euskaraespañol

Redes sociales campusa

Javier Belausteguigoitia, Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikaslea, saritu dute Simon Marais Mathematics Competition txapelketan

Banakako sailkapenean 15 onenen artean geratu da, eta Espainiako lehenengoa izan da herrialdeen araberako sailkapenean

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2025/12/18

Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikaslea den Javier Belausteguigoitia
Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikaslea den Javier Belausteguigoitia | Argazkia: Egoi Markaida

EHUk aurten Simon Marais Mathematics Competition txapelketan, unibertsitateko ikasleei zuzendutako matematika lehiaketa ospetsuan, hartu du parte, eta arrakasta lortu du Javier Belausteguigoitiak, Matematika Graduko bigarren ikasmailako eta Fisika Graduko lehenengo ikasmailako ikasleak (aldi berean ari da titulazio horiek egiten) 15. postua lortu baitu sailkapen indibidualean eta, horri esker, herrialdekako sailkapenean, Espainiako lehen postua lortu du.

Simon Marais Mathematics Competition txapelketa bi modalitatetan (banaka eta bikoteka) antolatzen da eta, gainera, bi eremu geografikotan banatzen da: ekialdea eta mendebaldea. «Ezagunagoa da ekialdeko eremuan eta 1.500 ikaslek hartu dute bertan parte, baina mendebaldean ere gero eta entzute handiagoa lortzen ari da. Aurten, Londreseko King’s College eta University College unibertsitateek eta Madrilgo eta Bartzelonako unibertsitate autonomoek hartu dute parte besteak beste. Guztira, gure dibisioan, 137 ikaslek lehiatu dute banakako modalitatean, eta 76k binakakoan», azaldu du Josu Sangronizek, Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleak. Hain zuzen ere, irakasle hori izan da azken edizio honetan EHUren partaidetza bultzatu duena.

Lehiaketak dirutan edo enpresetarako beka bidez eskaintzen ditu sariak, eta hori ez da ohikoa izaten horrelako egitasmoetan. Dena den, Sangronizen arabera, «gure ikasleei problema konplexuak konpontzeko erronkari aurre egiteko aukera eskaintzea da baliotsuena. Era horretako jarduerez bereziki gozatzen dutenei alternatibak emateko betebeharra dugu». Belausteguigoitiaz gain, EHUko beste bi ikaslek hartu zuten parte modalitate indibidualean, eta beste bik bikoteka. Javierrek 200 dolar australiarreko saria jasoko du bere sailkapena dela eta.

Ez da hau izan Javier Belausteguigoitiak matematikako txapelketetan parte hartzen zuen lehen aldia; izan ere, Batxilergoa egiten ari zela, hainbat olinpiadatan esku hartu zuen eta, karrerako lehen mailan zegoela, fase nazionaleraino iritsi zen. Iaz, gainera, unibertsitateko olinpiadan hartu zuen parte.

Zergatik erabaki zenuen Simon Marais Mathematics Competitionen parte hartzea?

EHUko bost ikaslek hartu genuen parte Josu Sangronizek, Aljebrako irakasleak, hala proposatu zigulako.

Zer iruditu zitzaizkizun probak? Zer eratakoak izan ziren?

Azterketak bederatzi galdera zituen, bi saiotan banatuta: bost goizez, eta lau arratsaldez. Online hartu genuen parte, etxetik konektatuta. Problemen zailtasuna pixkanaka handitu egiten da probak aurrera egin ahala, eta problema bakoitzak zazpi puntuko balioa du. Ez da espero enuntziatu guztiak frogatzen jakingo duzunik, askotan ikustea asko kostatzen den “zorioneko” ideia baten menpe daudelako asko, nahiz eta, gehienetan, emaitza ulertzeko behar diren ezagutzak ditugun. Problemak edozein arlotakoak izan daitezke: aljebra, analisia, probabilitatea, konbinatoria edo baita jokoen eta multzoen teoria ere. Ez dute eskatzen zenbakizko balioa aurkitzea, propietate bat frogatzea baizik.

Gainera, beste olinpiada batzuetan ez bezala, urtero Simon Maraisek problema ireki bat proposatzen du (matematikari bakar batek ere frogatzen ez dakien problema izan ohi da). Emaitza interesgarriren baterantz aurrera egitea lortzen baduzu, puntuak ematen dira, baina, jakina, ez da espero ebazteko gai izango zarenik. Ni saiatu nintzen problema horretan zerbait aurreratzen, baina faktorizazio batetik harago ez nintzen oso urrun iritsi. Bi saioetako lehen problemak erabat ebaztea eta goizeko laugarren probleman partzialki aurrera egitea lortu nuen. Gakoa honako hau izan zen: goizeko hirugarren problema akatsik gabe egin nuen (edo, gutxienez, hori uste dut, banakako emaitzak ez baitizkigute itzuli). Modu mekanikoagoan ebazten saiatzen ordubete eman ostean aurkitu nuen ideia eta, azkenean, frogaketa oso polita geratu zitzaidan.

Oso problema interesgarriak iruditu zitzaizkidan eta atera ez zitzaizkidan batzuen emaitzak ikusteko gogo handia dut. Kasu batzuetan, ez nekien nondik hasi ere egin. Zailtasun tartea, beraz, oso zabala zela esan daiteke.

Sailkapenean horren postu ona lortzea espero al zenuen?

14 puntu inguru ateratzea espero nuen, lehen eta hirugarren problemetan itxaropen handia bainuen, baina ez nuen espero 25era iristea. Baikorra izanda, 21 punturen inguruan geratzea espero nuen. Askoz ere gutxiago espero nuen mendebaldeko dibisioan hamabosgarrena geratzea, baina oso sorpresa atsegina izan da.

Txapelketa gehiagotan parte hartzeko asmoa al duzu?

Fisika eta Matematikako laugarren mailako ikasle talde batek EHUko ikasleentzako matematika elkartea, EHUler, sortu du. Horko kide naiz eta Espainiako beste unibertsitate batzuekin lehiatzen dugu liga batean. Horren formatua matematikako olinpiadetakoaren antzekoa da. Oraingoz, Matematika Ligako topaketak bakarrik ditut aurrez ikusita. Horietan, sei laguneko taldetan lehiatzen dugu.

Eta, ikasketei dagokienez, etorkizunera begira, zer plan duzu?

Ez dut etorkizunari buruzko ideia zehatzik. Zientzia eta matematika ditut gustuko eta, oraingoz, karreraz gozatu eta ikasi egin nahi dut. Etorkizunera begira, ikusiko dut masterra, doktoregoa edo beste zerbait egin nahi dudan. Zerbait esan beharko banu, arlo teknikoan edo zientifikoan lan egin nahiko nukeela uste dut, baina oraintxe bertan, ez dit kezkarik sortzen horrek.