euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

MARNET proiektuaren lehenengo eskualde bilera Zubiria Etxean

Lehenengo argitaratze data: 2014/12/03

Joan zen azaroan MARNET proiektuaren lehenengo eskualde bilera egin zen UPV/EHUko Ekonomia Publikoko Institutuaren (EPI) egoitzan, Zubiria etxean (Sarriko, Bilbo). Proiektu honen helburua Atlantikoko itsas ekonomia ebaluatzea da, datu-base baten eta SIG (Informazio Geografikoko Sistema) mapen bidez. Horrela, datu sozioekonomiko fidagarriak, eskualdeen artean erka daitezkeenak, bilduko dira.

Mugaz gaindiko lankidetzak Europako Atlantikoko itsas eskualdeak barne hartzen ditu. MARNET proiektuak itsas sektorearen egoera ebaluatu nahi du gizarte eta ekonomia mailan, baita Atlantikoko eskualdeetako errealitate ezberdinei buruzko mapa egin ere. Zehazki esateko, EAEn, UPV/EHUko Ekonomia Publikoko Institutuak jasoko du sektorearen errealitatea Europako Atlantikoko Arkuaren mailan, CISMar indize bat sortuz, ingurumen, gizarte eta ekonomia aldagaien aukeraketa baten arabera.

Bilera honetan, Euskal EGABeko, Euskadiko Itsas Industrien Taldeko (Adimde), Euskal Herriko Itsas Foroko, Hazi Fundazioko eta Vigoko Unibertsitateko ordezkariak bildu ziren, baita MARNET proiektuan parte hartzen duten AZTI-Tecnaliako eta UPV/EHUko kideak ere.

Topaketan, hainbat saiotan, zenbait hitzaldi eskaini ziren itsas ekonomiaren definizioa (Juan Surís, Vigoko Unibertsitatea), EEren estrategia atlantikoa itsas alderdiei dagokienez (Arantza López de Munain, Euskal EGAB) eta MARNET proiektuaren alderdi metodologiko eta praktikoak (AZTI-UPV/EHU) hizpide hartuta.

MARNET proiektuan hainbat ikertzaile eta profesional biltzen dira, Euskal Herriko Unibertsitatekoak, AZTI-Tecnaliakoak, Irlandako BMW (Border Midland and West) Eskualde Biltzarrekoak, Negozio eta Ekonomiako Cairnes Eskolakoak (SEMRU, Irlandako Unibertsitate Nazionalaren parte dena), Eskoziako Stirlingeko Unibertsitatekoak, Portugalgo Itsas eta Ingurumen Ikerketarako diziplina arteko Zentrokoak (CIIMAR), eta Itsasoa Ustiatzeko Frantziako Ikerketa Institutukoak (IFREMER).

Proiektuaren aurrekontua 1,3 milioi eurokoa da, haren iraupena bi urte eta erdikoa izango da, eta EGEFek (Eskualde Garapeneko Europako Funtsa) finantzatzen du zati batean, EBren Atlantikoko Eskualde arteko Eremua 2007-2013 programaren bitartez.

Argazkian, ezkerretik eskumara: Arantza López de Munain (CES Vasco), Angel Santurtun (Adimde), Raul Prellezo (AZTI-Tecnalia), Jorge Virto (UPV/EHU), Marta Escapa (IEP, UPV/EHU), Alberto Ansuategui (IEP, UPV/EHU), Pilar González (IEP, UPV/EHU),  Carmen Gallastegui (IEP, UPV/EHU), Javier Fernández-Macho (IEP, UPV/EHU),  Juan Suris (Universidad de Vigo), Koldo Goitia (Hazi) y Arantza Murillas (AZTI-Tecnalia).