IK/KI ikaskuntza kooperatiboaren inguruko hainbat kezka

Gai hau hizkuntzen ebaluazioari lotutako Prest Gara ikastaroan sortu zaigula aprobetxatuko dut, bertan idatzitakoa hona ere ekartzeko.

Duda sortu da ea nola segitu IK/KI lanean Lehen Hezkuntzan etxealdi honetan.

IK/KI, ikaskuntza kooperatiboa-kooperatuz ikasi… etxetik?

IK/KI ikaskuntza kooperatiboa-kooperatuz ikasi teknika-multzo bat da, ikuspegi metodologiko zabalagoetan egoten dena normalean (proiektu bidezko metodologia, ikas-komunitateen metodologia…).

Bi esteka hauetan duzu hobeto azaldua:

IK/KI online egin daiteke, baina horretarako aldez aurretik bilatu beharko genukeen modua, oso zaila delako orain bat-batean eta adin-tarte hauetan IK/KI dinamikak online antolatzea, oso korapilotsua eta nahasia izan daitekeelako. Hala ere, gerta litekeenez alarma egoera honen antzekoren bat gertatzea berriz datorren ikasturtean, IK/KI lantzen segitu nahi izanez gero, ondo legoke forma batzuk adostea nola egin lan taldean eta modu kooperatiboan online, teknika batzuk malgutuz edo ikasleen egoerara eta baliabideetara egokituz.

Robert Doisneau-ren argazkia

Hala ere, seguruenik haurrak ari dira euren artean komunikatzen eta gauzak partekatzen, orain arte egin duten bezala, beren tresnak erabiliz. Normalean ikasleak oso ondo egoten dira elkarren artean komunikatuak, modu askotan, eta truke asko egiten dituzte, batzuetan horizontalak eta beste batzuetan gehiegikeria edo abusuaren bitartez. Batzuetan, irakasleok oso gustuko ez ditugun trukeak egiten dituzte, adibidez: “txibatu” ariketaren emaitzak edo erantzunak eta, horren truke, nik bideojokoaren truko batzuk esango dizkizut. Lagun edo adiskideok ez dugu IK/KI erabiltzen gauzak elkarrekin egiteko!

IK/KI lan kooperatiboaren arriskuak

Lan kooperatiboak oso kontuan hartu beharreko arriskuak eragin ditzake. Beste sarrera honetan azaldu nuen zergatik ez aplikatu proiektu bidezko metodologia, eta bertan agertu nituen antzerako hainbat kezka. Lan kooperatiboaren jatorria toyotismoa deituriko ekoizpen-eredua da (ez da arraroa eskolak ekoizpen-ereduetan oinarritzea beren antolaketa metodologikoa, eskola batzuetan fordismoa edo taylorismoa aplikatzen den bezala, “eskola tradizionala” deitzen den hori), eta eredu horrek enpresetako langileengan eragindako kalteak ezagunak dira dagoeneko. Euskal Herriko ekoizpen ereduetan, toyotismoak garrantzi handia du, batez ere enpresa txiki eta ertainetan, eta beharbada horregatik izan du IK/KI ereduak halako sarrera gure eskoletan.

IK/KI teknikak oso mugatzaileak dira eta harremanen hierarkizazioan oinarritzen dira. Eraginkorrak dira, egia da, baina ikaskideen arteko harremanak hoztea eragin dezakete, zereginean zentratutako harremanak direlako (elkartzen dira zeregin zehatz bat bete behar dutelako), enplegu batean lanean ariko balira bezala.

Badakigu IK/KI oso zabalduta dagoela eta prestigio handia duela, baina sumatzen dugu harremanak hozteaz gain, ohitura negatibo batzuk eragiten dituela, besteak beste, lanak banatzeko ohitura (orain zu zara idazkaria, orain zu zara berrikuslea… hau da, 1+1+1+1), lana modu kolektiboagoan elkarrekin eraiki ordez. Ikaskideen arteko botere-harremanak sustatzen ditu, halaber, talde heterogeneoen antolaketaren ondorioz ikasketetan ahulagoak diren ikasleak berriz ere azpiratuta geratzen direlarik. Adibidez, hainbat ikaslek azaldu digute nota baxuagoa jarri dietela partaidetza baxua izateagatik, baina parte hartu dutenetan beste kideren batek gutxietsi egin dituelako izan dela, edo ezentzunarena egin dietelako (“hacerles el vacío“). Mikrobullying deritzogun jarrerak errazten ditu.

Ez du esan nahi kasu guztietan hau gertatzen denik, beharbada oso ondo doakizue leku batzuetan, baizik eta arazo hauek detektatuta ditugula eta inportantea dela erne ibiltzea. Horrez gain, ondo baloratu behar dugu zer esan nahi duen “ondo joate” horrek, honelako egoerak sor daitezkeelako (daitezke, hau da, ez nahitaez, baina bai hausnartzeko):

  • Zereginak modu eraginkorragoan betetzen dituzte? Orduan haur eta gazteak enpresen munduan arrakastatsuak izateko ari gara prestatzen, hau da, enpresarioentzako langile finak ari gara prestatzen.
  • Harremanak antolatuagoak dira, ordenatuagoak? Orduan gizarte teknologikorako ari gara haur eta gazteak prestatzen, egun hauetan asko goraipatzen ari den “eredu korear” horretarako, zeinetan harremanak aurrez definituta dauden, distantzia sozialean oinarriturik (kontzeptu honek duen esanahi osoan).
  • Arazo gutxiago daudela iruditzen zaigu? Hau enpresetan ere gertatzen ari da. Arazoak talde barruan gertatzen ari dira, edo taldeen arteko lehiakortasunean. Enpresarioak oso pozik daude eredu toyotistarekin, arazoak ez direlako beraienak. Fordismoan edo taylorismoan, langileek argi dute “etsaia” agintaria dela, patroia edo jabea; toyotismoan, berriz, “etsaia” ekoizpen konprometitua ez duen ikaskidea da, edo lana hobeto egiten ari den aldameneko taldea, eta sentitzen dute arazo hori beraiena dela, ez irakaslearena.

Irudi hau erabili ohi da lan kooperatiboa goraipatzeko:

Egia da kooperatuz lehiatuz baino hobeto moldatuko garela… baina astoek lotuta jarraitzen dute. Ez al da hobe katea apurtzea?

Comments are closed.