Zabaltza, Xabier
(Historia Garaikidea Saila, Letren Fakultatea)
JARDUERA PROFESIONALA
Xabier Zabaltza Pérez-Nievas EHU-Euskal Herriko Unibertsitateko Gaur Egungo Historiako irakaslea da 2012az geroztik, 2020az geroztik Irakasle Agregatuaren (Titularraren) maila izan duelarik. Haren espezialitatearen eremua talde nortasunen eta hizkuntzen historia da, baita Antzinako Erregimeneko, bereziki Euskal Herriko lurraldeetako, ordezkaritza erakundeena ere, “a Gypso usque ad Cohortes et a Genistosa usque ad Hospitale Sancti Blasii”.
Haren obra akademikoaren barruan aipatzekoak dira Mater Vasconia. Lenguas, fueros y discursos nacionales en los países vascos (2005), Una historia de las lenguas y los nacionalismos (2006 eta 2010) eta Euskal Herria, heterodoxiatik (2024) liburuak eta Historia Contemporánea, Historia y Política, Nations and Nationalism eta Parliaments, Estates & Representation aldizkari espezializatuetan, besteak beste, argitaraturiko artikuluak. Gu, nafarrok (2007) euskarazko saiakeran, gaztelaniaz Nosotros, los navarros (2009) izenburuarekin argitaratu zen horretan, Nafarroaren nortasunak, elkarri aurka egiten diotenak, modu kritikoan aztertu zituen. Agosti Xaho zuberotar idazlearen, abertzaletasunaren aurrekaririk garrantzitsuenaren, euskarazko biografia baten egilea da (Aitzindari bakartia, 2011), gaztelaniaz eta frantsesez ere agertu zenarena. Iván Igartuarekin batera, Euskararen historia laburra ere idatzi du (2012, 2016 eta 2021), euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.
Euskal Herriko Unibertsitateko Gaur Egungo Historiaren Sailean sartu zenez geroztik, Ikerketa Talde eta Proiektu batzuetako kidea izan da, betiere Agirreazkuenaga eta Urquijo katedradunen esanetara.