euskaraespañol

Sare sozialak campusa

Mikel Aizpuru

Zer daki gizarte batek bere historiari buruz?

UPV/EHUko Historia Garaikide Saileko zuzendaria

  • Cathedra

Fecha de primera publicación: 01/07/2016

Este artículo se publica en el idioma en que está escrito.

Historialariok ditugun kezken artean badago bat gutxitan aipatzen dena eta are gutxiagotan idatziz jartzen dena: Historiak toki gutxi dauka egungo gizarteetan. Beste era batera esanda, zenbat historia eta nolakoa ezagutu behar dute gizarte bateko kideek? Are gehiago, Historia beharrezkoa al da gizartea osatu ahal izateko? Historialarion erantzuna, Tuzididesen garaitik, noski, baiezkoa izan da; gainera, gure lanak eta ogibideak ez lukete zentzurik izango ezetz erantzunez gero. Izan ere, nondik gatozen jakitea ezinbestekoa da oraina ulertzeko, nahiz eta ez duen hainbesteko garrantzirik etorkizuna asmatzeko.

Dena den, oso desberdina da Historiak denboran zehar izan duen tokia. XIX. mendean agertu ziren historialari akademikoak, eta ez da kasualitatea Historiak, diziplina akademiko gisa, urrezko garaia bizi izana une hartan. Nazio-estatuaren eraikuntzan izandako tokia dugu horren lekuko. Etengabeko garapenaren ideiaren nagusitasunak eta denboraren linealtasunak ere lagundu zuten gure jakintza-arloaren ikusgarritasunean. Egungo egoera, ordea, arras desberdina da. Oso nabarmena da Historiaren tokia gure munduan. Nola ulertu, esate baterako, Sirian gertatzen ari dena, Ekialde Hurbila Frantziaren eta Britainia Handiaren artean banatu zuen 1916ko Sykes-Picot akordia kontuan hartu gabe? Nola azaldu, bestetik, Brexit-a, Erresuma Batuak azken bi mendeetan izan duen Europarekiko jarrerari erreparatu gabe? Jarri daitezkeen kasuak zenbatu ezinezkoak dira. Hala ere, historialariok dugun pertzepzioa da ez agintariek, ez komunikabideek, ez eta gizarteak berak ere, bere osotasunean hartuta, ez gaituztela aintzat hartzen. Brexit-era itzuliz, azken hirurogei urte hauetan Europako hainbat herrialdek elkarrekin egindako ibilbideak ekarri dizkigun onuren historia ahaztuta dugu —beharbada, britainiarrek hartu duten erabakiaren arrazoietako bat izan daiteke—.

Are larriagoa iruditzen zaigu historialarioi gizartea ez jabetzea gure diziplinak egin dituen aurrerapenez. Izan ere, jende askorentzat, oraindik, gerra eta botere-borroken kontakizunekin bakarrik lotzen da Historia. Bestalde, garbi ikusten da belaunaldi gazteenek iraganarekiko duten axolagabekeria: "pasatu baldin bada, pasatu da eta, ondorioz, ez du inporta" da gure ikasle askok esaten digutena Historiaren garrantzia azpimarratu nahi diegunean. Beraz, ez da harritzekoa azterketak edo lanak zuzentzen ditugunean astakeria ugari irakurtzea edota inongo hausnarketarik gabeko datu-pilaketak aurkitzea.

Dena den, inolako zalantzarik gabe, Historia tresna esanguratsua da gizarte bizitzarako, eta horretaz ohardun izan dira garai desberdinetako agintari eta diktadoreak. Gasteizen Foronda Institutuak egin berri dituen jardunaldietan, Ramón López Facalek gogorarazi zigun Stalinen esaldia: "Historia arriskutsua da, dena alda dezakeelako" eta berak, hain zuzen, hainbat ahalegin egin zituen Sobiet Batasunaren oroimena aldatzeko. Hala nola, argazkiak manipulatzeko agindu zuen, Trostky eta bere etsai politikoak desagerrarazteko, horrela bere boterea sendotzeko. Euskal Herrian bertan, indarkeria politikoaren amaierak gertatutakoaren "errelatoaren" edo kontakizunaren guda ireki du, Historiak alde bati edo besteari arrazoia emango diolakoan. Bide horretan, ez dira falta euskal gizarteak arinegi ahaztu duela ETAren bortxakeriak ereindako biktimak salatzen duten zenbait hausnarketa. Hori adierazi zuen duela gutxi José Antonio Pérez historialariak: "El complicado papel de la historia (y los historiadores) en el País Vasco tras el final del terrorismo" idazlanean. Ez da hau tesi hori eta artikuluan azaltzen diren beste baieztapen batzuen zuzentasuna eztabaidatzeko tokia. Nire hausnarketak beste bide batzuk hartu nahi ditu.

Historialaria izan arren eta aurreko paragrafoetan azaldu ditudan kezkekin bat etorri arren, egoeraren larritasuna mugatu egin behar dela iruditzen zait. Alde batetik, inoiz ez da gaur egun beste Historia-lan zabaldu: milaka dira urtero argitaratzen diren liburuak, ugari dira aldizkari zientifikoak eta dibulgaziozkoak, ez dira falta irratietan historiari buruzko saioak, eta telebistan eta zinema-aretoetan bertan ere arrakasta dute Historian oinarritutako filmek eta telesailek. Ez al da Game of Thrones Historiaren irakurketa berezia egiten duen kontakizuna? Gure gizarteak Historiarik ez dakiela esaten dutenek nostalgiaz begiratzen diote iraganari, eta nostalgia bidaide arriskutsua da. Gehienek eskolan irakatsitako apurra zutenean babes historiko bakartzat, hobeto ote geunden? Gaur egungoak baino hobeak al ziren frankismo garaiko eskuliburuen historia atalak? Ezin ahaztu, bestetik, Hasier Etxeberria kazetariak duela gutxi plazaratu duen hausnarketa Zuzeu web-orrian: "Zero puntuan beti". EITBko kazetariaren tesia erraz laburbil daiteke: guk ez genion kasurik egiten zaharrek esandakoari eta gure gazteek ere ez dute sentitzen atzera, gure Historiara, begiratu beharrik; "bizilegea izango da". Beste era batera azaldu omen zuen auzia Irlandako presidenteak 1916ko altxamenduaren urteurrenean, dena oroitzen duen pertsonak edo herriak erotuta amaitzen du.

Bada, azkenik, historialariok geure buruari egin beharreko errieta. Zer nolako historia idazten dugu? Ez al da maiz astuna, txikikeriaz eta xehetasunez betetakoa, gaizki idatzia, gure kideei bakarrik, eta ez gizartearen gehiengoari zuzendua? Historialari akademikook gurpil zoroan sartu gara, eta sarritan gizartearen behar eta premiei bizkar emanda egiten dugu lan, gure artekoen ebaluazioari begira soilik. Baldintza horietan, ezin kexatu gizarteak Historiari guk nahi baino garrantzi gutxiago ematen baldin badio.

 

Argazkiak: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.