Aholkularitzako Nazioarteko Programaren lehenengo biltzarra
Noiz eta non
2015/07/27 2015/07/27
Deskribapena
Datorren uztailaren 27an, Valentziako Unibertsitatean, AEB-Europa Aholkularitzako Nazioarteko Programaren (IMP) urteko lehenengo biltzarra egingo da. Hezkuntza ekitaldi handia da, guztira 150 pertsona bilduko dituena; besteak beste, 22 zientzialari espainiar, atzerrian ibilbide arrakastatsua egin dutenak eta aurreko ikasturte akademikoan Espainiako doktoregaiei aholku eman dietenak beren ibilbide eta aukera profesionalen inguruan.
IMP programa 2014/2015 ikasturtean sortu zen, Asociación de Científicos Españoles en Estados Unidos (ECUSA) elkartearen laguntzarekin. Aurtengo edizioan, programa pilotu bat abiatu da: Espainiako bost unibertsitatetako –Valentziako Unibertsitatea, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitatea eta Miguel de Cervantes Europako Unibertsitatea– 78 ikaslek medikuntzaren, zientziaren eta teknologiaren arloan karrera trinkoak dituzten profesionalen aholkuak jaso ahal izan dituzte. Profesional horiek, gainera, gaur egun nazioarteko lehen mailako unibertsitateetan lan egiten dute: besteak beste, Harvarden, Massachusetts Institute of Technology-n, John Hopkins-en, Salk Institut-en eta Karolinska Institutet-en. Zehazki, UPV/EHUko 15 ikaslek parte hartu dute Aholkularitzako Nazioarteko Programaren edizio pilotuan, eta horietatik sei Valentziako biltzarrera joango dira.
Programa pilotu horretan, biomedikuntzan eta osasun zientzietan zentratu da aholkularitza. Hurrengo edizioan, 2015/2016an, ingeniaritzaren, ekonomiaren eta filologiaren arloetara zabalduko da, eta 300 ikasleri baino gehiagori emango diete aholku Espainiako 21 unibertsitatetan.
Zafira Castaño Harvardeko Unibertsitateko ikertzaileak eta programaren zuzendariak dioenez, "ikasleen prestakuntza hobetu nahi dugu erabakiak hartzeko orduan bideratuko dituen prozesu baten bidez; informazioa eman nahi diegu, eta beren karreran aktiboago jardun dezaten lagundu. Era berean, espero dugu beren aholkulariekin harreman egonkorra izango dutela eta bizitza profesional osoan lagunduko dien harreman sarea osatuko dutela".
María Soriano programaren zuzendariordearen eta Bostoneko Unibertsitateko ikertzailearen hitzetan, "AEBn eta beste herrialde batzuetan oso ohikoa da aholkulariak egotea; hots, besteei dagokien arloan aholku ematen dieten eskarmentu handiagoko pertsonak, erabakiak hartzen lagunduko dietena. Laguntza hori oso baliagarria da belaunaldi berriek ez ditzaten berriro egin guk egindako huts berberak, eskarmentu pixka bat izanda erraz ikusten baitira".
Valentziako topaketak lehendabizikoz bilduko ditu hezkuntzaren arloko, arlo publikoko eta arlo pribatuko ordezkariak eta IMPko aholkulari eta ikasleak. Goi mailako solasaldian arituko dira,nazioarteko aholkularitza profesionala goi mailako hezkuntza programa ofizialetako prestakuntza arlo zehaztu eta garrantzitsu gisa garatzeko beharraz. Parte hartuko dute, besteak beste, Carmen Vela Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako estatu idazkariak; José Ignacio Fernández Vera Fundación Española para la Ciencia y Tecnología (FECYT) fundazioko zuzendariak; Jorge Garcés Ferrer Georgetown Unibertsitateko Asturiasko Printzea Katedrak; eta erakunde ofizialetako ordezkariek, errektoreek, errektoreordeek eta dekanoek. UPV/EHUren aldetik, Itxaso Maguregi Olabarriak parte hartuko du ekitaldian; Master eta Doktorego Eskolako Nazioarteko Harremanen zuzendariordea eta idazkari akademikoa da.
Honako hauek lagundu dute IMP programan eta urteko lehenengo biltzarrean: Fundación Española para la Ciencia y Tecnología fundazioak, Asturiasko Printzea Katedrak, Banco Santanderrek, eta Valentziako, Euskal Herriko, Oviedoko, Miguel de Cervantes Europako eta Nafarroako unibertsitateek.
Informazio gehiago: www.imfahe.org