« GIRO GORI (1954 1977) (1998) | GIZONA BERE BAKARDADEAN (1993) » |
GIZARTE-AUZIA (1935)
Juan Bautista Eguzkitzak (1875-1939) euskal literaturan jorratu gabeko gai bati ekin zion Gizarte-auzia izenburuko liburua idaztean. Ekin asterokoan argitaratu zituen artikuluetan dauka jatorria liburuak, eta gaur egun argitarapen berriago batean irakur daiteke: 1990ean Euskal Editoreen Elkarteak berriro plazaratu baitzuen liburua Andres Urrutiak paratutako edizioan. Idazlanak, bestalde, gaia zehazteko balio dezakeen azpititulu hau dauka: “Ugazaba ta langileen arteko gora-berak”.
Liburua agertu zenean, gai berria ziren euskaraz arazo sozialak, eta horrek bere garrantzia du liburuan agertzen zaigun idazkera aztertzean, zeren idazleak gai berriei buruz aritzeko, ordura arte euskaraz azaldu ez ziren kontzeptu berriak adierazteko, hitz berriak erabili behar izan baitzituen. Oinarrian, garbizalekeriatik eta Sebero Altuberen teoria sintaktikoetatik iragazitako bizkaiera izan zen egilearen hizkuntza, nahiz eta lehenengoari dagokionez ez zuen muturreko jarrerarik hartu. Irakurleen kontzientzia izateak baztertu zuten idazlea halako jarreretatik, edozein gauzaren gainetik irakurle arruntek mezua uler zezaten nahi baitzuen. Edonola ere, Eguzkitzaren idazkera astun samarra suertatzen da batzuetan.
Mikel Zaratek honela azaltzen du dagokigun liburuak eskaintzen duena:
“Sozialismua, komunismua, sindikalismua ta abar zirala ta etzirala sortu zan gizarte-auzia azaltzen dauan liburua. Idazlan txalogarria, euskeraz gitxi erabilli diran gaiak darabilzalako. Gaiñera, aldi aretako gizarte ta politika giroa ikusteko bere zerbait balio dau.” (Zarate, 1970)
Gizarte arazoak ebazteko, Elizaren ikaskizunak erabili zituen idazleak; egilearen helburu nagusia halako arazoen aurrean Elizak zuen jarrera azaltzea zen, eta sozialismo mota guztiak baztertzen zituen.
Liburuak helburu horri lotutako egitura du. Lehenengo ataletan historian zehar egiten du bidaia idazleak, garai desberdinetan sozialismoa edo harekin pareka daitezkeen beste jarrera eta planteamendu batzuk azaltzeko, eta nabarmendu egiten ditu ideologia horrek bere ustez zituen ondorio txarrak; izan ere, azalpenaren abiapuntua Grezia zaharrean jartzen du idazleak, gero garai modernoetara heltzeko, K. Marx-en eta haren ondorengoen planteamendu ideologikoak bere ikuspuntu berezitik azalduz.
Sozialismoaren kontua bere ikuspuntutik argitu ondoren, hurrengo ataletan, Elizaren ikaskizunetan oinarritutako planteamenduetan zentratzen da idazlea, eta, horretarako, Leon XIII aita-santuaren Rerum Novarum entziklikan agertzen direnak hartzen ditu abiapuntutzat, bai eta erlijio oinarriak dituen gizarte-justizia proposatu ere. Gauzak horrela, esan daiteke Juan Bautista Eguzkitzak Antonio Vicent-ek berrogeiren bat urte lehenago gazteleraz Socialismo y anarquismo liburuarekin egin zuen lanaren antzekoa burutu nahi izan zuela euskaraz.
Idazle euskaldunaren ideologiak hiru euskarri ditu, Andres Urrutiak paratutako argitarapenaren hitzaurrean adierazten den moduan:
- Kristau demokrazia.
- Sindikalismo katolikoa.
- Abertzaletasuna.
Bada, egilearen jarreran erlijioak eta euskarak bat egiten zutelarik, euskaldun fededunaren eredu moduan aurkezten zaigu.
Kontzeptu berriak azaltzeko, hizkuntza egokitu behar izan zuen egileak, eta, askotan, hitz berriak asmatu behar izan zituen. Baina, hitzak asmatzean ere jarrera ideologikoa argi agerrarazten du: horren adibide ikusgarria “socialismo” hitzaren euskal ordezkotzat eskaintzen digun hitzean ikus dezakegu, ezen Eguzkitzak “gizartekeri” erabiltzen baitu, hitzari esanahi peioratiboa erantsita.
BIBLIOGRAFIA
EGUZKITZA, Juan Bautista (1990): Gizarte-Auzia. Erein – Euskal Editoreen Elkartea. Donostia.
ERKIAGA, Eusebio (1976): “Eguskitza Meabe, Juan Bautista (1875-1939). Bere bizitza eta lanak”. Euskera XXI. 217-235.
URRUTIA, Andres (1990): “Juan Bautista Eguzkitza Meabe (1875-1939)”. In Eguzkitza 1990: 9-21.
URRUTIA, Andres (2001): Juan Bautista Eguzkitza (1875-1939). Eusko Jaurlaritza. 2001.
VICENT, Antonio (1972): Socialismo y anarquismo. Narcea. Madril.
VILLASANTE, Luis (1979): Historia de la literatura vasca. Ed. Arantzazu. Burgos. 361-362. orr.
ZARATE, Mikel (1970): Bizkaiko euskal idazleak. Derioko Seminario-Ikastetxea [Interneteko bertsioa: http://zubitegia.armiarma.com/?p=zar-461].
« GIRO GORI (1954 1977) (1998) | GIZONA BERE BAKARDADEAN (1993) » |