A sample text widget

Etiam pulvinar consectetur dolor sed malesuada. Ut convallis euismod dolor nec pretium. Nunc ut tristique massa.

Nam sodales mi vitae dolor ullamcorper et vulputate enim accumsan. Morbi orci magna, tincidunt vitae molestie nec, molestie at mi. Nulla nulla lorem, suscipit in posuere in, interdum non magna.

Ebaluazioa zertarako? Ebaluazioa eta kalifikazioa itxialdi garaian

Dulantziko Mitxoleta Libertarioen 15. saio honetan, ebaluazioaren inguruan eta zehazki hizkuntzen ebaluazioaren inguruan egingo dugun lehen saioa da. Bertan, Ainhoa Ezeiza esatariak hainbat zertzelada ematen ditu ebaluazioaz eta kalifikazioaz bat-batean sortu zaigun egoera honetan lagungarri izango direlakoan. Saio hau Prest Gara programako “Zer ebaluatu hizkuntzetan? Nola ebaluatu?” ikastaroaren parte da.

Deskargatzera joan

Hona saioaren transkripzioa:

Saio honetan, ongietorria eman nahi dizuet Prest Gara formazioaren baita hizkuntzen ebaluazioaren inguruko ikastaroa egitera animatu zareten guztioi. Irratsaio hau eta ondorengoak ikastaroa dela eta egingo ditugu, baina interneten zabalik argitaratuko ditgu, sortzen ditugun material guztiekin egiten dugun bezala.

Beharbada Ivoox plataformak iragarkiren bat jarri dizu eta hori ez duzu oso gustuko, geuk ere ez… baina plataforma ona da audioak zintzilikatzeko, eta iragarkirik entzun nahi ez baduzu, besterik gabe audioa deskarga dezakezu eta zure ordenagailuan edo telefonoan entzun, edo bestela zuzenean blogean “play” emanda entzuten baduzu, ez duzu iragarkirik entzungo.

Iufaaaa!!! Ze zaila den, nondik hasi… Ideia batzuk pentsatuta genituen hizkuntzak ebaluatzeari buruz, eta joango gara argitzen, noski, baina egoera honek dena hankaz gora jarri digu! Eta, hain zuzen ere, ebaluazioaren kontua edo, hobeto esanda, kalifikazioarena, bat-batean mainstream bihurtu zaigu. Nola egingo dugu ebaluazioa nork bere etxean harrapaturik egonda?

Alarma-egoera ezarri zenean, denok txunditurik geunden eta gure borondate on osoz jarri ginen lanean, gure irakats-lana nola garatu pentsatzen, nola edo hala lankideekin koordinatzen… Orain, ordea, badakigu ez garela ikasgeletara itzuliko, eta etsituta, urduri eta tristuraz gaudelarik, “ikastaroa ez galtzeko” agindua jaso dugu. Ze erraza den hori esaten eta zein zaila egiten! Agintariek, beste behin, erakusten dute ez dakitela irakaskuntza zeinen konplexua den, edo ez zaiela inporta; agintarien asmoa da ezer gertatuko ez balitz bezala egitea, zulo beltza irakasleok, administrari eta teknikariek, ikasleek eta gurasoek estaltzea eta arazo administratiboa nola edo hala konpontzea. Hortik aurrera, geure adimen, gaitasun eta irudimenaren esku uzten dute kontua. Hori da daukagun errealitatea. Eta errealitate horretan, ez dute koma bakar bat ere aldatzea nahi gure programazioetan, konpetentzietan, edukietan… Horri, lagunok, “teleirakaskuntza” deitu diote, ezin zaiolako “online irakaskuntza” deitu, online irakaskuntzak beste logika batzuk dituelako.

Kalifikazioari begira, uneotan, goikoen ahalegin handiena kontrolerako telesistemetan dago. Nola jakin dezaket azterketa egiten ari den pertsonaren identitatea? Nola jakin dezaket ez duela kamaratik kanpo jarrita txuleta? Nola jakin dezaket ez dagoela norbait bere aldamenean erantzunak ematen?… Eta hau oso-oso adierazgarria da. Administrazioaren ikuspegia da, eta beharbada irakasle batzuena ere bai, hori dela ebaluazioa. Zure kezka sistema hauen ingurukoa baldin bada, orduan hobe da ikastaroa ez egitea edo audio hauek ez entzutea. Ez du merezi. Ez dut erantzunik emango gai honen inguruan. Ikasleen hiperkontrolak ez digu ezer onik ekarriko.

