Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan

Ines Garcia Azkoaga
EDONOLA ERE

1. aurkibidera joan Saila > azpisaila

birformulatzailea > urruntzailea

2. aurkibidera joan Balio oinarrizkoa

Birformulatzaile den aldetik, bere funtzio nagusia da solaskideen arteko elkarulertze arazoak gainditzea eta haien arteko harremana gidatzea.

Birformulatzaileen sailean kokatzen den arren bere zeregina ez da aurreko enuntziatua parafrasi baten bidez beste era batera esatea; diskurtso-markatzaile honen erabilerak aurretik sortutako formulazio batetik urruntzea ahalbidetzen du; aurreko enuntziatutik atera daitezkeen inferentziak mugatzen edo berrorientatzen ditu. Oro har, ikuspegi enuntziatiboaren aldaketa jartzen du agerian, eta alde horretatik, ez-parafrastikotzat hartzen da.

Markatzaile hauekin bigarren formulazioa nabarmenduta geratzen da eta lehenengo formulazioaren garrantzia apalduta geratzen da. Interpretazio egokia diskurtsoaren bigarren formulazioan oinarrituta egin behar dela adierazten du markatzaileak.

Oro har, lokailu honek markatzen duen esaldi menperatua esaldi nagusiko ekintza betetzeko eragozpena da; aurreko formulazioan agertzen denarekiko zailtasunen bat adierazten du. Bigarren proposizioak lehenengoaren indarra mugatzen du, baina oztopo izan gabe.

Diskurtsoari dagokionez erabilera anitz bereganatzen du: solasaldia berrorientatzea, garrantzizkoena azpimarratzea, zerbait argitzea, gaia aldatzea, kontrastea nabarmentzea, adostasuna edo desadostasuna erakustea, e.a.

Lehenengo formulazioa:

Birformulakizuna

Gure arazoa azaldu genien, baina, jakina, haiek ezin zuten ezer egin; gure aparatuak, behintzat, ez zien interferentziarik egiten berenari.

Azalpena: atal birformulatzailea

Edonola ere, ez ginen gehiago hartaz arduratu: soinuak deserosoak ziren, baina, Maddik negar egin ezkero, ondo baino hobeto entzuten genuen, eta ohitu ginela esan daiteke. Asteburu batean, alabaina, aiton-amonenera abiatu ziren auzotarrak, eta interferentziak ez ziren haiekin joan. [Itzalak, Iban Zaldua (Erein, 2004) Orr.: 16]

Adibideak:

Aurreko gauza bat edo egoera bat onartzen den arren beste gauza edo egoera bat gogokoagoa dela adierazten du.

(2.1)

Horretaz konturatu zen Alice, haren malko-putzuan harengandik hurbil igeri zebilen sagua ikusi ondoren: Ezertarako balio ote du", pentsatu zuen Alice-k, "sagu honi mintzatzea? Hemen behean hain da dena ohiz kanpokoa, ezen pentsatu behar nuke hitz egin dezakeela: edonola ere, saiatzeagatik ez dut ezer galtzen". [Hizkuntza-sena, Steven Pinker / Garikoitz Knörr (EHU, 2010; Orr.: 122)]

Aurreneko formulaziotik atera daitekeen inferentziari muga jarri eta garrantzizkoena azpimarratzen da birformulazioan:

(2.2)

Izan ere, artista profesionalei begira laguntza programak martxan jarriko dira. Batez ere, proiektuak finantzatzeko ildoak izango dira, De la Horrak azaldu duenez. Kasu eta egitasmo bakoitza banan-bana aztertuko dute, erabakia hartu baino lehen. Orain arte, Araban kultura sustatzeko bideratzen ziren laguntza gehienak amateur edo erdi-profesionalentzat ziren. Edonola ere, diru-laguntza zuzenak ere emango dituzte. [Heziketari eta laguntza deialdiei udaberritik heldu nahi die Kreak, IVAN SANTAMARIA, 2007-01-11]

3. aurkibidera joan Balioak eta erabilerak

Tematizazioa:

Hizketagia aldatzea eta solasaldia gai berri batera berrorientatzea ahalbidetzen du.

(3.1)

ANDONI.- Bai. Koldorena ondo lotuta utzi duzue.
EDUARDO.- (ase, ironia puntu batekin) Sekulako pena izan duk. Tipo jatorra zuan ("zen" hau azpimarratuz).
Isilunea.
EDUARDO.- (gaiaz beste) Edonola ere, beste kontu bategatik deitu diat.
ANDONI.- Bota.
EDUARDO.- Dena jakin nahi diat Txerrenkori buruz. Baita berak gobernatzen duen Irinaren klubari buruz ere. [Goenkale Corpusa: 2210 atala, Ataka gaitzeko ibilerak - Sek.: 10]

(3.2)

“Les Allemans ont une langue rude et grossiere; les Italiens en ont une molle et effimininée, selon le temérament et les moeurs de leur païs". Erdi Aroan hizkuntza eta nazioa berdintzen baziren, Birjaiokundea pasa eta, berdinketa hori XVII. mendean hizkuntzaren jeinu eta jeinu (izpiritu) nazionalarena legez egiten zela, aski goiz konstatatzen da. 1615 aurrekoa da edonola ere pasarte hau, E. Pasquier-ena (1529-1615): "Or aduient-il ordinairement que nos langages tant en particulier comme en general, accompagnent la disposition de nos esprits... Ainsi voyez-vous entre nous autres François, le Normand assez aduisé en affaires trainer quelque peu sa parole...: et l'Espagnol haut à la main produit un Vulgaire superbe et plain de piaffe. [Volksgeist - Herri gogoa. Ilustraziotik nazismora, Joxe Azurmendi (Elkar, 2007; Orr.: 43)]

Beheko adibidean zati zabalagoa falta zaigu testuak nola jarraitzen duen jakiteko, baina garbi antzematen da gaia zabaltzeko bidea hartu duela:

(3.3)

Jengibreak giltzaduretako hantura gutxitzen laguntzen du, eta te berdeak, berriz, kartilagoetako mina murrizten du, belauneko minez bazaude batez ere Giltzaduretan oinazea sor dezaketen aldagaien zerrenda luzea da. Edonola ere, badira jarraitu beharreko gomendio orokor batzuk, giltzadurak ahalik eta modu onenean zaintzeko [IZENBURURIK GABE, JABIER AGIRRE, 2011-01-25]

Predikazioa komentatu:

Iruzkin bat egiten du aurreko proposizioaren gainean:

(3.4)

Hori bai, albistea zabaldu bezain pronto gobernuak atzera egin zuen, eta neurri polemiko hori dokumentutik ezabatu egin zuen. Toledoko Itunean eta gizarte elkarrizketaren bidez adostu nahi den proposamena joan den ostiralean aurkeztu zena izango dela ziurtatu zuen De la Vegak, Patxi Lopez lehendakariarekin izan zuen bileraren ondotik. Ministro Kontseiluak onartu zuen proposamen horretan ordaina kalkulatzeko epea zabaltzeari atea irekitzea, urte kopuru zehatzik finkatu gabe. Edonola ere, onartu nahi den moldaketa defendatu zuen [«Interpretazioak» gaitzetsi ditu De la Vegak, ERREDAKZIOA, 2010-02-05]

(3.5)

«Zer deritzo Gobernuak Iraken dagoeneko 3.000 soldadu hil izanari?», galdetu zioten atzo Etxe Zuriko eledun Scott Stanzeli. «Presidenteak ziurtatuko du haien sakrifizioa alferrikakoa ez izatea», erantzun zuen horrek. George Bush presidenteak ez du zenbakia aipatu. Izan ere, datozen asteetan Irakera beste 20.000 soldadu inguru bidaltzeko asmoa du Washingtonek. Ez dago argi, edonola ere, soldadu horiek nondik aterako dituen [Irak,, EDU LARTZANGUREN, 2007-01-02]

Ustezko iritziei aurre hartu*:

Aurreneko enuntziatuan azaltzen diren gertakarietatik atera dezakegun ondorioa ez da hor amaitzen, badago oraindik ere zer azpimarratu. Bigarren zatiak edo birformulazioak osatu egiten du aurrenekoa, informazio gehiagarria eskainiz eta ondorioak ateratzeko hura ere kontuan hartu behar dela adieraziz.

(3.6)

Gonzalo Saenz de Samaniegok agerraldian jakinarazi zuenez, bide beretik segitzeko asmoa dute Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailean. Hots, beste herrialde batzuekin itunak lortzeko ahaleginak egingo dituzte, «arrantzaleen baldintzak hobetu ahal izateko». Orain Brasilekin hartu-emanetan ari da departamentua. Besteak beste, garapenerako laguntza ere izango litzateke, Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek Brasilgoak trebatzeko. Edonola ere, orain arte ez da inolako akordio ofizialik sinatu Brasilgo Gobernuarekin. [Mauritaniarekin arrantza ituna «indarrean» dago, IVAN SANTAMARIA, 2004-02-19]

Ahots ezberdinak testura ekarri:

Aurreko formulazioan azaltzen den gertakariari iruzkinak egiteko besteen ahotsak erabiltzen dira:

(3.7)

Iazko urrian, hain zuzen, dalai-lamarekin biltzeko aukerari uko egin zion Obamak, Txinari luzatutako keinu legez. Ostera, ordea, delegazioa bidali zuen Tibetera eta dalai-lamarekin biltzeko konpromisoa onetsi zuen. Dalai-lamak AEBetara bidaia egiteko asmoa iragarri du orain, eta batzarra egiteko baliatuko ote duen beldur da Pekin. Tibeteko ordezkariek otsailaren 16rako ezarri dute bilkurarako, baina Washingtonek «une egokiaren» zain daudela esan du. Edonola ere, balizko bilkurak bi potentzien arteko konfiantza eta kooperazioa arriskuan jarriko lukeela dio Txinak [AEBen jarrerak harremanak zailduko dituela ohartarazi du Txinak, AINARA RODRIGUEZ, 2010-02-03]

(3.8)

Era berean, erretiro aurreratuak mugatzea babestuko luke. Aukera hori aztertzen ari da Espainiako Gobernua ere. Espainiako gizarte elkarrizketan dauden sindikatuen artetik, CCOOk ez zuen erretiroa hartzeko adina luzatzeari buruz iritzirik eman. Sindikatu horren ustez, gaia eragileen negoziazio mahaira eta Toledoko Itunaren batzordera eraman behar daEdonola ere, pentsioen inguruko eztabaida diru sarrerak indartzeko egin behar dela adierazi zuen CCOOk [PSOEk amore eman, eta erretiroa hartzeko adin ofiziala atzeratuko du, IVAN SANTAMARIA, 2010-01-29]

(3.9)

Datua ona dela ziurtatu zuen Rojok, beste aurrezki kutxa gehienetan bilakaera okerragoa izan delako. Errentabilitate, kaudimen eta berankortasun aldetik ere Vital Kutxa onenetakoen artean dago. 2010a «oso urte zaila» izango dela uste du Rojok, langabeziak maileguen berankortasuna handituko duelako, eta kontsumoa gutxitu. Interes tasek bere horretan geratzeko itxura dutenez, kutxaren irabazi marjinak ere estuak izango dira. Edonola ere, Vital Kutxa erronkari aurre egiteko indartsu dagoela ziurtatu du Rojok [Kutxen despolitizazioa eskatu du Rojok, Lazkoz kontseiluan sartu bezperan, ERREDAKZIOA, 2010-03-30]

Konklusio gisa:

Kasu honetan konklusio balioa bereganatzen du; ez du kontraesateko aukerarik eskuratzen.

(3.10)

Taldea bera arduratu da nahasketak, konponketak eta diseinua egiteaz. Hala, euren lanaren dualtasuna adierazi ahal izan dute, musika eta irudia uztartzen dituena. EUSKARAREN INGURUKO HAUSNARKETA. Mokauadiskoa lasai hasten da, eta musikak jo ahala gogortzen doa. Lanak bildu dituen 11 abestietako batzuk berriak dira; besteak, ordea, Logela Multimediarekin egindako lanen moldaketak dira. Edonola ere, kantetan hitzek dute garrantzia [Musika eta irudia elkartzen direnekoa, MAITE ASENSIO, 2007-01-02]

(3.11)

Beste modu batera esanda, hizkuntzarekiko afektu edo maitasunak irakurketa-prozesua baldintzatzen duela. Hunkitze hori, bada, ez dagokio soilik afektu-eremuetan sorturiko egoerei, baizik eta hunkitze hori euskarazko hitz orori lotua dela. Nolabait maitasun lotura horretara errenditzen da testuarekiko lotura, eta hunkitze horrek mezuaren distortsioa dakar. Komunikazioaren galera. Edonola ere, ez dut argi ikusten zergatik Zalduak lotu duen itzulpen mota horren goraldia eta militante horien gainbehera [IZENBURURIK GABE, IRATXE RETOLAZA, 2010-02-14]

(3.12)

«Euskal Herriaz hitz egiten denean terrorismoagatik edota alderdi negatiboengatik ez, baina errespetuaren alde lan egiten dugulako gogora gaitzaten ari gara lanean». Ez daki ekitaldia zenbateraino izango den erakargarri, eta ez daki zenbat jende bilduko den ere, baina jende gutxi joateari ez dio beldurrik. «Ni oso handinahikoa naiz, baina prestatuta nago hamar bisitari soilik hartzeko ere. Edonola ere, zerbait handia izango da [Loiola, errespetuaren gotorleku, LIERNI ALKORTA, 2007-06-30]

(3.13)

MARIA LUISA.- Jakin dugu Mimirena, bai. Deabrua bera baino gaiztoagoa da neska hori.
IMANOL.- Tira, Maria Luisa. Ikertzen ari dira oraindik ere. Oraingoz ezin dugu ezer ziurtatu.
KOLDO.- Bai. Niri ere kostatzen zaidak Mimi erruduna dela sinistea. Edonola ere, frogak, frogak dituk. [Goenkale Corpusa: 2382 atala, Aurrez aurre - Sek.: 7 ]

Desadostasuna edo gaitzeste kutsua erakutsi:

Esaten denarekiko posizio ezberdinak markatzeko eta aldeak intensifikatzeko erabiltzen da.

(3.14)

1916an, erlatibitate orokorrari buruzko artikuluan, baietsi zuen bazela "gutxieneko arbitrariotasun bat ekuazio horiek hautatzean", horiexek baitziren funtsean grabitazio-eremuen bigarren mailako ekuazio diferentzial partzial posible bakarrak grabitazioaren eta inertziaren baliokidetasun-printzipioarekin bateragarri zirenak. Edonola ere, artikulu hartan behinik behin, Einsteinek ez zuen ahaleginik egin azaltzeko zergatik izan behar zuten ekuaziook bigarren mailakoak [Eder behar du, Graham Farmelo / Fernando Morillo (EHU, 2009; Orr.: 449 )]

(3.15)

Giza eskubideen urratzeak aztertzen dituen epaile batek hala eskatuta hartu du neurria Gobernuak, 1976. eta 1983. urte arteko diktadura garaian egin ziren gizadiaren aurkako krimenak aztertzeko. Garai hartan La Platako (Buenos Aires) espetxe batean egin ziren prozedurak aztertzen ari da epailea; gaiak duen garrantziagatik eta ikerketak aurrera eraman ahal izateko, informazio ugari behar dela ziurtatu du Fernandezek; hori dela eta, dokumentuak desklasifikatzeko lege prozedura erabili eta dekretu bidez hartu dute erabakia. Edonola ere, dekretutik kanpo geratu dira Argentinak 1982an Erresuma Batuaren aurka egin zuen gerra, eta sekretupean diren estrategia militarraren hainbat datu [Argentinako diktadura garaiko agiriak desklasifikatzea agindu du Gobernuak, AINARA RODRIGUEZ, 2010-01-07]

(3.16)

Inportazioak gehiago hazi dira inportazioak baino. BILBO. Euskal Autonomia Erkidegoaren Espainiatik kanporako esportazioak %22,1 hazi ziren urtarriletik azarora bitartean. Inportazioak pixka bat gehiago handitu ziren, %22,9 hain zuzen ere. Lurraldeka, ordea, bada alderik: Bizkaian %34,8 handitu dira esportazioak eta %25,2 inportazioak. Edonola ere, Bizkaiak merkataritza saldo negatiboari eusten dio [IZENBURURIK GABE, SINADURARIK GABE, 2011-01-25]

Justifikazioa:

Aurreko enuntziatuan agertzen den gertakari baten gaineko justifikazioa edo zuriketa egiten du:

(3.17)

Joan den astean Badiolaren baldintzak onartzen zituela, eta jokalariek hala eskatuta geldituko zela ziurtatu zuen, fitxaketetan erabakitzerik izango ez zuen arren. Bere hitza ez du inolaz ere bete. Salva Iriarteren kaleratzearen ondorioa izan daiteke, akaso, edota jokalari berriak zelairatzeko presioen beldur dela eta bere lanean esku-hartzerik ez duela nahi. Edonola ere, onartu behar da bere lanean koherentea izan dela, ondradua dela erakutsi duela, eta duintasunez esan duela agur [Agur isila, XABIER LOPETEGI, 2008-01-17]

Kontrastea:

Aurretik azaltzen den egoeratik atera daitekeen inferentzia mugatzen du eta formulazio bien arteko kontrastea geratzen da nabarmendtuta.

Distantzia ageri da aurreko enuntziatutik atera daitekeen inferentziaren eta birformulazioan esaten denaren artean.

(3.18)

Garaje punk ildoko doinu eta soinuarekin The Hives, Wolfmother edo Mando Diao banden tankerako estiloa jorratze dute Rock And Roll Soldiersekoek. Formazioa hirukotea den arren (gitarra, baxua eta bateria), Europako bira egiteko taldea laugarren kide batekin osatzea erabaki dute. Diskoaren kantuak soinu irmoagoan interpretatu nahi dituzte zuzeneanEdonola ere, doinu gogorreko taldea da [IZENBURURIK GABE, X.M, 2008-01-17]

(3.19)

Besteak beste, Espainiako hezkuntza sistemari «egonkortasuna» ematea da hezkuntzako itunaren helburua, estatu gobernu aldaketen ondoren bultzatutako etengabeko erreformek eragin duten desoreka zuzentze aldera. Eskola porrota murriztea eta gaitasunen bidezko hezkuntza indartzea ere aurreikusi du ministroak. Funtsean, PSOE eta PP ari dira ituna negoziatzen; hain justu, «curriculum bakarra duen hezkuntza sistema nazionala» sortzeko asmoa iragarri du PPk. Edonola ere, autonomia erkidegoetako gobernuek dauzkate hezkuntzaren arloko eskumen gehienak, curriculumaren zati bat xedatzearena, tartean [Tokiko hezkuntza legeak Madrilen berresteko eskatu du Gabilondok, MAITE ASENSIO, 2010-01-28]

(3.20)

Kontsolamendu bakarra da azken hilabeteotan atal batzuen produkzioa pixka bat hazi dela. Industriaren eskarien jaitsierak antzera eragin die hiru lurraldeei, baina zertxobait gehiago Arabari: %23,1 jaitsi da ekoizpena, Mercedesek 2009an izan zuen produkzio jaitsiera handiari lotuta ziur asko. Gipuzkoan %20,9 murriztu da, eta %19,9, berriz, Bizkaian. Edonola ere, Araban bilakaera hobea izan da urte amaieran: abenduan, 2008arekin alderatuta, %8,6 handitu da industria produkzioaren indizea [Industriaren ekoizpena %20,9 txikitu da 2009an EAEn, I.ARANBURU, 2010-02-05

(3.21)

Lekua, institutuko jolaslekua. Eskolak amaitzean. Iturriaren ondoan geunden geratuta, eta Arantxa ni baino lehenago heldu zen hara: seinale ontzat hartu nuen, nahiz eta, egia osoa esateko, ni beti berandu iristen naizen enkontruetara; halakoa naiz. Edonola ere, oso oker nengoen. Ezetz esan zidan. Ezinezkoa une hori ahaztea: ondo oroitzen naiz egunaz, gainera, goiz hartan hileta izan zelako institutuaren aurrean, Gobernu Zibileko patioan, eta Calvo Sotelo presidentea ikusi genuelako. [Etorkizuna, Iban Zaldua (Alberdania, 2005; Orr.: 12)]

Xehaztapen bat sartzeko:

Birformulazioak aurreko formulazioan agertzen den informazioa osatzen du. Nabarmentzen duen informazioa garrantzizkoa da aurreneko enuntziatuan esaten dena bere osotasunean ulertzeko.

(3.22)

Hego Euskal Herria kontuan izanda, 27.000 biztanle gehiago izango dira hamar urte barru Espainiako Estatistika Institutuaren azterketaren arabera, %0,98 gehiago. INEk azaldu duenez, lehen aldia da etorkizuneko aurreikuspenetan oinarritutako horrelako azterketa egiten duena. Horretarako, osagai demografiko oinarrizkoak aztertu dituztela adierazi dute: heriotza kopurua, jaiotza kopurua eta migrazioa. Azterketaren arabera, Hego Euskal Herrian 2018an milioi bat biztanle gehiago izango dira 1960an baino. Hazkunderik handiena, edonola ere, 1960tik 1975era gertatu zen [Nafarroak Gipuzkoak adina biztanle izango ditu hamar urteren buruan,IÑAKI PETXARROMAN, 2009-01-22]

4. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: enuntziazioa

Birformulazioak aldaketa bat erakusten du aurreko formulazioarekiko. Zentzu berria ematen dio aurreneko formulazioari.

5. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: informazioa

Hizketagaiaren gaineko zehaztasunen bat edo informazio gehigarriak emateko erabil daiteke.

Hizketagaia berriak sartzeko ere balio du.

6. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: argumentazioa

Enuntziatu batean azaltzen diren gertakizunekiko edo esaten denarekiko desadostasuna adierazteko birformulazio bati zabal diezaioke bidea.

Zenbaitetan, konklusio gisa erabilita, bidea ixten dio kontraesateko aukerari.

7. aurkibidera joan Forma eta jatorria

EDONOLA aditzondo konposatua (EGLU I, 316 or.) + ERE emendiozko lokailua

Edonola: edo + nola Galdekariei zenbait lexema erantsiz -edo-, -bait, -nahi, i-, (e-) aditzondo konposatuak sortzen dira, edonor, norbait, nornahi eta inor izenordainen pareko.

Ere lokailu hau, kategoriari dagokionez, aditzondoa dela esan daiteke, lokailu bezala erabiltzen duguna, solas mailan bi esaldiren artean nolabaiteko erlazioa eta lotura gertatzen dela adierazten diguna.

Balioaren aldetik, esan dezagun lokailu honek zabaldu egiten duela perpausaren erreferentzia-mundua,

8. aurkibidera joan Aldaerak

EDOZELAN ERE

[ELHUYAR]

de cualquier forma/manera/modo, de todos modos, de todas formas/maneras; sea como fuere

Edozelan ere, ez zinateke oso urrutira iritsiko: de todas maneras, no llegarías muy lejos.

