Aitor Zurimendi Isla, ENPRESA ZUZENBIDEA ETA ZUZENBIDE ZIBILA saileko irakaslea
Zer dira putre funtsak?
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2026/10/08
Azken asteotan izandako bi gertaeraren ondorioz, gizartearen eztabaidagune nagusi bilakatu dira “putre funtsak” deiturikoak. Bata, María del Carmen Abascal etxetik kanporatu izana Urbagestion enpresak eskatuta; Abascal andrea 87 urteko emakumea da, eta 71 urte zeramatzan etxebizitzan alokairua ordaintzen. Bestea, Erandioko "Los Ochos" eraikineko etxebizitzetako maizterrak; izan ere, errentatzaileak, Mosaic funtsak, jakinarazi die ez dituela alokairu kontratuak berrituko eta etxebizitzak utzi behar dituztela. Gertaera horiek, batetik, pertsona horienganako enpatia sortu dute eta, bestetik, kanporatze horiek legezkoak badira zerbaitek huts egiten duelako ustea hedatu da gizartean, eta horrek guztiak eraginda putre funtsak geldiarazteko neurriak onartzeko eskakizuna areagotuz joan da.
Ez dago, baina, "putre funts" izeneko kategoria juridikorik edo forma sozialik, eta, beraz, ez dago araudi espezifikorik haientzat eta ez da erraza funts horiek identifikatzea. "Putre" terminoa ez da termino juridikoa, ekonomikoa edo arrunta baizik, eta inbertsio funts batzuei buruz hitz egiteko erabiltzen da; hain zuzen ere, aurreztaile askoren dirua biltzen duen finantza tresna da, hainbat aktibotan diru guztia batera inbertitzeko, eta honako estrategia hau erabiltzen dute merkatuetan: hasteko, aktibo merkeak erosteko "aukerak" aurkitzen dituzte, hau da, ahulezia ekonomikoan dauden titularrak (azkar saltzeko premia dute, eta, beraz, prezio merkean), eta, ondoren, aktibo horiekin ahalik eta mozkinik handiena ahalik eta eperik laburrenean lortzeko modua bilatzen dute. Hau da: hasteko, premia egoera bat aprobetxatzen dute merke erosteko (harrapakari estrategia horretatik sortu da "putre" kalifikazio ez-juridikoa); ondoren, oso denbora laburrean, erositako aktiboa "araztu" edo saneatu egiten dute, aktibo hori debaluatzen duen elementua murriztuz (zor tituluen kasuan, haientzat oso onuragarriak diren birfinantzaketa akordioak sinatuta, edo etxebizitzen kasuan, maizterrak kanporatuz), eta berriz saltzen dute erositako prezioa baino prezio nabarmen handiagoan.
Putre gisa kalifikatu ziren lehen inbertsio funtsak porrotetik hurbil zeuden estatuetan agertu ziren: estatu horiek zor publikoko tituluak jaulkitzen zituzten, balio oso txikia zuten merkatuan, eta inbertsio funts horiek titulu horiek erosten zituzten (adibidea: Argentina, 2014an). Aktibo horien titularrek saltzeko premia izaten zuten diru gehiago ez galtzeko, eta inbertsio funtsek titular asko eta askori erosten zizkieten aktibo horiek; horrela, zorra zeukan estatuarekin negoziatzeko unean, indar posizioan egoten ziren eta ezartzen zituzten birfinantzaketa baldintzen bidez, erositako prezioa baino askoz zenbateko handiagoa lortzen zuten zor titulu horiengatik. Gerora, antzeko estrategia erabili zuten krisi egoeran zeuden enpresen hartzekodunekin: hartzekodunak ez kobratzeko beldur ziren enpresa porrot egiteko arriskuan zegoela ikusita, eta inbertsio funtsek euren balioa baino askoz prezio txikiagoan erosten zizkieten kredituak. Horrela, masan erosita, inbertsio funtsa indar posizioan zegoen kaudimen gabezia zeukan enpresarekiko zorraren berregituraketa negoziatzerakoan, eta hartara, berak ezarritako baldintzen bidez, prezio nabarmen handiagoa lortzen zuen kreditu horietarako, eta irabazi nabarmena lortzen zuten nahiz eta jatorrizko kreditu oso ordaindu ez. Demagun (adibide teorikoa) inbertsio funts batek oso merke erosten dizkiela kredituak Tubos Reunidoseko hartzekodun gehienei; horrela, inbertsio funtsa indar posizioan egongo litzateke konkurtso egoerako negoziazioan, eta arriskuan jar dezake enpresak aurrera egitea.
Ondoren, estrategia hori bera ezarri zen etxebizitzak erosteko. Adibidez, 2013an, Madrilgo Udalak bere defizita nabarmen murriztu behar zuen, eta premia horrek eraginda, 1860 etxebizitza saldu zizkion inbertsio funts bati oso prezio merkean, eta funts horrek errentatzaileak subrogatu zituen; horrela, alokairu soziala ordaintzen zuten maizterrei merkatuko prezioak ezarri zizkien funtsak edo maizterrak kanporatuz, etxebizitzak merkatuko prezioetan saltzeko aukera zuen. "Los Ochos" etxearen kasuan, etxebizitza horien sustatzaileak porrot egin zuen, eta pisuen titulartasuna promozioa finantzatzen zuen kreditu erakundearen esku geratu zen. Alokairuko pisuen kudeaketa, baina, ez da erakunde horien ohiko jarduera, eta prezio oso merkean saldu zizkion inbertsio funts bati, eta orain aktiboa "saneatu" nahi du, hau da bizilagun guztiak kanporatu, eta, maizterrik gabe, ahalik eta denbora laburrenean, etxebizitzak saldu ahalik eta etekinik handiena lortzeko.
Hala ere, hasiera batean, orokorrean, harrapakari asmoz jokatzen zuten inbertsio funtsei aplikatzen zitzaien arren "putre funts” hitza, estrategia hau hedatu egin da eta inbertsio funtsak ez diren enpresek ere erabiltzen dute estrategia bera. Hain zuzen ere, María del Carmen Abascalen kasuan, Urbagestión erantzukizun mugatuko sozietatea da, baina datu formal horrek ez du salbuesten ekonomiaren ikuspegitik "putre" gisa kalifikatzetik, bere jarrerak abusu arrisku berberak baititu.
Azken urteotan, Belgikak, Erresuma Batuak, Holandak, Kanadak eta beste herrialde batzuek mugak jarri dizkiete enpresa edo erakunde putreen jarduerei, ahulezia eta zaurgarritasun egoera berezian daudenak babesteko (maizterrak, jakina; baina baita porrot zorian dauden enpresak edo estatuak ere). Muga horien oinarri nagusia ez da, baina, putre funtsen jarduerek merkatuko aktiboen prezioan (zorra edo etxebizitzak) izan dezaketen eragina, eragin hori txikia izan baitaiteke, baizik eta ahultasun egoera argian dagoen alderdia botere egoeran dagoen horretatik babestea, azken egoera horietan ohikoa izanik zuzenbideak neurriren bat hartzea egoera berrorekatzeko. Espainiaren kasuan, joan den astean, gobernua ahalegindu zen horrelako erakundeen jarduerak mugatzen, nahiz eta etxebizitzen erosketa esparrurako baino ez zen, baina diputatuen gehiengoak ez zuen onartu, eta, beraz, “putre funtsek”, oraingoz behintzat, askatasun osoa dute beren estrategia sarraskijalearekin jarraitzeko.