Hori esanda, orain bai, hasi egingo gara! Nola ebaluatuko ditugu ikasleak konfinamendu, itxialdi edo etxealdi egoera honetan, hizkuntzen eremuan? Nola kalifikatuko ditugu? Galdera hauek erantzuteko, lehendabizi galdera garrantzitsuago bat erantzun beharko dugu: zertarako ebaluatu? Eta, horren ondoren, eta hau errazagoa da, zertarako kalifikatu?

Hizkuntzen irakaskuntzan derrigorrezko eta derrigor ondorengo hezkuntzan dugun arazo handiena da eduki asko txertatzen direla “Euskara”eta “Lengua española” irakasgaietan, eduki horietako asko, gainera, zientifikoki zaharkituak.

Nahastu egiten dira gramatikaren ezagutza esplizitua eta kontzientzia linguistikoa, eta hori problematikoa da. Denbora asko pasatzen dugu definizioak ematen, lantzen eta errepikatzen: zer den morfema bat, perpaus bakunaren elementuak ezagutzea, hitz polisemikoak, eremu semantikoak… Hauen ezagutza egiaztatzeko, azterketak erabiltzen ditugu, kontrol-mekanismo gisa, baina jakin badakigu, era berean, epe laburreko memoriaren bidez erreproduzitzen direla eduki hauek, eta ez dela ezinbestekoa askorik ulertzea azterketak bikain gainditzeko. Halako edukiak egiaztatzeko behar ditugu telekontrolerako tresnak. Denbora asko kentzen digute eta larrialdi egoera honetan ere, ezin ditugu programazioetatik kendu, ikaskuntza esanguratsuagoetan fokalizatzeko.

Eduki horiek jakitea garrantzitsua da? Zientziaren eremuan aspaldi planteatu zen estrukturalismoa gainditzea, ez diolako gizaki eta gizartearen errealitate konplexuari erantzuten. Hala ere, hortxe jarraitzen dugu, eduki zaharkituak errepikatzera legez beharturik. Edukiak horrela planteatu ordez, denbora hori kontzientzia linguistikoa eta gaitasun metalinguistikoa garatzeari eskainiko bagenio, errazagoa litzateke erabakitzea nola egin ebaluazio esanguratsua eta nola diseinatu ebaluazio baliotsua.

Lobo Altuna – EHU – Diario Vasco

Lastoa eta alea bereiztea eskatzen du ebaluazioak. Edukietatik konpetentzia edo gaitasunetara pasa behar zela esan ziguten, ba horixe egingo dugu orduan. Egin behar dugun lehen galdera da: zer nahi dugu ikasleek ikastea gurekin dauden denbora honetan? Hau da, zertarako balio du gure lanak, ez zentzu abstraktuan, baizik eta datozen asteotan? Itxi begiak tartetxo batez eta uneotan ez dugun mundu bat irudika dezagun: programazioak, curriculumak, legeak… existituko ez balira, zer egin nahiko zenuke zure ikasleekin, duzun denbora mugatu honetan? Zer iruditzen zaizu adierazgarriena edo esanguratsuena? Hortik hastea proposatzen dizuegu, gero ikusiko dugu nola lotu hori lege eta administrazio kontuekin.

Esan daiteke bost gaitasun komunikatibo direla lehentasunezkoak, edozein adin-tartetan: eta edozein hizkuntzatan: dokumentazio-lanerako gaitasunak, eginkizun akademikoekin lotutako gaitasunak, dibulgazioarekin eta komunikabideekin lotutako gaitasunak, pertsonarteko komunikazioarekin lotutako gaitasunak, eta norberaren mundu sortzailearekin lotutako gaitasunak. Bost gaitasun hauek elkarren artean lotuta daude eta hizkuntzen artean transferentziak egiteko gaitasuna izaten dugu gizakiok, modu esanguratsuan landuz gero. Hortaz, ebaluazioa zentratu beharko genuke bost gaitasun komunikatibo hauen garapena nola doan ulertzen.

Denak ez doaz erritmo berean. Alde handia dago pertsona batetik bestera, eta zaindu egin behar dugu multzo guztiak garatzea hizkuntza guztietan; hala ere, ez dugu modu estrukturalean landu edo ebaluatu; jakin behar dugu gaitasun batzuk behagarriagoak direla beste batzuk baino,

Zertzelada batzuk emango ditugu bakoitzari buruz:

  • Dokumentazio-lanerako gaitasunak: iturri bibliografikoak bilatzea, informazioaren kalitatea baloratzea, dokumentazioa hautatzea eta bereiztea, ideiak biltzea, ideiak partekatzea, egoki erreferentziatzea. Gai izatea sintesiak eta laburpenak egiteko eta ezagutza zientifikoaren berri izatea proposamenak egoki kokatzeko.

  • Eginkizun akademikoarekin lotutako gaitasunak: eskolaren eremuari lotutako zereginak betetzea, hala nola, entzute aktiboa, eztabaida, ahozko azalpena. Argudio sendoak erabiltzea. Horrez gain, hizkuntzaren egiturez, funtzioez eta egokitasunaz hausnartzea, kontzientzia linguistiko kritikoa eta hausnarketa metalinguistikoa sustatuz eta ikaskideek elkarri laguntzea.

  • Dibulgazioarekin eta komunikabideekin lotutako gaitasunak: komunikabideetako diskurtso aniztasunean, egiantzekotasuna, zurrumurruak, manipulazioak atzematea. Ekoizpen dibulgatiboak sortzea, bai informatiboak eta bai ironikoak edo umoretsuak. Komunikabideetako hizkuntzarekin jolastea.

  • Pertsona arteko komunikazioarekin lotutako gaitasunak: elkarrekintza, elkarren arteko laguntza, afektibotasuna adieraztea eta jasotzea; elkarlana, talde-lanaren inguruko hausnarketa, talde-lanean dokumentazioa sortzea, elkarrekin idaztea. Elkarren arteko harremanak teknologiaren bitartekaritzaz garatzea. Ikaskideekin harreman orekatua izatea kritika eraikitzailearen laguntzaz, eta elkarrengandik ikasiz harreman hobeak eraikitzen, ezadostasuna ikuspegi positibotik landuz eta ideia berriak izateko dinamizatuz.

  • Norberaren mundu sortzailearekin lotutako gaitasunak: irudimena, fantasia erabiliz ahoz zein idatziz adieraztea, hizkuntz arauak apurtzea, adierazpen ez normatiboekin gozatzea, adierazpen herrikoiak sortzea, partekatzea eta elkarrekin eraikitzea…

Zer hartu behar dugu kontuan gaitasun hauen garapen eta ebaluazioan? Gaitasunak beti lekutuak direla, hau da, komunitate soziokultural bakoitzak bere adierazpide diskurtsiboak eraikitzen ditu, eta ondorioz, beti hartu behar dugu kontuan leku sozialaren kontzeptua. Bronckartek eta bere taldeak egindako ikerketetan oinarriturik (Bronckart et al., 1985; Bronckart, 2004; Plazaola & Alonso Fourcade, 2007), gaitasun erreferentzialak eta gaitasun sozialak estuki daude komunikazio gaitasunaren garapenari lotuak, ezagutzak identitate komunikatiboaren garapenarekin elkartzen dutelarik. Alegia, jakintza sozialak eta kolektiboak ekintza komunikatiboaren emaitza dira, elkarrekin modu dinamikoan finkatzen direnak eta aldatzen. Jakintza hauen adierazpenak eta adierazpideak historikoki konfiguratuak daude eta giza-jarduera erregulatu eta kontrolatzen dute, neurri handian (Bronckart, 2004).

Hiru munduren adierazpena da landu beharko genukeena: mundu objektiboa (mundu fisikoa), mundu soziala (balioak, legeak, sinboloak) eta mundu subjektiboa (gizakiaren gaineko igurikimenak, desirak, gogoa). Hori da hasierako baldintzekiko sentsibilitatea deritzona (Nicolis & Prigogine, 1994) eta hizkuntzen didaktikan inplikazio askoko ikuspegia da; izan ere, ezin dira diskurtso eredu finkoak eskaini edo eskatu, eta proposatutako testuinguruaren araberako sentiberatasun komunikatiboa garatzea izango da helburu, teoria honi segiz.

Zer esan nahi du horrek guztiak konfinamendu garai honetan? Ezinbestekoa dela kontuan hartzea zein den gure ikasleen mundu objektiboa, mundu soziala eta mundu subjektiboa une honetan. Gu bezala, agobiatuta daude itxialdian bizitzeagatik, bere ingurukoak ere seguruenik larrituta daude, tristuraz, urduri. Denbora pasatzearen kontzeptua oso subjektiboa da eta batzuentzat egunak ikaragarri luzeak izaten ari dira. Jakin badakigu ikasle askoren etxe-egoera ez dela, inolaz ere, ikasteko egokia, eta normalean horrek eragin handia badu, orain are handiagoa. Gure ikasle batzuk euren etsaiekin daude entzerraturik; beste ikasle batzuk geletan bizi dira, ez etxeetan; beste ikasle batzuen gurasoak lanean ari dira, garbiketan, ospitaleetan, supermerkatu eta dendetan… eta ezin dira izan ikasleen laguntzaileak; eta orokorrean, gure lanbidea benetan ulertzen badugu, gurasoentzat oso zaila da ikasleei prozesu honetan laguntzea. Ikasleei, guri bezala, kosta egiten zaie egoera honetan kontzentratzea. Ezin dugu egin ezer gertatuko ez balitz bezala, aurrez aurrekoa telelanera eramaten.

Haur eta gazteek zeregin akademikoak edukitzea osasuntsua ere izan daiteke, egunari zentzu edo norabide bat emateko. Baina gomendio gutxi batzuk eman beharko bagenitu, hauek lirateke:

  • Bideohitzaldi formatua mugatu ahalik eta gehien, soilik ezinbestekoa dela iruditzen zaizunean erabili. Internet kontsumo handia eskatzeaz gain eta etxean dauden IKT baliabideak kudeatzea zailtzeaz gain, segurtasun eta pribatutasun arazo larriak eragin ditzakete, erabiltzen dugun tresnaren arabera. Gainera, saturatzen ari dira eta ez da arraroa ondo ez ibiltzea.

  • Kendu azken hiruhilabetetik ezinbestekoa ez den guztia eta zentratu gaitasun multzoetan.

  • Koordinazioari begira, saiatu beste irakasgaietan egiten den lanetan ikuspegi komunikatiboa txertatzen eta elkartu beste lankideren batekin. Beharbada ikasleen lan batek bi irakasgaitarako balio dezake!

  • Hala ere, ez erotu koordinatzen. Proiektu komun bat egitea baliotsua litzateke aldez aurretik antzeko gauzak egin badituzue, baina orain arte ez bazara inorekin koordinatu, oso zaila izango da. Errazagoa da konfiantza duzun lankideren batekin hitz egitea.

  • Ondo pentsatu jarduera guztietatik zeintzuk diren ebaluatzeko eta zeintzuk kalifikatzeko. Lanak eskatzea erraza da, baina gero ikasleek egin behar dituzte, beste lan askorekin batera, eta gainera gero zuk banan-banan berrikusi, ebaluatu eta kalifikatu beharko dituzu. Lan-zama handia sor dezake horrek.

  • Ingelesez sigla hauek erabiltzen dira, oraingo oso aproposak: MISS, Make It Simply Simple (edo, beste batzuen arabera, Make It Simple, Stupid!).

  • Ez egon Administrazioaren zain. Profesional bezala hartu erabakiak, Administrazioak ulertzen dituen moduan azaltzen badituzu, hau da, teknikoki eta curriculumeko terminologia baliatuz, ez duzu arazo larriegirik izango.

Beno ba, honekin nahikoa! Hemendik aurrera, hizkuntzen ebaluazioaz ariko gara, ditxosozko alerta egoera honetan zentratu gabe! Besarkada bat, zaindu zaitez eta zaindu ingurukoak ere!!!

Esteka honetan duzuen artikulua irakurtzea gomendatzen dizuet, ikasturtearen amaierarako gerta daitezkeen egoera desberdinen inguruan: Fernando Trujilloren artikulua

Irratsaio hau Alegría Libertaria irrati librearen parte da. Esteka honetan daude Dulantziko Mitxoleta Libertarioen saio guztiak: https://www.ivoox.com/podcast-dulantziko-mitxoleta-libertarioak_sq_f1587055_1.html

KREDITUAK

Sintonia: Mitxoleta – Eneritz Furyak

Musika: Rogelio Botanz

  • “Kartzelatik argira” (Alfonso Sastre)
  • “Arre Mandako” (herrikoia)
  • “Nire poesia” (Gabriel Aresti)
  • “Salud” (Alfonso Sastre)

Erreferentzia bibliografikoak:

Bronckart, J.P. (2004). Actividad verbal, textos y discursos. Por un interaccionismo socio-discursivo. Madril: Fundación Infancia y Aprendizaje.

Bronckart, J.P., Bain, D., Schneuwly, B., Davaud, C., eta Pasquier, A. (1985). Le Fonctionnement des discours. Un modèle psychologique et une méthode danalyse. Lausanne: Delachaux et Niestlé.

Nicolis, G., eta Prigogine, I. (1994). La estructura de lo complejo. Madril: Alianza Universidad.

Plazaola, I., eta Alonso Fourcade, M.P. (2007). Testuak, diskurtsoak eta generoak. Euskal testuen azterketa korrontea. Donostia: Erein.

CC-by-sa-nc lizentziapeko programa, musika izan ezik. Hezkuntza helburua duen erabilera.

Comments are closed.