euskaraespañol

Imagen del día

Sare sozialak campusa

Jon Torres Unda

Jaiotze data eta kirolari gazteen arrakasta

Fisioterapiako irakaslea eta Fisiologia Saileko ikertzailea

  • Cathedra

Fecha de primera publicación: 24/06/2016

Este artículo se publica en el idioma en que está escrito.

"Gehiago duenari gehiago emango zaio, eta gutxi duenari dena kenduko zaio", esan zuen San Mateok orain dela bi mila urte inguru. Esaera hau bizitzako aspektu askotan frogatu da, hala nola giza-zientzietan eta ekonomian (nork ez du entzun zailena lehenengo milioia irabaztea dela?). Azkeneko urteetan kirol munduan ere aplikagarria dela frogatzen ari gara. Neuk kirolaren arloan lan egin dut fisioterapeuta bezala, baita ikerlari gisa ere, eta, esperientziaz zein ebidentziaz, kirol batzuetan ebanjelariaren esaera aplikatu daitekeela argi daukat.

Fisiologia alorrera tesia egiteko ailegatu nintzen 2009. urtean. Argitaratu berriak ziren taldeko ikerlan batzuek interes handia piztu zuten komunitate zientifikoan. Lehenengoan, eta, nire ustez, bitxienean, jaiotze datak unibertsitatean sartzeko emaitzetan eragina zuela demostratu zen. Gainera, efektu hori nabariago zen "gaitasun bereziak" (Arte Ederretan kasu) edo emaitza oso altuak beharrezkoak zirenean (Zubero eta lank., 2008). Futbol jokalari gazteen arrakastan jaiotze datak badaukala eragina frogatu zuten beste lan batzuek (Gil eta lank., 2007). Laburbilduz, ikasketetan zein futbolean urte hasieran jaiotakoek emaitzarik hoberenak lortzen zituztela ondorioztatu zuten Jon Irazusta doktorearen taldekideek. Honi "adin erlatiboaren ondorioa" esaten zaio, eta adin kronologikoaren eta adin biologikoaren aldearen ondorioz suertatzen da. Batetik, kontuan hartu behar da kirolariak gazteak direnean maila edo kategorietan sailkatzen direla, eta maila hauek egiteko mozketa jaiotze urtea izaten dela normalean. Ondorioz, kategoria berean jokalarien arteko alde kronologikoa ia ia urte betera ailegatu daiteke. Bestetik, adin biologiko edo heldutasunak gaitasun askoren garapena baldintzatzen du. Adin bereko gazteen kasuan, urte hasieran jaiotakoek gaitasun fisikoa eta intelektuala arinago garatzen dituzte urte amaieran jaiotakoekin konparatuz, eta, nerabezaroan garapen abiadura bereziki altuagoa denez, garai honetan behin behineko alde handiak sortuko dira. Nerabezaroa amaitzean ezaugarrien garapena amaitzen da neurri handi batean, aipatutako abantaila desagerraraziz. Hala ere, 13 urtetik 18 urtera arte pasatu behar diren hautaketa frogak kirolean edo ikasketetan (selektibitatea, adibidez) adin erlatiboaren ondorioz ez dira berdintasunean pasatzen. Gai mamitsu baten aurrean geundela eta geurea kirol fisiologia zela kontuan hartuta, saskibaloiko jokalari gazteen ezaugarriak (jaiotze data eta heldutasuna, besteak beste) ikertzea erabaki genuen eta horretan jarraitzen dugu.

Urte hauetan frogatu dugu futbolean ez ezik saskibaloian ere urtarrilean edo urtarriletik hurbil jaiotzea arrakastatsua izateko gakotariko bat dela, batez ere mutil gazteen artean. Haur mailatan, talderik hoberenek mutil garatuenak hautatzen dituzte, luzeagoak, arinagoak eta trebeagoak direlako. Horren ondorioz, garapen berantiarreko 13 urte inguruko gazteak talde hoberenetatik (eta entrenatzaile hoberenengandik) alboratu egiten dira, kasu askotan saskibaloian jokatzeari utziz. Teorikoki, efektu honek indarra galtzen du LEBen, baina, batez ere, ACB ligetan. Hau gerta daiteke liga hauetara ailegatzen direnak oso jokalari onak izan behar direlako, eta, bereziki onak direnean, adin erlatiboaren efektua gutxitzen da, gaitasun bikainak dituztelako (Pau Gasol urtarriletik urrun jaio zen). Efektuaren galera ulertzeko garrantzitsua da zera jakitea: liga hauetako talde gehienek mundu osoko jokalari bikainak fitxatzeko aukera dute. ACBko jaiotze dataren analisi orokorrak horrela azaldu arren, aste honetan Real Madrilek liga irabazi du, eta bere jokalarien % 80 baino gehiago urtearen lehenengo seihilabetean jaioak dira. Hala ere, saskibaloiko munduko ligarik hoberena den horretan ez da azaltzen jaiotze dataren eragina. Cavaliers taldearen jokalari gehienak (aurtengo NBAko irabazleak) bigarren seihilekoak dira. Dena den, Estatu Batuetako jokalarien formazio eta hautatze prozesua oso berezia da arrazoi askorengatik (jokalari kopuru erraldoia, adibidez).

Adin erlatiboaren ondorioa ikuspuntu desberdinetatik arazo bat dela ulertzea erraza delakoan nago. Hautaketa irizpide miope izatearen ondorioz, talentudunak izan daitezkeen jokalariak galtzen dira. Momentu batean garapen berantiarra duen jokalariari kirolaren ikasketa prozesu hobea izateko aukera ukatzen zaio, bidegabean oinarrituriko kirol sistema bat eraikiz. Porrot honen aurrean, gazte askok kirola egiteari uzten diote, eta gazteak kiroletik alboratzea, nire ustez, osasun komunitarioaren arazo bat da. Ondorioz, kirol errendimendu, justizia, hezkuntza eta osasunagatik, kirolari gazteak hautatzeko edo sailkatzeko beste sistema bat aldarrikatu behar da. Kirol minoritarioetan edo banakakoenetan ez da hau gertatzen, baina, kasualitatez, gure seme-alabek gehien praktikatzen dituzten eskola kirolak futbola eta saskibaloia dira. Emakumezkoen kasuan, saskibaloia da lehenengo kirola jokalari kopuruari begira, eta horixe da gure ikerlerro berria.

 

Argazkiak: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.