Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

GOI ARGI (1935)

Abelino Barriola
Jon Kortazar

Abelino Barriola Donostian jaio zen 1876an. Hiri horretako zinegotzi izan zen, eta Gipuzkoako Ahaldun nagusia ere bai (1920-1923). Gerra garaian erbesteratu egin zen, eta Pauen hil 1944. urtean. Euskal Iztundearen (Academia de Declamación Vasca) erakundearen sortzailetariko bat izan genuen, eta antzerkiaren generoan eman zuen bere euskal lan ugaria.

Lan zabal horretan umorezko lanak daude, eta baita ere komedia burgesak, antzerki-lan herrikoiak eta eskola-komedia. Xabier Mendigurenek adierazi izan duen bezala, lan zabala egin du Abelino Barriolak eta bizitza osoko lan horretan antzerti genero desberdinak landu ditu.

Kronologia bat ere osatu du Mendigurenek, bere lanean aro bi ezberdinduz: 1908-1912 (berez, 1915 beharko lukeena, bere datuen arabera) politikako ardurarik erakusten ez duen aldia da, eta bigarren aldia errepublika garaia, non euskal antzertiaren azpiegituraz baliatzen den bere lana zabaltzeko eta ideologia abertzalea indartzeko.

Bi aldien arteko desberdintasunak zehatz azaldu ditu Mendigurenek:

  1. Irri antzerkitik dramara doan garapena da Abelino. Gai serioagoak jorratzen ditu bigarren genero horretan, eta pertsonaiek beti antzeko kezkak izaten dituzte. Dena dela ez zuen inoiz umore ukitua galdu, eta bere lanetan maiz agertzen den ezaugarria dugu.
  2. Gero eta lan luzeagoak idazten ditu.
  3. Ideologia markatukoa da idazlea: ideia kristauen eta moral estu baten alde egiten du lan gehienetan. Ondoren, Eusko Alderdi Jeltzalearen ideologia abertzalea erakusten du.
  4. Herritik hirira. Ohiturazko antzezlanetatik hiriko klase burgesaren ispilu izatera iritsiko da Abelino Barriola.
  5. Pertsonaien gizarte maila gero eta jasoagoa da. Aurreko ezaugarriarekin bat datorrena.
  6. Emakumearen garrantzia eta goraipamena egiten du.

Goi argi (1935) dugu bere lanik goraipatuena. Lan horretan gizarte modernoaren krisialdia aipatzen da. Gizarte-klase hiritar eta igoaren nondik norakoak agertu nahi ditu bere lanean, eta horregatik aukeratzen du giro kosmopolita, klase sozial jakin baten agerbide direlarik jazz bandak edota ingienari alemaniarra. Familia baten historia kontatu nahi du Goi argi antzerki lanak. Sendi horretan gizonezkoek laikotasunaren alde egiten dute, eta pentsamoldearen askatasuna, sexuarekiko iritzi librea, fedea galtzea, kosmopolitismoa irudituko lukete. Emakumezkoek, ordea, tradizioen alde jarriko dira. Bukaeran irtenbide morala ematen du Abelino Barriolak, berriro ere bere ikuspegi moral eta tradizio zalea, ideologikoa, indartuz. Dena den, antzerki lanari ematen dion bukaera ez da garrantzizkoena, baizik eta ageri den manikeismo eza. Jainkorik den ala ez eztabaidatuko dute pertsonaiek, eta berritasun horrek ematen dio lanari duen xarma nagusia.

BIBLIOGRAFIA

KORTAZAR, Jon (2001): Euskal literatura XX. mendean. Prames. Zaragoza. 334 or.

MENDIGUREN, Xabier: “Abelino Barriola” in BARRIOLA, Abelino (1987): Dramak. Euskal Editoreen Elkartea. Bilbo. 21-31 or.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus