-
EHU, Europako unibertsitate hoberenen artean ingeniaritza ikasketetan
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du»
-
EHUren memoriaren zaindaria
-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
José Ignacio García Plazaola
Zertan dute antza Antartikako liken honek eta Ernest Shackelton esploratzaileak?
Landareen Fisiologiako irakaslea
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2022/03/28
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Antartika, “kontinente zuri” handia, lehorreko bizitzarako planeta osoko lekurik ezatseginetako bat da. Izaki bizidun gutxi batzuk baino ez dira bizi han, kostaldean gehienak, Hego Poloko Ozeanoaren ondoan. Giro oker horretan, izaki toleranteenek soilik lortzen dute bizirik irautea, batik bat, itsasoko baliabideei esker. Hala egin izan dute Poloko esploratzaile handiek eta zenbait organismo txikik.
Ernest Shackleton kapitaina horren adibide egokia da. 1915eko neguan Antartikako itsaso izoztuan harrapatuta geratu zen bere tripulazioarekin batera. Poloko esplorazioaren historian inoiz izandako epopeiarik harrigarrienetako bat bizi izan zuten. Abentura epiko horretan, gainera, bigarren negu bat pasatu behar izan zuen Elefante uhartean (Hego Shetland); hala ere, denek lortu zuten baldintza gordin horietan urtebetetik gora pasatzea.
Uhartera iritsi zirenean, kostaldeko zenbait zati esploratu zituzten. Azkenean, pinguino kolonia batetik gertu babestu ziren, Point Wild deitu zuten lekuan. Han bizitzeko behar zuten guztia lortu zuten (babeslekua, elikagaia eta erregaiak), hil batzuen ondoren erreskatatu zituzten arte.
Inguru konplexu horretan, eguneroko bizitza ez zegoen bideratuta soilik elikagaiak eta erregaiak bilatzera. Beren errutinei ere eutsi zieten eta entretenimenduak bazituzten. Robert Clark espedizioko biologoak, adibidez, zenbait goroldio eta liken espezie bildu zituen bere oharretan. Bitxia badirudi ere, zerrenda horretan ez zuen jaso ziurrenik Point Wildeko hondartzan ere bizi zen liken espezie baten izena, ‘Mastodia tessellata’, esploratzaile haiek bezala Antartikan bizirauteko estrategia zoragarri bat duena.
Baina, zer da liken bat?
Izaki enigmatiko txikiak dira likenak, asoziazio estu edo “sinbiosi” baten ondorio dira, gutxienez alga baten eta onddo baten artekoa.
Emaitza ezin arrakastatsuagoa da: likenak dira organismo fotosintetiko nagusiak planetako lekurik gogorrenetako batzuetan, hala nola Himalayako gailurretan, eskualde polarretan eta Atacamako eta Kalahariko basamortuetan. Antartikan, esaterako, 400 liken espezie baino gehiago bizi dira, eta bi landare espezie baino ez.
Likenen asoziazioetan, algak fotosintesia egiten du eta azukreak ematen dizkio kideari, onddoari. Horrek, bestalde, babesa eta beste baliabide batzuk ematen dizkio algari. Beraz, bi kideek lortzen dituzte onurak interakzioan, eta horregatik, “mutualistatzat” jotzen da harremana.
Dena den, espezieen arteko beste asoziazio askotan bezala, elkarrekiko onura zer den definitzea zaila da; batzuetan, arbitrarioa ere bai. Adibidez, gizakiok abereak babesten eta elikatzen ditugu, eta horiek haragia, esnea eta artilea ematen dizkigute. Mutualismoa da edo abereen parasitoak gara?
Liken bikain bat
Gai horrek jakin-mina piztu die urte luzez ‘Mastodia’ ikertzen aritu diren adituei, onddoaren eta algaren arteko interakzioa oso bitxia delako.
‘Mastodia’ ezohiko espeziea da hainbat arrazoirengatik. Planetan deskribatu diren gutxi gorabehera 20.000 liken espezieetatik, soilik bi daude alga makroskopiko batez osatuta. ‘Mastodia’ da horietako bat, eta ‘Prasiola’, bere alga.
‘Prasiola’ libreki edo onddo batekin bizi daiteke, hau da, ‘Mastodia’ moduan, eta, askotan, biak leku berean bizi dira. Hala, ‘Prasiola-Mastodia’ bikotea eredu bikaina da sinbiosiaren onurak eta desabantailak aztertzeko.
‘Mastodia’ren beste ezaugarrietako bat da bi poloetan bizi dela, bai Artikoan (Alaskan), bai Antartikan. Ziurrenik itsasoko hegaztiek hedatu dute, badaudelako zenbait espezie urtero polotik polora migratzen dutenak.
Izan ere, ‘Mastodia’ kostaldean bizi da, eta pinguinoen eta bestelako hegaztien koloniak bilatzen ditu, Endurance ontziko tripulazioak egin zuen bezala. Horregatik, ‘Mastodia’ espezie ornitokoprofilotzat hartzen da. Hau da, hegaztien eginkariei esker bizi da.
Elefante uhartera iritsi zirenean, Shackletonen gizonek itsasontziei buelta eman zieten, barruan babesteko inguru epelagoa eta seguruagoa sortzeko. Era berean, egiaztatuta dago onddoak babestu egiten duela ‘Prasiola’.
Izan ere, asoziazioan, jaitsi egiten da alga izozteko tenperatura. Gainera, izozteak bere metabolismoari eragiten dizkion efektu negatiboak ere gutxitzen dira. Ordainetan, fotosintesiaren efizientzia txikiagoa da, algak onddoa elikatu behar duelako.
Horrenbestez, oraingoz, asoziazioa onuragarria da bi kideentzat. Baina, zer gertatuko litzateke halako tenperatura txikiak ez dituen ingurune batean?
‘Mastodia’k eta Enduranceren tripulazioak irtenbide egokiak aurkitu zituzten Antartikan bizirauteko. Hala ere, ingurumen baldintza aldagarriekin, baliteke irtenbideen eraginkortasuna galtzea.
Adibidez, klimak berotzen jarraituz gero, baliteke ‘Prasiola’ren eta ‘Mastodia’ren arteko harremanari eragitea. Tenperatura epelagoekin, onddoari ordaindu beharreko prezioa ziurrenik ez da konpentsatuko babesaren onurekin. Tenperatura handiagoek, halaber, baliteke mantenugaiak ematen dituzten hegazti populazioei eragitea.
Nola eta zenbateraino eragingo diete aldaketa horiek ‘Prasiola’ri eta ‘Mastodia’ri? Ikertzen jarraitu beharreko gaia da.