[HIZTEGI BATUA]

edozelan adlag. Bizk.edozelako izlag.edozelan ere 'nolanahi ere, edonola ere'

[SINONIMOAK UZEI]

edozelan adlag. Bizk.

edonola, hola-hola, huts edo bete, nolanahi, hala-hola Ipar., huts ala kausi Ipar., nolanahika Ipar./Naf.

lok. Bizk.

alabaina, alta bada, betiere, dena dela, dena den, edonola ere, edozeinetara ere, guztiarekin ere, haatik, hain zuzen ere, hala ere, hala eta guztiz ere, halere, hargatik, hartakotz, horratik, horregatik, inolaz ere, nolanahi ere, nolanahi ere den, zer gerta ere, zernahi gisaz, bizkitartean Ipar., halarik ere Ipar., hortakotz Ipar., nolanahi den Ipar., nolanahi dela Heg., nolanahi dela ere Heg., edozertara ere Bizk., alta Ipar./Naf., berdin Ipar./Naf., alabadere Zub., berain Zub., guztiaz ere zah., badarik Ipar. zah.

[OROTARIKO EUSKAL HIZTEGIA]

EDOZELAN ERE (edozelan be V-arr; edozela be V-gip). Ref.: Gte Erd 193; Elexp Berg (edozela). a) (Con sentido adversativo). De cualquier modo, sea como fuere. "Akerra saltsan ipiñi ei zeben baiña edozela be etzan kuriosua egongo" Elexp Berg. Ta bai bakarrik alkanzau leiz, edozelan bere, Jangoikoaganik mesederen batzuk. CatLlo 53. Edozelan be, abadeak egindako itz neurtuak ereztuteari obeto deritxot. Ag Kr 98. Edozelan be, i ezintzake iñoiz ezer ixango, ta Midaren beraren urre gustijakaz jantziko baintz be. Otx 120s. Baña edozelan be, gizartekeriari jakintza usaindun oñarririk igaro dan gizaldirarte iñok ez eutsan ipiñi. Eguzk GizAuz 16. Edozelan ere, bien amesa beteterik ez egoan. Erkiag Arran 129. v. tbn. Kk Ab I 24.

b) De ningún modo (?). Elizeak asmetan dituz fedeko edo sinisteko egia barriak? Ez, edozelan bere: egiten dabena da, argitu edo azaldu Jaungoikoak agerturiko egien artian aurkituten diran egia sinisturikoak. Itz Azald 50.

http://www.euskaltzaindia.net/index.php?option=com_oeh&Itemid=413&lang=eu&sarrera=EDOZELAN&view=frontpage&xeh=2

EDONOLA

(8.1)

Tarte horretan ahotsa entzun nuen beste bizpahiru aldiz, eta guztiz familiarra izanagatik, ezin izan nuen asmatu nor zen bere jabea; agian familiartasun hori bera zela kausa, zergatik ez nekiela (edo bai: familiarra izanagatik ezezaguna zelako), ahots horrek areagotu egiten zuen esnatu nintzenetik nire baitan sentitzen nuen sentimendu apartekoa, ohi ez bezalakoa, estrainioa, eta hortaz, apur bat beldurgarria ere. Edonola, jakinmina edozein beldur baino ernagarriagoa egin zitzaidan, eta laster nengoen aldameneko gelara sartzeko gertu. Zer nolako agurra edo sarrera-hitzak esan nitzakeen pentsatu nuen, baina horiek etorri berriaren araberakoak izango baitziren, halabeharrez, intrigaturik abiatu nintzen, urdailean xinaurriak zebilzkidala. Sartu eta lehenengo inpresioa zaplaztekoa bezalakoa izan zen. [Erretzaileen eremua, Jon Alonso (Susa, 2006; Orr.: 70 )]

Kasu honetan, ohikoa ez den formarekin agertzen zaigu birformulatzaile markatzaile hau.

Aurretik esaten dena ez da oztopoa, eta enuntziatu horrekiko indiferentzia adierazten duen arren, zentzu osoa antzemateko beharrezkoa da birformulazioan esaten denari erreparatzea.

9. aurkibidera joan Baliokideak

DENA DEN, DENA DELA

10. aurkibidera joan Euskal gramatikak

Aurkaritzako lokailua (EGLU III, 1990:116).

Bi perpaus elkarrekin lotzen dituen gailu gramatikala, perpaus elkartu bat sortzen duena, eta bigarren perpausak aurrekoarekiko duen kontraste loturako erlazioa adierazten duena.

11. aurkibidera joan Euskal hiztegiak

[OROTARIKO EUSKAL HIZTEGIA]

http://www.euskaltzaindia.net/index.php?option=com_oeh&view=frontpage&Itemid=413&lang=eu

Ez da agertzen

[EUSKALTZAINDIAREN HIZTEGIA]

Ez da agertzen

[EGUNGO EUSKARAREN HIZTEGIA]

http://www.ehu.es/eeh/cgi/bila?z=edonola

Ez da agertzen

[ELHUYAR HIZTEGIA]

http://www.elhuyar.org/hizkuntza-zerbitzuak/ES/Consulta-de-diccionarios?edozer=ehunekoa&nondik=eusk&txtHitza=edonola&mota=azpisarrera&term_hizkuntza=E&chkHizkuntzaG=gazt&chkHizkuntzaF=&chkHizkuntzaI=&hizk=G&azpisar=edonola+ere&ssort=edonola#aukera

edonola ere

Edonola ere, ez genukeela egin behar uste dut: aun así, creo que no deberíamos hacerlo.

[HIZTEGIAN SINONIMO GISA AGERTZEN DIRENAK]

http://www.uzei.com/estatico/sinonimos.asp?sesion=1&sarrera=edonola%20ere&eragiketa=bilatu

edonola ere lok.

alabaina, alta bada, betiere, dena dela, dena den, edozeinetara ere, guztiarekin ere, haatik, hain zuzen ere, hala ere, hala eta guztiz ere, halere, hargatik, hartakotz, horratik, horregatik, inolaz ere, nolanahi ere, nolanahi ere den, zer gerta ere, zernahi gisaz, bizkitartean Ipar., halarik ere Ipar., hortakotz Ipar., nolanahi den Ipar., nolanahi dela Heg., nolanahi dela ere Heg., edozelan ere Bizk., edozertara ere Bizk., alta Ipar./Naf., berdin Ipar./Naf., alabadere Zub., berain Zub., guztiaz ere zah., badarik Ipar. zah.

12. aurkibidera joan Posizioa

Batez ere, birformulazioaren hasiera-hasieran:

(12.1)

Gonzalo Saenz de Samaniegok agerraldian jakinarazi zuenez, bide beretik segitzeko asmoa dute Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailean. Hots, beste herrialde batzuekin itunak lortzeko ahaleginak egingo dituzte, «arrantzaleen baldintzak hobetu ahal izateko». Orain Brasilekin hartu-emanetan ari da departamentua. Besteak beste, garapenerako laguntza ere izango litzateke, Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek Brasilgoak trebatzeko. Edonola ere, orain arte ez da inolako akordio ofizialik sinatu Brasilgo Gobernuarekin [Mauritaniarekin arrantza ituna «indarrean» dago, IVAN SANTAMARIA, 2004-02-19]

(12.2)

Tarte horretan ahotsa entzun nuen beste bizpahiru aldiz, eta guztiz familiarra izanagatik, ezin izan nuen asmatu nor zen bere jabea; agian familiartasun hori bera zela kausa, zergatik ez nekiela (edo bai: familiarra izanagatik ezezaguna zelako), ahots horrek areagotu egiten zuen esnatu nintzenetik nire baitan sentitzen nuen sentimendu apartekoa, ohi ez bezalakoa, estrainioa, eta hortaz, apur bat beldurgarria ere. Edonola, jakinmina edozein beldur baino ernagarriagoa egin zitzaidan, eta laster nengoen aldameneko gelara sartzeko gertu. Zer nolako agurra edo sarrera-hitzak esan nitzakeen pentsatu nuen, baina horiek etorri berriaren araberakoak izango baitziren, halabeharrez, intrigaturik abiatu nintzen, urdailean xinaurriak zebilzkidala. Sartu eta lehenengo inpresioa zaplaztekoa bezalakoa izan zen. [Erretzaileen eremua, Jon Alonso (Susa, 2006; Orr.: 70) ]

Birformulazioaren erdian, koma artean:

(12.3)

Kaleratze kolektiboek enpleguan izango duten ondorioak ere aurreikusi zituen, langabezia %6 edo %7ra ere heldu daitekeela esanda. Enplegua erregulatzeko dosier gehienak, %96,2 Hegoaldean, langileen ordezkaritzarekin adostu ondoren aurkeztu zituzten enpresek Nafarroako eta EAEko Lan Agintaritzetara. Azkarragak, horren harira, sindikatuek egindako kritikak «gezurra» direla esan zuen. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoko planen %92k sindikatuen oniritzia izan zutela gogorarazi zien, dosierrak «errazegi onartzen» direla ukatzeko. Krisialdiaren eraginak, edonola ere, Nafarroako enpleguari egin dio kalterik handiena Hego Euskal Herrian [Dosierra jasandakoak %352 gehiago dira EAEko industrian, MIKEL ARRAMIÑANA, 2009-01-23]

Zuzen-zuzenean BAINA juntagailuaren ondoren:

(12.4)

Horregatik, euskal kultura diogunean euskararen inguruan ardazten den kulturaz ari gara. Baditu aukera honek ere bere arazoak. Baina, edonola ere, analitikoki disfuntzionalagoa da cultura vasca kontzeptu territorialean nahastea batetik munduko hizkuntza komunitate zaharrenetakoa, txikia, bizi-kinkan dagoena, eta bestetik hainbat kontinentetan milioika hiztunek hitz egiten dituzten bi hizkuntza komunitate. Bortxatua da, zentzu horretan, literatura vascaz hitz egitea, adibidez, lurralde fisiko-politikoa hartuz horretarako patroi. [Bat-bateko bertsolaritza, J. Garzia / A. Egaña / J. Sarasua (Bertsozale Elkartea, 2005; Orr.: 35)]

13. aurkibidera joan Puntuazioa

Puntu edo puntu eta komaren ostean eta jarraian koma duelarik:

(13.1)

Erresuma Batuko soldaduek auzirik gabeko kartzelatzeak egiten hasi zirenenean gertatu zen Ballymurphyko sarraskia, Igande Odoltsua baino sei hilabete lehenago; 1971ko abuztuaren 9an, 10ean eta 11n, paraxutistek hamar gizon eta emakume bat hil zituzten. Dozenaka herritar ere atxilotu zituzten egun horietan komunitate nazionalistan. Ballymuprhyko inguruetara, esaterako, 600 soldadu baino gehiago bidali zituen armada britainiarrak. Edonola ere, Ballymurphiko hilketak ez dira Derrykoak bezain ezagunak [IZENBURURIK GABE, A. ALVAREZ, 2011-01-30]

Koma artean:

(13.2)

Tira, zergatik ez dugu kontu hori ahazten eta afaltzeko zer jango dugun erabakitzen? Txerri-txuletak ogi arrailetan pasatuak erabaki genuen -beraren espezialitatea, esan zuenez-, patata purearekin eta anana eta gazta entsaladarekin. Afaria prestatzen hasteko artean goiz zenez, edonola ere, besterik egiten hasi zen eta ni aldagelara joan nintzen, argazki-gelatzat erabiltzeko prestatua nuenera. Hogei bat minutu geroago ate joka nuen, nire laguntza behar zuela ohea lehenean jartzen asmatuko bazuen. Uzteko ohea bere horretan eta aldagelako atea itxita edukitzeko esan nion. [Amorruaren ume, Jim Thompson / Miel Anjel Elustondo (Igela, 2009; Orr.: 194)]

Birformulazioaren amaieran, koma aurretik dela:

(13.3)

Azkenean soinu edo hitz edo dena delako horiek grabatu eta Iñigo nire lagunari eramango nizkiola erabaki nuen: filologoa da, eta hizkuntza asko daki. Nire eskaerak harritu egin zuen (ez nion azalpen handirik eman), baina zinta entzungo zuela agindu zidan. Biharamunean deitu zidan: "Alemana dela esango nikek, baina oso aleman arraroa, edonola ere. Yiddisha, agian; badakik: ekialdeko juduen dialektoa. Baina ez diat gauza handirik ulertu". Aparatua kaxa baten barruan eman zigutela gogoratu nuen orduan, eta, bizkor, argibideen papera eskuratu nuen. [Itzalak, Iban Zaldua (Erein, 2004; Orr.: 16) ]

Puntuazio ikurrik gabe:

(13.4)

“Les Allemans ont une langue rude et grossiere; les Italiens en ont une molle et effimininée, selon le temérament et les moeurs de leur païs". Erdi Aroan hizkuntza eta nazioa berdintzen baziren, Birjaiokundea pasa eta, berdinketa hori XVII. mendean hizkuntzaren jeinu eta jeinu (izpiritu) nazionalarena legez egiten zela, aski goiz konstatatzen da. 1615 aurrekoa da edonola ere pasarte hau, E. Pasquier-ena (1529-1615): "Or aduient-il ordinairement que nos langages tant en particulier comme en general, accompagnent la disposition de nos esprits... Ainsi voyez-vous entre nous autres François, le Normand assez aduisé en affaires trainer quelque peu sa parole...: et l'Espagnol haut à la main produit un Vulgaire superbe et plain de piaffe. [Volksgeist - Herri gogoa. Ilustraziotik nazismora, Joxe Azurmendi (Elkar, 2007; Orr.: 43)]

Juntagailutik komaz bereizita:

(13.5)

Rutherford-ek biologia-zientziari - eta, harekin batera, fisikari ez beste zientzia guztiei noski - erakutsitako mespretxua, zigilu-bilduma egitearen pareko iritzirik, txantxetan egindako arbuioa zatekeen, baina haren oihartzunak ez dira oraindik isildu: arazo biologikoak errazak direla uste izatera eramaten dute, edo, edonola ere, garunaren ahalmen teknikoa bizkortasunez aplikatuz konpon daitezkeela uste izatera. [Giza gorputza lanean, John Lenihan / Irene Aldasoro (EHU, 2006; Orr.: 268)]

14. aurkibidera joan Sintaxia

BAINA, EDONOLA ERE

BAINA juntagailu adbertsatiboaren ondoan ager daiteke, aurkaritza zuzena adierazteko:

(14.1)

Horregatik, euskal kultura diogunean euskararen inguruan ardazten den kulturaz ari gara. Baditu aukera honek ere bere arazoak. Baina, edonola ere, analitikoki disfuntzionalagoa da cultura vasca kontzeptu territorialean nahastea batetik munduko hizkuntza komunitate zaharrenetakoa, txikia, bizi-kinkan dagoena, eta bestetik hainbat kontinentetan milioika hiztunek hitz egiten dituzten bi hizkuntza komunitate. Bortxatua da, zentzu horretan, literatura vascaz hitz egitea, adibidez, lurralde fisiko-politikoa hartuz horretarako patroi. [Bat-bateko bertsolaritza, J. Garzia / A. Egaña / J. Sarasua (Bertsozale Elkartea, 2005; Orr.: 35 )]

Adibide horretan, “BAINA, EDONOLA ERE” erabilita enuntziatuari orientazio berri bat ematen zaio, kasu honetan kontrastea adierazteaz gain, aurreko formulazioak biltzen duen edukiaren gaineko gaitzeste bat ere badago; BAINA erabilita indar argumentatiboa areagotzen da.

BAINA , EDONOLA ERE.

BAINA juntagailuarekin konbinazioan ager daiteke, baina juntagailua hasieran dela eta EDONOLA ERE lokailuan amaieran dela.

(14.2)

Azkenean soinu edo hitz edo dena delako horiek grabatu eta Iñigo nire lagunari eramango nizkiola erabaki nuen: filologoa da, eta hizkuntza asko daki. Nire eskaerak harritu egin zuen (ez nion azalpen handirik eman), baina zinta entzungo zuela agindu zidan. Biharamunean deitu zidan: "Alemana dela esango nikek, baina oso aleman arraroa, edonola ere. Yiddisha, agian; badakik: ekialdeko juduen dialektoa. Baina ez diat gauza handirik ulertu". Aparatua kaxa baten barruan eman zigutela gogoratu nuen orduan, eta, bizkor, argibideen papera eskuratu nuen. [Itzalak, Iban Zaldua (Erein, 2004; Orr.: 16)]

ETA EDONOLA ERE

ETA juntagailuarekin konbinazioan ager daiteke.

(14.3)

Hau guztia oso zentzugabea zen, "garbi baitzegoen emakume haiek ez zirela bahituak izango beraiek nahi izan ez balute", eta edonola ere Parisek huts egingo zuen bere andrea etxera ekartzen; zeren eta, halaber, garbi baitzegoen troiarrek itzuliko zuketela, hori egiteko moduan egon izan balira, hamar urteko setiaketa jasan ordez. [Historiaren azterketa II, A.J. Toynbee / Iñaki Mendiguren (Klasikoak, 2000; Orr.: 243)]

Goiko adibidean birformulazioak dakarren gaitzeste kutsua areagotuta geratzen da ETA juntagailuaren laguntzaz.

EDO EDONOLA ERE

EDO koordinazio juntagailu hautakariarekin konbinazioan ere aurkitu dugu, gutxitan baldin bada ere.

(14.4)

Rutherford-ek biologia-zientziari - eta, harekin batera, fisikari ez beste zientzia guztiei noski - erakutsitako mespretxua, zigilu-bilduma egitearen pareko iritzirik, txantxetan egindako arbuioa zatekeen, baina haren oihartzunak ez dira oraindik isildu: arazo biologikoak errazak direla uste izatera eramaten dute, edo, edonola ere, garunaren ahalmen teknikoa bizkortasunez aplikatuz konpon daitezkeela uste izatera. [Giza gorputza lanean, John Lenihan / Irene Aldasoro (EHU, 2006; Orr.: 268)]

Kasu honetan EDO lokailuak ez du benetako kontrastea ezartzen aurreneko enuntziatuaren eta bere birformulazioaren artean. Aurreko enuntziatuarekiko indiferentzia adierazten du, baina era berean harengandik urrundu gabe. Birformulatzaile parafrastikoengandik gertuago egongo litzateke. EDO juntagailuak EDONOLA ERE lokailuaren indar birformulatzailea neutralizatzen du. Adibide horretan EDONOLA jarri beharrean BESTE MODU BATERA ESANDA jarriko bagenu, zentzua ez litzateke aldatuko. Beraz, hirukote hau az dela benetako birformulatzaile urruntzailea esango genuke.

15. aurkibidera joan Maiztasuna

Bere baliokideak diren DENA DEN, DENA DELA markatzaileak baino maiztasun txikiagoarekin agertzen da. Corpusaren arakatzaileak ematen dituen datuen arabera, Pentsamenduen Klasikoen corpusean eta prentsan du agerpenik handiena.

 agerpenakmaiztasuna
(100.000ko)

A1. ZIO corpusa

8

0.80

A2. EHUko eskuliburu itzuliak

276

5.01

A3a. Zuzenbidea / lege-testuak

195

4.75

A3b. Zuzenbidea / akademikoak

275

11.00

A4. Pentsamenduaren Klasikoak

339

3.16

B1a. EPD liburuak

233

2.28

B1b. EPD prentsa

361

3.43

B2. ZT Corpusa

208

3.15

C1. ETBko dokumentalak

3

0.60

C2. Goenkale corpusa

52

0.47

denera

1950

3.11

 agerpenakmaiztasuna
(100.000ko)

jatorrizkoak

1010

2.82

itzulpenak

940

3.49

16. aurkibidera joan a. Testu Mota
b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...)
c. Idatzia/ahozkoa

Sarri agertzen da sarean kontsulta daitezkeen corpusetako testuetan: literatura, ZIO, prentsa, Goenkale, eta abar.

Ohikoa da idatzian eta ahozko solasaldietan ere.

17. aurkibidera joan Erdal baliokideak

http://www.elhuyar.org/hizkuntza-zerbitzuak/ES/Consulta-de-diccionarios?edozer=ehunekoa&nondik=eusk&txtHitza=edonola&mota=azpisarrera&term_hizkuntza=E&chkHizkuntzaG=gazt&chkHizkuntzaF=&chkHizkuntzaI=&hizk=G&azpisar=edonola+ere&ssort=edonola#aukera

gaztelaniaz

[ELHUYAR]

de cualquier forma/manera/modo; aun así

Edonola ere, ez genukeela egin behar uste dut: aun así, creo que no deberíamos hacerlo.

ingelesez

[ELHUYAR]

anyway, anyhow

Edonola ere, ez genuke gertaera aipatu behar: anyhow, I don't think we should mention the fact.

frantsesez

[ELHUYAR]

vu que, et encore

18. aurkibidera joan Ez da diskurtso-markatzaile...

EDONOLA, aditzlaguna.

(18.1)

Eta, egia bada ere zimino bat ezagutzeko ez dugula zertan hil dadin arte itxaron, egia da orobat ziminoaren ezagutza zientifikoak azken batean haren disekzioa eskatzen duela. Hizkuntzak, bestalde, arbitrarioak dira. Edozein gauza edonola izenda genezake, ez dago ezinbesteko loturarik hitzaren eta gauzaren artean.35 Horren erruz tronpatzen gara (errare humanum est), baina horri esker dugu halaber naturaren aurrean nolabaiteko askatasuna. Naturak hein batean baino ezin baitiezaioke aurre egin giza aberearen adimenaren eta irudimenaren ahalari (eta alderantziz) . [Txillardegi eta ziminoa, Markos Zapiain (Susa, 2007; Orr.: 38)]

(18.2)

Tratatu honetan gorderik dagoen guztia ikasi nahi baduzu, ezer eskapatu gabe, honen kapituluak elkarrekin erlazionatu behar dituzu, eta kapitulu bakoitza irakurtzean ez duzu, soilki, beronen eduki nagusi hutsa ulertu behar, hizketaren segidan ageri den hitz bakoitzean sakontzea baizik, kapitulu horretako gai nagusiari ez balegokio ere. Izan ere, obra honetan ez naiz behin ere edonola mintzatu, zehaztasun osoaz eta egokitasun handiz baizik, eta ardura handia ukan dut ilunune bat bera ere argitu gabe gera ez dadin. Eta bere lekuan ez den zerbait esan bada, hori beste gauza bat bere egiazko tokian azaltzeko besterik ez da izan. [Alderraien gidaria, Mose ben Maimon / Xabier Kintana (Pentsamenduaren klasikoak, 2006; Orr.: 37)]

Kasu bakarretan aurkitu da EDONOLA bakarrik, ERE gabe.

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus