Hanburgesa bionikoak: Lau proposamen didaktiko

Hizkuntzaren Didaktika irakasgaiaren hasiera aldera, ikuspegi metodologikoak aztertzen ari ginen, ondo dokumentatutako proposamen didaktikoak egiteko. Ondo oinarritutako proiektuak egiten trebatzea oso baliotsua iruditzen zait maisu-maistrentzat, baina aldi berean, gai izan behar dugu sortzen zaizkigun aukerak baliatzeko eta bat-bateko diseinu didaktikoa egiteko ariketa egin genuen.

 

HANBURGESA BIONIKOAREN BIDEOA

Kasualitatez, bideo hau iritsi zitzaidan (Twitter bidez, noski…) eta oso iradokitzailea iruditu zitzaidan:

[youtube]http://www.youtube.com/watch?v=mYyDXH1amic[/youtube]

Bideoari lotutako artikulu interesgarri bat: http://www.bibliotecapleyades.net/ciencia/ciencia_industryweapons128.htm

Bideoa ikusi eta taldeka, bideoa eskolan lantzeko proposamen bat prestatu dute. Eta, egia esan, oso proposamen desberdinak sortu dira, bai zientifikoak, bai artistikoak eta bai iritziari lotutakoak. Neroni bururatuko ez zitzaizkidan proposamenak ere egin dituzte.

 

LAU PROPOSAMEN DIDAKTIKO

Hauek dira argitaratzeko bidali dizkidaten lau proposamen didaktikoen laburpena (proposamenak dokumentatuta daude baina hemen soilik ideia nagusia jaso dut, espazio kontuengatik), bestelako proposamenak ere izan baziren ere:

 

Ikerketa proiektua (Odei Iruretagoyena, Arrate Bernaras, Iñigo Sevilla, Goizane Jaka):

Gure jardueraren helburua ikerketa proiektu bat egitea da.  Jardueraren atazaurrea edo girotzea argazkien bitartez landuko dugu, herriko produktuekin egindako hanburgesa  eta Mc Donalds-eko hanburgesak alderatuz.  Prestakuntzari dagokionez, bi hanburgesa horien adibidea eskolara eramatea izango da, eta atazari dagokionez bi hanburgesen asteroko jarraipena egitea izango da gure proposamena. Ikasleek astero hanburgesen aldaketen nondik norakoak idatzi beharko dituzte koaderno edo erregistro orri batean, hanburgesen deskribapena modu labur eta zehatz batean eginez. Ikerketaren amaieran, lortutako datuekin ondorioak aterako ditugu.

Museo bat asmatu eta egin (Iratxe Benito, Mari Bernal, Idoia Mazizior):

Hanburgesaren bideoa jarri. Ikusitakoaren inguruan hitz egin, ea zer iruditzen zaien hanburgesaren  “museoa” erakusketa bat egiteko gai bezala. Museo edo erakusketa bat ikusteko zein gai gustuko izango luketen galdetu eta honen inguruan hausnartu, bakoitzak aukeratutako gaia zergatik izango litzateke interesgarria, zeinentzako zuzendurik egongo litzateke eta abar.

Klaseko lana edo proiektua aurkeztu, museo edo erakusketa bat prestatu beharko dute.

Hanburgesa bati buruzko proiektu zientifikoa (Irlentz Quiñones, Iraitz Lizarralde, Unai Salinas, Iñigo Goikoetxea):

Guk aukeratutako proiektua matematika arloan jorratuko dugu.

Hanburgesa industrialak eta etxekoak konparatuko ditugu. Horretarako, hanburgesa mota bakoitzaren zenbait datu (osagai bakoitzaren kaloria kopurua gramo kopuru zehatz bakoitzeko) emango ditugu eta osagai ezberdinetako hanburgesak “egin” beharko ditu haurrak haien kaloria kopuru totala kalkulatuz beti ere.

Ondoren, gelakideek, atera dituzten ondorioak komentatuko dituzte denon aurrean; eta, amaitzeko, irakasleak janari industrialari buruzko zenbait aholku emango ditu.

McDonalds-era joan, bai ala ez? (Ane Olasagasti, Itsaso Pulido, Leire Santamaria, Arri Yeregui):

Proposamena da lehenik McDonals-era joatearen aldeko eta kontrako argudioak aztertzea, debate bat egiteko (adibidez, urtebetetzeak ospatzera). Debatearen ostean, bideo hau ikusiko dute, gaia beste ikuspegi batetik ikusteko eta nork bere iritzia idatziz jarriko du, debatearen eta bideoaren ideiak kontuan hartuta.

 

Comments are closed.