Ekitaldi xume bezain hunkigarriarekin ospatu ditu Akademek bere 10 urteak, Bilboko Hezkuntza Eskolan. Hara batu ziren hamarkada horretan emakume akademikoen garapen profesionalerako programan parte hartu duten kideetako asko. Maru Sarasola eta Idoia Fernandez omendu ditu Berdintasun zuzendaritzak ekitaldian.
AKADEME programaren 10.urteurrenean ekimena izan zutenak omendu dituzte
Maru Sarasola eta Idoia Fernandez omendu ditu Berdintasun zerbitzuak
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2026/05/07
Hamarkada batean sarea osatzen joan dira ezagutza arlo guztietako EHUko emakumeak, AKADEME programari esker. 300 emakumek baino gehiago egin du akreditazioa denbora horretan. Itziar Kerexeta AKADEME eGELApi euskarri digitalaren arduradunak azaldu bezala, “inklusibitatea estrategia moduan hartuta, unibertsitatean genero berdintasuna eta lidergo femenimoa bermatzeko balio izan du” programak.
Izan ere, horixe izan zen abiapuntua: berdintasuna transbertsala izatea unibertsitatean. Idoia Fernandez egun REDU Unibertsitate Irakaskuntzako Sareko lehendakariak, eta garai hartan Hezkuntza Zientzien irakasleak, oso argi ikusi zuen Kanadara egin zuen emakumeen lidergoa sustatzeko ikastaro batetik bueltan. EHUko orduko Berdintasunerakon zuzendari Teresa Nuño nahastu zuen emakume akademikoak ahalduntzeko egitasmoan. Eta ordukoak gogoratuz kontatu zuenez: "Guk ez genuen ikastaro bat nahi. Nahi genuen unibertsitateko DNAra eramatea berdintasuna eta kolaboratzen hasi, beste egitura askorekin”.
Orduan hasitako ibilbideari esker, eta hamarkada baten ondoren, emakume akademikoen sarea da sortzea lortu dute Euskal Herriko Unibertsitatean, lidergoaren beste adiera bat lantzeko lan egiten duena. Lidergoa ikasi egiten baita. Eta horretan aritu da Akademeren hasieratik Maru Sarasola formatzailea. Bera fitxatu zuten hasieratik irakasle moduan eta horretan aritu da Maider Gorostidik eta Izaskun Merodiok lekukoa hartu dioten arte. Hala, urteurrena omenaldi bihurtu zuen Berdintasunerako zuzendaritzak eta oroigarria emanez gauzatu zuten. Bihotzez eskertu zuen Sarasolak “emandako konfiantza” eta “bidaia ederra” izan dela esan zuen, hunkituta.
Ez zen, ordea, omenaldi bakarra izan. Leire Imaz, Berdintasunerako zuzendari izandakoari egokitu zitzaion sorpresa ematea Idoia Fernandezi; iragarri gabeko aitortza egin ziotenean, "lanerako gaitasuna, kemena eta erakutsitako proiekzioa” goraipatu zituen Imazek.
Urteurren ekitaldia borobiltzeko Virginia Imaz klowna gonbidatu zuten eta emozioak barre algara bilakatu zituen; bere ohiko ironia erabilita esan zuen lidergo ikastarora premia gutxien dutenak joaten direla, baita bizikidetzan eraldatzen ikastea adikzioa sortzen duela ere.
Zorionak, bada, EHUko emakume ahaldunduen sarea sortu, babestu eta bultzatu duzuenoi. Datozela beste hamar gehiago.
