Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan

Mikel Iruskieta, Julio Garcia
BESTELA ESANDA

1. aurkibidera joan Saila > azpisaila

birformulatzailea > zuzentzailea

2. aurkibidera joan Balio oinarrizkoa

Bestela esanda birformulatzaile zuzentzailearekin aurreko enuntziatuan esandakoa edota adierazitakoa zuzentzen da. Gehienetan enuntziatzaile berak esandakoa zuzentzen du, baina diskurtso-markatzaile hori beste norbaitek esandakoa zuzentzeko ere erabil daiteke.

a) Adibide hautatua:

(2.1)

Eta heldu zion Gerardok Nataliari gerritik; ahalegindu zen mutila Natalia eramaten, pausoz pauso, berak zekien bezala... baina alferrik, Gerardok emandako pauso bakoitzari Nataliak bere balazta ezartzen baitzion: hots, bere kontrapausoa; kontrapauso haiek, haatik, ez ziren guztiz kontrakoak -bai norabidean, ez magnitudean-, edo, bestela esanda, mugimendu eta kontramugimendu haiek ez ziren, neurriaz denaz bezainbatean, simetrikoak, (...) [EPD lib. Bestea da mundua, Joan Mari Irigoien (Elkar, 2008) Orr.: 257]

Birformulakizuna

Kontrapauso haiek (...) ez ziren guztiz kontrakoak

Azalpena: atal birformulatzailea

bestela esanda, mugimendu eta kontramugimendu haiek ez ziren, neurriaz denaz bezainbatean, simetrikoak,

Diskurtsoan lehenago —birformulakizunean— adierazitakoa (kontrapauso haiek ez ziren kontrakoak) zuzentzen du atal birformulatuak (ez ziren simetrikoak); bi diskurtso-unitateen artean aurkako ikuspegitik birformulatzen duelako.

b) Adibide gehiago:

(2.2)

Atea zabaldu nionean irribarrea behartu zuen, indargea, bizi gabea. Besarkatu nuenean, oraindik senti dezaket, besoen artean eroriko zitzaidala pentsatu nuen, gorputz osoak dar-dar egin ziola begitandu zitzaidan. Ez zen Sofia. Edo, bestela esanda, ez zen hilabete batzuk lehenagokoa. Ez. Ezkon bizitzaz mintzatzen hasi zitzaidan, poz antzera. Baina ez zidan begietara begiratzen. Ez zuen adorerik. Lotsa zen. Nire ahizpak ezin zidan begietara so egin, nire aurrean lotsa zelako! Berehala lotu nuen egoera senarrarekin, eta ez nuela gezurrik entzun gura esan nion: "Niri kopla gutxi, Sofia! ". [EPD lib. Zureak egin du, Iñaki Friera (Susa, 2009) Orr.: 37

Ahozko diskurtsoa imitatzen duen Goenkale corpusean:

Birformulatzaile zuzentzailea beste pertsona batek esandakoa zuzentzeko ere erabili da ahoz esateko idatzi diskurtsoan.

(2.3)

SARA eta BEATRIZek topo egingo dute kalean, lanerako bidean.
SARA. - Egunon Beatriz! Zer hoa, lanera?
BEATRIZ. - Beharko! Eta hi?
SARA. - Ni ere bai. Elkarrekin joango gaitun bidegurutzeraino.
BEATRIZ. - Edo bestela esanda, elkarrekin egingo dinagu lanerako gurutzbidea!
BIEK barre egingo diote BEATRIZen ateraldiari. Gero hizketan hasiko dira, armonia onean.
SARA. - Hi, Bea, bortxatzailearen anaiarekin egin al dun berriz topo?
BEATRIZ. - Ez. Zorionez ez. Eta espero dinat ez gehiago begien bistan ikustea. [GOENKALE: 1287 atala, Izerditan blai Sek.: 3]

3. aurkibidera joan Balioak eta erabilerak

Ikusi Bestela esanda birformulatzaile esplikatiboa

4. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: enuntziazioa

Aurreko enuntziatuan zuzentzeko erabiltzen da batez ere.

5. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: informazioa

Esandakoaz edota esandakotik ulertu daitekeena baino pertinenteagoa da enuntziatzaileak birfomulakizunean esandakoa beronen komunikazio helburuetarako.

6. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: argumentazioa

Bestela esanda birformulatzaile zuzentzailearekin bigarren diskurtso-unitateak lehenagoko diskurtso unitatean (enuntziatzaile berak edota beste enuntziatzaileren batek) aurkezturiko edukia zuzentzen du, ñabardura bat emanez edota kontrakoa adieraziz.

7. aurkibidera joan Forma eta jatorria

Bestela esanda moduzko perpaus adberbial jokatugabeak predikazioa indarra galdurik duenean izaten du diskurtso-markatzaile funtzioa.

Bestela adberbioaz eta esan aditzaz osatzen da. Badirudi guztiz lexikalizatu gabe dagoela, aditzak hainbat morfema hartzen baititu (partizipio burutua, partitiboa, aditz-izena gehi leku-genitiboa): bestela esan, bestela esanik, bestela esateko...

Diskurtso-markatzailea denean birformulatzaile-zeregina betetzen du eta etenaldi artean (idazkeran, koma artean) ageri da esapidea.

8. aurkibidera joan Aldaerak

Bestela esanda ez dago guztiz gramatikalizatuta: lehian dabil beste aldaera batzuekin.

BESTELA ESANDA (738)

  • bestela esan (213)
  • bestela esateko (43)
  • bestela esanik (20)
  • bestela esatearren (9)

Maiztasun urria dutenak:

  • bertzela erran (3)
  • bestela esanez (3)
  • bertzela erran dezadan (1)
  • bertzela erraiteko (1)
  • bertzela erranik (1)
  • bestela erran (1)
  • bertzela errateko (0)

9. aurkibidera joan Baliokideak

BESTE ERA BATERA ESANDA, BESTE MODU BATERA ESANDA

10. aurkibidera joan Euskal gramatikak

Bestela esanda ez dago EGLUn landuta (2012-09-13)

11. aurkibidera joan Euskal hiztegiak

Maiztasun handiena duen bestela esanda birformulatzailea OEHn ez badago ere, badago bestela esan aldaera:

[OEH] Ikus Orotariko Euskal Hiztegian: bestela > bestela esan

BESTELA ESAN. Dicho de otra forma. Beste eredurik ez baldin badakar, ez du, ene ustez, mintzatzeko eskubiderik. Bestela esan, [...] bere kontzientzian eraman behar duen harrak ixil-eraziko du. MIH 223. Euskara batuak, izkribuzko batasunaren bitartez, juduentzat adina jentilentzat egina behar du izan; bestela esan, aitzinazaleentzat adina atzerazaleentzat. Ib. 124. Ez zuen, bestela esan, XVII, mendeko iraultzaren berri gehiegirik jaso. MEIG VI 108.

[Elhuyar, Zehazki, Hiztegi Batua]

Ez dago jasota bestela esan(da) esapidea, sarrera edo azpisarrera gisa.

12. aurkibidera joan Posizioa

Bestela esanda atal birformulatzailearen aurrean agetzen da gehienetan eta sarritan edo juntagailuarekin:

(12.1)

Bertsoa asmatzeko izan dituen segundoetan, zuzeneko erantzuna bilatu du Sarasuak ustezko anaia txikiaren galderari ihardesteko. Hona hemen gogora etorri zaion ideia: "hirugarren munduko gosea lehen munduko gehiegizko luxuaren ondorioa da". Formulazioa landu du ondoren, zabalegi, abstraktuegi, gertatuko baita bestela hala adieraziz gero. Edo, bestela esanda, ideiaren formulazio hori ez da behar bezain poetikoa. Lauegia da, eta haren harrera automatikoa litzateke, ez da emoziorik sortzeko aproposena. Mekanismo metonimikora jo du orduan Sarasuak. Ez du erabiliko duen baliabidearen izena ezagutu behar: aski du bere hizkuntza eta komunikaziorako gaitasuna horretarako. [EPD lib. Bat-bateko bertsolaritza, J. Garzia / A. Egaña / J. Sarasua (Bertsozale Elkartea, 2005) Orr.: 213]

Baina birformulatzailearen atzean ere ager daiteke.

(12.2)

Hamarkada bat luze zirauen amesgaizto batetik irtetea bezalakoxea zen; ez zegozkidan edota behintzat nahi ez nituzkeen bizipen batzuk igaro ondoren, nire bizitzaren bidea, gazte-gazterik galdutako iparra, topatzea nuen helburu. Maitemina edo heldulekua izan zen Fran? Maitasuna edo zirkunstantziek sortutako beharra? Beharra dugulako maitemintzen gara? Gabeziak ditugulako, bestela esanda? Ala modu naturalean maitemintzen gara, hots, naturak edo patuak berebiziko laguna, guretzat egindako morroia, bidean ipintzen duenean? Maitemina sortu den zirkunstantzietako bat aldatuz gero, ez al litzateke emaitza bestelakoa izango? Maitemindu ez gaituen laguna ez al litzateke gure maitea izango zirkunstantziak bestelakoak izan balira? [EPD lib. Marina Suredaren amets urratuak, Joxe Belmonte (Erein, 2009) Orr.: 138]

Birformulatzailea luzea ez denean, atzean ere ager daiteke bestela esanda diskurtso-markatzailea edo juntagailuaren eta birformultzailearen ondoren:

(12.3)

Baina ez: komediak aurrera jarraitzen zuen, gehiagoko gabe; Leclerc ez zen ehiza-hegazkineko pilotua, eta ez zuen metrailadorerik erabili han zegoenetik; eta Nadalek, elkarrizketari adi, bere pipa marraskatzen zuela espezialista zahar baten itxuran, ez zekien Lewis metrailadore espainiarra kargadorekoa zela, eta, bala-zerrendakoa zelako ustean, ez zuen batere ulertzen besteak kontatzen ziona. -Hemen, gauzak ondo? -galdetu zuen. -Hauxe duk egiazko bizitza... Zer demontre egin behar duk Parisen? Lineako pilotu ibili, edo patinete gidari, bestela esanda? Ezta hori ere! Ezkerreko gizona bahaiz, ez zegok aukerarik hiretzat... Papur biltzaile lan egin? Ez: hemen gizon bat gizona duk. Ni, barkaidak, Talaveran izan ninduan, konparazio batera. Galde diezaiokek edozeini: gas fabrika, arrautzopil bat garreztatua, aizak! [EPD lib. Esperantza, Andre Malraux / Karlos Zabala (Elkar-Alberdania, 2008) Orr.: 362]

13. aurkibidera joan Puntuazioa

Bestela esanda diskurtso-markatzailea birformulakizunaren aurrean dagoenean tarteki moduan, koma (pausa prosodikoa) aurretik eta atzetik izaten du normalean, baita puntuazio marka gogorragoak ere (aurretik: puntu eta koma, puntua, eta ondoren: bi puntu).

Birformulakizunaren ondoren dagoenean, berriz, puntua izan dezake ondoren.

14. aurkibidera joan Sintaxia

Bestela esanda diskurtso-markatzaileak perpausak, sintagmak edota hitzak birformulatzen ditu. Gehienetan, edo juntagailua aurretik izaten du; batzuetan, edota juntagailua ere bai.

(14.1)

Hori buruan, mantal zuria erantzi, eta, nire pazienteen bizitzak benetako munduan nolakoak diren ikertu beharrez, hor ibili naiz - azken hogeita bost urteetan lanean aritu naizen ospitaleetatik ia erabat aldendurik - bizitza-forma bitxiak aztertzen, naturalista baten moduan. Edota, bestela esanda, antropologo nahiz neuroantropologo sentitu naiz, landa-lanean ari dena. [ZIO. Antropologo bat Marten, Oliver Sacks / Xabier Olarra (EHU, 2003) Orr.: 21]

Ikusi Bestela esanda birformulatzaile esplikatiboa]

15. aurkibidera joan Maiztasuna

Maiztasun-datu hauek ez dira bestela esanda birformulatzaile zuzentzailearena, baizik eta bestela esanda esapidearena. Esapide hori, batez ere, itzulpenezko lanetan eta erregistro formalean erabiltzen da.

Ikusi Bestela esanda birformulatzaile esplikatiboa

16. aurkibidera joan a. Testu Mota
b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...)
c. Idatzia/ahozkoa

Hemen ere bestela esanda esapidearen datuez ari gara, ikusi bestela esanda birformulatzaile azalpenezko gure corpusa orekatua ez denez; izan ere, azalpenezko testuak dira gehienbat, beraz, esan genezakeena da azalpenezko testuetan eta batez ere itzulpenean erabiltzen dela.

Ikusi Bestela esanda birformulatzaile esplikatiboa.

17. aurkibidera joan Erdal baliokideak

Ikusi Bestela esanda birformulatzaile esplikatiboa.

18. aurkibidera joan Ez da diskurtso-markatzaile...

Aurretik esandakoaren ez-egokitasuna nabarmentzen du, eta birformulakizunean adierazitakoa enuntziatzaileak uste duenarekin bat egiten du.

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus