euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

40 urte matematikak lantzen Bilbon

‘40 years of Analysis & PDE in Bilbao’ kongresuak nazioarteko matematikaren figura nabarmenenetako batzuk bildu ditu Bizkaia Aretoan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/09/02

40 years of Analysis & PDE in Bilbao’ kongresuaren irekiera ekitaldia | Argazkia: EHU

Bilbok berriz ere matematikak elkarrizketa zientifikoaren erdigunean jarri ditu, ‘40 years of Analysis and PDE in Bilbao’ kongresuarekin. Ekitaldiak Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) sortu zen ‘Harmonic Analysis and PDE’ ikerketa-taldearen lau hamarkadako ibilbidea ospatzen du. Gaur egun, talde hori nazioartean erreferentziazko komunitate zientifiko bihurtu da.

Abuztuaren 31tik irailaren 4ra Bizkaia Aretoan egiten ari den topaketak nazioarteko ospe handiko ikertzaileak bildu ditu. Jardunaldiak aukera ematen du matematikaren ikerketan arrasto sakona utzi duen talde baten bilakaera aztertzeko, eta, aldi berean, oinarrizko ikerketaren eta matematikaren balioa aldarrikatzeko, ondare intelektualaren funtsezko osagai gisa.

Irekiera ekitaldian, EHUko errektore Joxerra Bengoetxeak zoriondu egin zituen kongresuak berrogei urte hauetan irautea ahalbidetu duten pertsonak, eta haien ekarpena eskertu zuen: «Talde honen berrogei urteak ospatzea ez da soilik ikertzaileen ibilbidea aitortzea; EHUk, Ikerbasquerekin, BCAMekin eta beste erakunde batzuekin batera, nazioarteko aitortza duen bikaintasun zientifikoko gune bat eraikitzeko izan duen eginkizuna balioestea ere bada».

Programak punta-puntako adituak biltzen ditu, eta matematika garaikidean garrantzi handia duten pertsonen parte-hartzea du. Topaketako jarduera aipagarrienetako bat Javier Gómez-Serranoren hitzaldi nagusia da. Ikertzaile honek Navier-Stokes ekuazioak aztertzen ditu; ekuazio horiek funtsezkoak dira fluidoen mugimendua deskribatzeko eta matematikako oraindik argitu gabe dagoen arazo handienetako batekin lotuta daude: haien soluzioak beti erregularrak diren ala ez zehaztea.

Kongresuak, gainera, ikerketa matematikoa gaur egungo erronka zientifiko eta teknologiko handiekin lotzeko aukera eskaintzen du. Adimen artifizialak, konputazio kuantikoak eta medikuntzak arreta publikoaren zati handi bat hartzen dute gaur egun; hala ere, aurrerapen horietako askoren atzean hamarkadetan zehar garatutako ezagutza matematikoa dago, kasu askotan berehalako aplikaziorik izan ez duena.

Urteurren honek hamarkadetan eraikitako proiektu zientifiko baten dimentsio instituzionala ere azpimarratzen du. ‘Harmonic Analysis and PDE’ taldearen sendotzea EHUren, Ikerbasqueren, BCAMen eta nazioarteko hainbat erakunderen arteko lankidetza iraunkorrari esker izan da posible. Elkarlan horrek Bilbo erreferente bihurtzen lagundu du nazioartean analisi matematikoaren eta deribatu partzialetako ekuazioen arloan.