Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan

Julio Garcia
ZER DIOT?

1. aurkibidera joan Saila > azpisaila

birformulatzailea > zuzentzailea

2. aurkibidera joan Balio oinarrizkoa

Esatariak desegokitzat edo eskastzat jotzen du adierazpen edo enuntziatu bat, eta zuzendu egiten du, haren ordez egokiago bat jarriz.

(2.1)

Liburu hau ez da kolpe batez irakurtzen den horietakoa. Turroi bigunezko plaka bat osorik irenstea bezain kaltegarria litzateke gibelarentzat. Esango nuke pixkanaka eta zatitxo bakoitzari bere zapore guztia ostuz irakurtzen den horietakoa dela. Orrialde bakoitzeko, zer diot, paragrafo bakoitzeko, asmakuntza bat gutxienez eskaintzen digu autoreak. [[EPD pren.] Izenbururik gabe / Ur Apalategi Idirin, 2006-02-07]

Argiagotu nahi den aurreragoko diskurtso atalari ‘birformulakizun’ esango diogu, eta azalpen berriari ‘atal birformulatzaile’ edo, oro har, ‘birformulazio’.

Birformulakizuna

Orrialde bakoitzeko (...)

Azalpena: atal birformulatzailea

(...), zer diot, paragrafo bakoitzeko, asmakuntza bat (...)

Adibidean (3.1.), esaterako, atal birformulatzaileak erreferente zehatzago bat (paragrafo bakoitzeko) sartzen du esatariak, ez baitu askiesten birformulakizunean adierazitako erreferentea, orrialde bakoitzeko, alegia.

adibide gehiago:

(2.2)

Probintzietara bidaliak zirenek erromatar magistratura guztien botereak batean bilduta zeukaten; zer diot?, baita senatuarena berarena, herriarena berarena ere. [[PKC] Legeen espirituaz I, Montesquieu / Iñaki Iñurrieta (1999)]

3. aurkibidera joan Balioak eta erabilerak

Corpusean aurkitu ditugun adibide bakanetan, birformulakizunaren edukia zuzentzen da batik bat:

a) Erreferentea:

(3.1)

Eta arestian, berriz, neurketa neguan egin zuela esan duzu. Ez zuen, ba, sei hilabete iraungo bidaiak! Ruche jauna hodeietatik jausi zen. Harrapatua! -Bidean nonbait geldituko zen agian, ba al dakit nik! Alexandria bisitatzeko, adibidez. Ez, zer diot, baina? Alexandrian, ez: geroago eraiki zuten hiria. Tebas bisitatzeko, Orduan. [[ZIO] Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2005) 59. or.]

Atal birformulatzailean adierazten da zein izan zen, ustez, hiru bisitatua (Tebas), ziurtzat ematen baita birformulakizunean adierazitako hiria, hots, Alexandria ez zela izan.

adibide gehiago:

(3.2)

LUTXI.- Erantzun!
TXAPAS.- Zer izango haiz hi marizontzonga! Arralde osoan... zer diot? Euskal Herri osoan... Zer diot? Europa osoan... Zer diot? Mundu osoan, ez dun hi bezain neska jator, polit, dibertigarri eta alairik.
LUTXI.- (Lasaiturik. Irribarrez). Eskerrak, Kurrintxo. Hi bai jatorra! (Musu bat ematen dio) [[Goenkale] 1985 atala, Lore-sorta printzesarentzat Sek.: 9]

b) Enuntziatua:

b.1) Enuntziatuaren zuzenketa partziala:

(3.3)

Hala nahi dutenentzat, postala, armadurekiko argazki-oroigarriak eta komunak lorategiko irteeran Egun ona pasa dezazuela opa dizuedalarik, zilegi deritzot, jaun-andreok, gidariaz ez ahazteko zuei gogoraraztea. Zer diot nik, gidaria? Egoitza honetako galeriano gizajoa! Baina esklabo pribilegiatu hau ez zaizue limosna eskatzen ari, Parisko Kondea itzuli artean bizitzen jarraitu ahal izateko diru laguntzatxo bat baizik. Mila esker. Eskerrik asko, jaun-andreok. Thank you, sir Taldearen atzetik joan ginen, ate ezkutu batetik irteten ari ziren bitartean. [[EPD lib.]Ihesaldi polita, Anna Gavalda / Jon Muñoz (Alberdania, 2010) Orr.: 89]

Ez bere osoan baliogabetzen enuntziatua, baizik haren barruko elementu bat: adibidean, birformulakizuneko unitate lexiko bat (gidari) okertzat jotzen da, eta haren ordez bestelako bat (galeriano) sartzen da atal firmorlatzailean.

adibide gehiago:

(3.4)

Itsas orroa, galanta. Eta barne asaldua, latza. Biharamunean beste gertakari bitxi hau jazo zitzaidan; eta are kezkatuago utzi. Ondarrondo pasealekutik Labargane aldera nindoalarik, aurretik hurbildu zait berrogeita hamarretan zegoen gizaseme bat. "Adinkide bat", esan nezake. Zer diot "adinkide", ordea? Sosia bat hurbildu zaidala esan behar nuke: guztiz nire antzeko gizaseme bat, nire anaia bikia (izan banu). Areago: ispiluan neure burua begiratzen dudanean aurrez aurre ikusten dudan berbera. Ikaratu egin nau osotara: "bera ni da"... Edota "ni bera naiz". [[EPD lib.] Labartzari agur, Txillardegi (Elkar, 2005) 170. or.]

(3.5)

Gustatzen zait banku batean etzanik egotea, lo kuluska bat, badakizu, edo bestela, deusetaz pentsatu gabe ortziari beha, edo kafetegiko neskaz... Orain bezala. Bet-betan, batere sumatu gabe, udaltzain bat hurrean dut. Zer diot hurrean, abantxu gainean da-ta. Ezin al duzu, denok bezala, etxean lo egin?, dinosta. "Denok" azpimarratu du. Ohartu naiz, harrapatu diot iradokizuna, "denon" jarduerarena, alegia. Deskuidatzen bazara filologoa da. Eta ni ere alde nagoke. [[EPD lib.]] Denboraren mugan, Jose Angel Irigaray (Pamiela, 2005) 83. or.]

b.2) Enuntziatuaren zuzenketa erabatekoa:

(3.6)

Hitz hori erabilita, ez didazu inoiz eraso egin, baina badakit hori dela hain juxtu nigatik sentitu duzuna inoiz, errukia, batez ere Club Atléticon gertatu zena kontatu nizunean. Ez dakit zergatik biluztu nintzen horrela, Maite. Gezurra, zer diot, badakit zergatik kontatu nizkizun inoiz inori esan ez dizkiodanak. Erraza ikusi nuen, agidanean; gustuko duzu, zuk ere, gizona ume ikustea, kiribildua zure magalean, eta zu nire gainean etzanda, besarkadan osoro babesten, lasai zaitez, nirekin zaude orain Oscar, hona mundua eta aterpea, xukatu malkoak, amaitu da amesgaiztoa. [[EPD lib.]] Zulo bat uretan, Iñigo Aranbarri (Susa, 2008) 140. or.]

Atal birformulatzaileko enuntziatuak ukatu egiten du, erabat, birformulakizunekoa, elkarren kontra-kontrakoa adierazten baitute bi enuntziatuek: ez dakit / badakit.

adibide gehiago:

(3.7)

-Segi! -Txorakeria duk! Zeharo kitsch duk! -'Itsasoa dantzan dabil haitz inguruan, hobenik gabe'. Zoragarria, Adler! Ikusten duk, nik ez nian sekula horrelakorik aurkituko. Nik idatzi izango nikean: 'Itsasoak milikatzen du harkaitza'. Besterik gabe. Zer diot, ez nikean inoiz horrelako ezer idatziko. Baina hik lerrootan ikuskera oso bat ispilatu duk. Itsasoa neska edo emakume bat duk. Zuriz jantzita zagok, kirol traje argi batekin; ziurrenez muselinazkoa, ez, izatez muselina zuan. Eta dantzan ari duk lasai asko, bakar-bakarrik, erabat bakarrik haitz gainean. [[EPD lib.] Batxilerren eguna, Franz Werfel / Juan Luis Agirre (Igela, 2008) 159. or.]

(3.8)

Baina, usteak ematen dit, eta barkatu, ez soilik kanpoko itzalena, baizik eta beste larriago batzuena. Norberaren hezur-mamiak, burruntziak bezala, alderik alde -lana, izena, duintasuna- zulatzen dituen itzal zantarra. Interpretatiboa Roberto Arlt-ek ez zituen kazetariak lar maite. Zer diot, maite zituelako, eta lanbidea estiman zuelako eman zuen ezker-eskuin eman zuen egurra. Nondik, eta egunkari batetik: "Kazetari ona benetan jenero urria da gure herri honetan, kazetari ona izateko idazle ona izan behar delako".[[EPD lib.] Hizlandia, Iñigo Aranbarri (Susa, 2006) 131. or.]

c) Inferentzia:

(3.9)

Beraz komentuen hustea eta ebastea; fraide eta seroren eskoletarik, ospitaletarik, orotarik kasatzea, ez zeie aski. Ez zeie aski: herrietako eskola beren eskukoetarik, erlisionea kendu ondoan, gero gure gostuz, guhauren diruz egin araziak zauzkuten eskola girixtinoak oro hestea, batzu bertzen ondotik, Gure elizak berak nahi dauzkute ereman orai. Zer diot, ereman nahi? Ja eremanak dauzkute, beren ustez. Legean ezar: elizak ez direla gureak, heienak direla; framazonenak, erlisionearen etsaienak; eta horra jokoa. Bardin-bardina da: ni zure etxeaz jabe banindadi bezela paper batean emanik, nihaurek, izkribuz: enea dela etxea, eta ez zurea. [[EPD lib.] Xuri-gorriak, Xipri Arbelbide (Elkar, 2007) 250. or.]

Birformulakizunean adierazten den nahitik infereritzen da ekintza edo egoera  egiteke dagoela; inferentzia hori, ordea, okerra da, eta oker horren zuzenketa atal birformulatzaileak dakar, aspektu burutuko adizkiaren bidez, haren bidez adierazten baita ekintza burutua dela.

4. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: enuntziazioa

Esatariak egitura apelatiboa (nik...) erabiltzen du adierazkorragoa izateko.

5. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: informazioa

Sarturiko elementua enfatizatu egiten du.

6. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: argumentazioa

Argumentuari dagokionez, sendoagoa den elementu bat sartzen du.

7. aurkibidera joan Forma eta jatorria

Galdera-perpausa. Singularreko lehen pertsonan jokaturiko io aditzaren forma trinkoa da. Gramatikalizaio mailari dagokionez, gutxi gramatikalizaturik dago zer diot birformulatzailea.

8. aurkibidera joan Euskal gramatikak

Ez dago jasota

9. aurkibidera joan Euskal hiztegiak

Ez dago jasota

10. aurkibidera joan Posizioa

Atal birformulatzailearen hasierako muturrean kokatzen da.

11. aurkibidera joan Puntuazioa

Gehienetan, enuntziazio-talde lokabea eratzen du atal birformulatzaileak.

a) Galdera-markarekin

— Zuzendu beharreko segmentua errepikatuta:

(11.1)

Izena ez zaie horrela eraturiko sailean jadanik existitzen diren terminoei bakarrik aplikatuko, baizik etorkizuna aurreratuz, sail osoa izendatuko du, amaieran ezarriko da, zer diot amaieran?, infinituan; hitz hori aspaldidanik eraturik dagoenez gero, [[PKC] Morala eta erlijioaren bi iturriak, Henri Bergson / Xabier Mendiguren Bereziartu (2002) 83. or.]

— Zuzendu beharreko segmentua errepikatu gabe:

(11.2)

Probintzietara bidaliak zirenek erromatar magistratura guztien botereak batean bilduta zeukaten; zer diot?, baita senatuarena berarena, herriarena berarena ere. [PKC] Legeen espirituaz I, Montesquieu / Iñaki Iñurrieta (1999)]

Galdera-markaren ostean, koma ager daiteke, edo ez.

b) Harridura-markarekin:

(11.3)

Negu betean, basoa bezala inguru dena zuri-zuri zegoen, herria ere belaunetarainoko elurrak zuritu zuen, zer diot belaunetarainokoa, leporainokoa! [[EPD lib.] Riomundo, Jon Maia (Txalaparta, 2005) 40. or.]

c) Ez galdera-markarik ez harridura-markarik gabe, komen artean:

— Zuzendu beharreko segmentua errepikatuta:

(11.4)

Nork dauka behar adina adore horretarako? -geure eskuan daukagu lur osoa "idealizatzea"!... Baina zer diot adorea, hemen gauza bakarra behar da, eskua hain zuzen, eskrupulurik gabeko esku bat, erabat eskrupuluetatik askea... [[PKC] Moralaren genealogia, Friedrich Nietzsche / Xabier Mendiguren Bereziartu (1997) 179. or.]

— Zuzendu beharreko segmentua errepikatu gabe:

(11.5)

Nahiz Eskualdun jendakia guziak, segituz errelijione katolikoa, irakuspen horrek eskoletan ez dezaken kordoka haurren kontzientzia, ez da gauza bera hainitz bertze lekutan, hala nola Orthez-eko arrondizamenduan, non herri berean, zer diot, eskola berean kausiten baitire, katoliko, protestant, eta batzuetan haur judio bakar batzu elgarrekin. [[EPD lib.] Xuri-gorriak, Xipri Arbelbide (Elkar, 2007) 184. or.]

d) Aurreko adibide batzuetan ikus daitekeen bezala, zuzendu beharreko elementua (birformulakizuna) birformulatzailearen ostean berriro ager daiteke, errepikaturik, birformulatzailearekin enuntziazio-unitatea osatuz: segmentu errepikatua birformulatzailearen eta dagokion puntuazio-markaren artean kokatzen da:

(11.6)

Nork dauka behar adina adore horretarako? -geure eskuan daukagu lur osoa "idealizatzea"!... Baina zer diot adorea, hemen gauza bakarra behar da, eskua hain zuzen, eskrupulurik gabeko esku bat, erabat eskrupuluetatik askea... [[PKC] Moralaren genealogia, Friedrich Nietzsche / Xabier Mendiguren Bereziartu (1997) 179. or.]

(11.7)

Izena ez zaie horrela eraturiko sailean jadanik existitzen diren terminoei bakarrik aplikatuko, baizik etorkizuna aurreratuz, sail osoa izendatuko du, amaieran ezarriko da, zer diot amaieran?, infinituan; hitz hori aspaldidanik eraturik dagoenez gero, [[PKC] Morala eta erlijioaren bi iturriak, Henri Bergson / Xabier Mendiguren Bereziartu (2002) 83. or.]

(11.8)

ARRATE.- (moztuz, lehor) Begira, ama, moztu, ez dut zure roiloa entzun nahi. Esan dizut, zure bizitza da eta egizu nahi duzuna.
JULIA.- (hasperen) Arrate, jakin al daiteke zer demonio gertatzen zaizun. Egunak daramatzazu horrela. Zer diot egunak! Asteak! Ez al didazu esan behar zer duzun? [Goenkale; 2354 atala, Mendekuak zapore gazi-gozoa du Sek.: 11]

12. aurkibidera joan Sintaxia

Kategoriari dagokionez, honako elementu hauek zuzentzen dira gure corpusean:

a) Izen-sintagma:

(12.1)

ARRATE.- (moztuz, lehor) Begira, ama, moztu, ez dut zure roiloa entzun nahi. Esan dizut, zure bizitza da eta egizu nahi duzuna.
JULIA.- (hasperen) Arrate, jakin al daiteke zer demonio gertatzen zaizun. Egunak daramatzazu horrela. Zer diot egunak! Asteak! Ez al didazu esan behar zer duzun? [Goenkale; 2354 atala, Mendekuak zapore gazi-gozoa du Sek.: 11]

b) Adjektibo-sintagma:

(12.2)

Beldur zen, dio Gregorio Tourskoak, frankoek ez ote zuten beste erregeren bat hartuko. Haren haurrak eta ondorengoak ohitura horri jarraitu zitzaizkion ahal izan zuten guztietan; etengabe ageri zaizkigu anaia, osaba, iloba, zer diot?, semea, aita, familia osoaren kontra konspiratzen. [[PKC] Legeen espirituaz I, Montesquieu / Iñaki Iñurrieta (1999) 331. or.]

c) Adberbio-sintagma

(12.3)

Nahiz Eskualdun jendakia guziak, segituz errelijione katolikoa, irakuspen horrek eskoletan ez dezaken kordoka haurren kontzientzia, ez da gauza bera hainitz bertze lekutan, hala nola Orthez-eko arrondizamenduan, non herri berean, zer diot, eskola berean kausiten baitire, katoliko, protestant, eta batzuetan haur judio bakar batzu elgarrekin. [[EPD lib.] Xuri-gorriak, Xipri Arbelbide (Elkar, 2007) 184. or.]

d) Aditz-sintagma

(12.4)

Hitz hori erabilita, ez didazu inoiz eraso egin, baina badakit hori dela hain juxtu nigatik sentitu duzuna inoiz, errukia, batez ere Club Atléticon gertatu zena kontatu nizunean. Ez dakit zergatik biluztu nintzen horrela, Maite. Gezurra, zer diot, badakit zergatik kontatu nizkizun inoiz inori esan ez dizkiodanak. Erraza ikusi nuen, agidanean; gustuko duzu, zuk ere, gizona ume ikustea, kiribildua zure magalean, eta zu nire gainean etzanda, besarkadan osoro babesten, lasai zaitez, nirekin zaude orain Oscar, hona mundua eta aterpea, xukatu malkoak, amaitu da amesgaiztoa. [[EPD lib.]] Zulo bat uretan, Iñigo Aranbarri (Susa, 2008) 140. or.]

13. aurkibidera joan Maiztasuna

Beste birformulatzaile zuzentzaileen aldean, erabil-maiztasun urria du.

14. aurkibidera joan a. Testu Mota
b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...)
c. Idatzia/ahozkoa

Batez ere, ahozko diskurtsoan edo ahozko diskurtsoa imitatzen duten testu idatzietan.

15. aurkibidera joan Erdal baliokideak

gaztelania

¿qué digo?

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus