. aurkibidera joan a. Testu Mota
b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...)
c. Idatzia/ahozkoa

a. Testu mota guztietan

b. Lagunartekoan eta zainduan

c. Idatzian eta mintzatuan

17. aurkibidera joan Erdal baliokideak

espainiera

[Elhuyar]

“al final, en último término, a fin de cuentas, en suma; en última instancia”

[OEH]

“al final; a fin de cuentas”

[Zehazki]

“en definitiva”

18. aurkibidera joan Ez da diskurtso-markatzaile...

Beti da birformulatzailea aztertutako corpus honetan.

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus