Jakintzaren Bidea martxaren VIII. edizioak parte-hartzaileen bere errekorra hautsi du
Lehenengo argitaratze data: 2014/10/06
Guztira 590 pertsonak parte hartu dute igande honetan, urriak 5, ospatu den Jakintzaren Bidea martxaren VIII. edizioan. Ondorioz, ekimen honek orain arte inoiz izan duen parte-hartzaile kopururik handiena izan du aurten. Hain zuzen, edizio honetan bikoiztu egin da aurreko edizioetako bataz besteko kopurua eta, ondorioz, antolatzaileak oso pozik agertu dira.
Parte-hartzaileen %60 Unibertsitatearekin loturaren bat duten pertsonak izan dira (gehienak ikasleak) eta gizon/emakumeak erlazioa %50ekoa izan da, gutxi gora behera.
Lasterketak 17 kilometro izan ditu, eta UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko unibertsitateko kiroldegian hasi eta Zamudioko Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko Itsasontzia eraikinean bukatu da. Martxaren egunean ez zuen euririk egin eta, beraz, bidea nahiko garbi zegoen. Helmugara heldu zen lehenak 2 ordu eta 5 minutu behar izan zituen ibilbidea osatzeko, eta azkenak 4 ordu eta 30 minutu.
Martxak anoa-postu bi izan zituen ibilbidean zehar eta beste bat gehiago bukaeran fruta, edari, ogitarteko eta opilekin. Gainera, parte hartu duten guztiek kamiseta bat jaso dute opari bezala.