Erakusketa Iraunkorra

1. Mintegi Aretoa

Mintegi Aretoa

Museoko lehen gela da. Irakaskuntzarako prestatua dago eta bertan medikuntza eta erizaintzako ikasleen praktikak, klaseak eta mintegiak ematen dira. Sesio zientifikoak (konferentziak, mahai-inguruak, jardunaldiak, etab.) aldian-aldian antolatzen dira eta doktore-tesien defentsarako, tesinak eta beste aurkezpen publikorako erabili izan da ere. Gela honetan burutu diren 200 ekitaldi zientifikoetan tribuna honetatik Caro Baroja, Barandiaran, Ajuriaguerra, Barriola, Villasante, Granjel, Monreal, Charritton, Cid, Thillaud edota Gourevitch bezalako pertsonai garrantzitsuak pasatu izan dira.

Medikuntza eta zientziaren historiari buruzko liburutegi zabal bat du. Bertako fondoak kontsultatzera datozen ikertzaile eta adituentzat Irakurketa Gela bezala erabiltzen da.

Gela honetan ikusgai dauden objektuen artean Toledo, Axpe, Laffita, Corral, Feijo, Posse eta beste doktore batzuen mikroskopio pertsonalak aurkezten dira. XIX. mende hasierako eta erdialdeko maleta kirurgikoak nabarmentzekoak dira ere; eta XX. mende hasierako Epalza eta Guimón doktoreen kirurgia oftalmologikoa eta urologikoko ekipamenduak ere.

Zaharkin itxurako liburutegiek, apalategiek eta beira-arasek Julio Caro Baroja (1914-1995) ikertzaile ospetsuari eskainitako gela honen irudia liraintzen dute.