euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Ghadeer Omar: «Gure ikasleek bizi-grinari eusten diote»

Zisjordianako An-Najah Unibertsitate Nazionaleko dekanoak azaldu du EHUn nolakoa den bere fakultatearen bizitza

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2025/11/13

Ghadeer Omarrek Zientzia eta Teknologia Fakultatean eman zuen hitzaldia atzo, azaroak 12. | Argazkia: Miguel Espiga. EHU Komunikazio Bulegoa.

Palestinatik datozkigun herri eraitsien zuri-beltzeko irudiak buruan ditugula, bertako basa-landareen herbario koloretsua aurrez aurre eta pasioz aurkeztea bizitza heriotzaren aurrean nagusitzea izan da. Ez zaio aurrera egiteko grinarik falta Ghadeer Omar An-Najah Unibertsitate Nazionaleko Zientzia Fakultateko dekanoari (Nablus, Palestina); hortik, Euskal Herrira egindako bisita, eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean emandako hitzaldia. “Life in a Palestinian university and biomedical applications of native wild plants” izenburupean, unibertsitateak oro har, eta bertako ikasle zein irakasleek zehazki, aurrera nola egiten duten kontatu du. “Unibertsitatean irakastea munduko misiorik onenetakoa da”, nabarmendu du Zientzia Fakultateko dekano palestinarrak.

Gaza zein Zisjordaniako egoera larria gogoan, minutu bateko isilunea eginez hasi da EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikasle eta irakasleak bildu dituen hitzaldia. Jarraian, Gernikako arbolaren sinbolo den haritz-hosto baten lepokoa oparitu dio bertako dekano Fernando Plazaolak Ghadeer Omar-i, An-Najah Unibertsitate Nazionaleko Zientzia Fakultateko dekanoari. 25.000 ikasletik gora dituen Palestinako lehen unibertsitateak herrialdean barreiatuta ditu fakultateak; Gazakoak eraitsita edo itxita daude une honetan, eta, gainerakoetan, zailtasun handiekin baina egunerokoari eusten diote egoera politiko eta humanitariora egokituta. Esaterako, onlineko ikasketak biderkatu dituzte azken urteotan ikasle askok ezin duelako unibertsitatera bertaratu Israelek ezartzen dituen debekuak tarteko. An-Najah Unibertsitateko Zientzia Fakultatea diziplina anitzeko zentroa da, hala nola fisika, kimika, matematika, biologia edo genetikako ikasketak biltzen ditu, eta bereziki bultzatzen dute, hain zuzen ere, diziplina anitzeko ikerketa laguntzen bidez.

Unibertsitatearen helburu nagusien artean dago akademiaren eta gizartearen arteko hutsunea betetzea, “gure aurrerapen zientifikoak herrialdean onura sozial eta ekonomikoak ekarriko dituela bermatzeko”, esan du dekanoak. Baina zailtasunak eta erronkak ez dira nolanahikoak Palestinako bizitza akademikoan. Horien artean aipatu ditu Omar-ek fakultatera edo kongresuetara joateko ezintasuna Israelek mugak itxi eta kontrolak areagotzen dituelako. Ondorioz, jarraitutasuna eskatzen duten ikerketak zerotik hasi behar izaten dituzte askotan, edota hainbat ikerketa zientifiko albo batera utzi landa-bisitak ezin dituztelako egin. Material-eskasia egunerokoa bihurtu da, baita artikulu zientifikoak argitaratzeko eragozpenak ere. Maiz ikasleekin komunikazioa mantentzea eta emozionalki haiek laguntzea bihurtzen da irakasleen zeregin nagusia, “ikasleak inspiratzen jarraitzea”, dio Omar-ek determinazioz.

Argi-izpi horrek bete du jarraian aretoa, biomedikuntzan aplikatutako Palestinako landaredia oso bereziari buruzko bere ikerketa aurkezteari ekin dionean. Ghadeer Omar-ek sortu zuen, hain zuzen ere, Zisjordaniako lehen herbarioa, eta bera da Palestinako aditu handiena landare-taxonomiaren arloan. 2012an «Women in Science Hall of Fame» saria jaso zuen adituak azaldu du herrialde txikia izan arren biodibertsitate handia duela Palestinak. 51.000 espezie bizi daude bertan, munduko biodibertsitatearen % 3, eta horietatik 3.000 landare-espezieak dira, asko endemikoak. Palestinako ikurra den olibondoa (Olea europaea) aipatu du lehenik; herritar askorentzat diru-sarrera da, baina olibondoen ekoizpena arriskutsua ere bihurtu da Israelgo gobernuak gogor ekiten duelako ekoizleen aurka. Landareen artean aipagarriak dira ziklamena (Cyclamen persicum), Palestinako landare nazionala, edota, sendabelar hainbat, Salvia fruticosa edo Paronychia sinaica kasu.

Zailtasunak zailtasun, eta zoritxarra gorabehera, esperientzia akademiko aberatsa oparitu die eta bere erresistentziazko espiritu inspiratzailea partekatu du Ghadeer Omar-ek gaur bizitza eraikitzeko duten EHUko gazteekin. Hondakinen artetik itxaropenerako hazia erein du dekano palestinarrak, bizitza heriotzari gailenduz.