euskaraespañol

Redes sociales campusa

Ane Sustatxa: «Bizi kalitateak kezka handia eragiten du gure belaunaldikoen artean»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2025/06/05

Ane Sustatxak kirurgia plastikoa espezialitatea aukeratu du, eskaera gehien jasotzen duten hiru espezialitateetako bat. | Argazkia: Ane Sustatxa

Ane Sustatxa bilbotarrak, EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean graduatutakoak, 43. postua lortu zuen urtarrilaren 25ean egindako barne mediku egoiliarren azterketan (BAME). Ekainaren 6an, ostiral honetan, hasiko da lanean eskaera gehien jasotzen duten hiru espezialitateetako batean: kirurgia plastikoa.

Zergatik aukeratu duzu kirurgia plastikoa? Zer alderdi izan da erabakigarria aukeratzeko garaian?

Oro har, kirurgia maite dudalako aukeratu dut batez ere eta, kirurgia plastikoari dagokionez, zehatzago esanda, askotariko ebakuntzak eskaintzen dituelako.

Eskaera handiko espezialitatea da. Zergatik izan daitekeela uste duzu?

Arlo pribatuan dituen irteerengatik eta, entzun izan dudanez, guardiak beste espezialitate batzuetakoak baino eramangarriagoak direlako izango dela uste dut. Gainera, oso plaza gutxi daude; Espainia osoan, 55 bakarrik direla uste dut.

Zer beste espezialitate planteatu zenuen eta zergatik baztertu zenituen?

Buruan nituen beste espezialitate batzuk ziren kirurgia orokorra, urologia eta traumatologia. Haiek ere asko gustatzen zitzaizkidan arren, guztiek gustuko ez zuten zerbait zutelako baztertu nituen. Ez zitzaidan, ordea, hori gertatzen kirurgia plastikoarekin, egiten duten guztia gustatzen baitzait.

Nola irudikatzen duzu zure egunerokotasuna espezialitate horretan?

Ikaskuntzaz eta emozio berriz betetako eguna irudikatzen dut.

Zer egin duzu hilabete hauetan?

Hilabete hauetan, asko bidaiatu dut, maite ditudanekin kalitatezko denbora eman dut, nire etorkizunean pentsatu dut eta, laneko bizitzari ekin aurretik, atseden hartu dut.

Etapa bat itxi eta beste bat hasiko duzu. Zer moduzkoa izan da UPV/EHUn izan duzun esperientzia?

EHUko unibertsitate esperientzia oso ona izan da; prestakuntza ona jaso dugula eta lagun berri zoragarriak ezagutu ditudala uste dut.

Osasungintza publikoa gertuagotik ezagutuko duzu. Nola ikusten duzu oro har Euskadiko osasun sistema publikoa eta, zehazki, zure espezialitatearena? Zuen belaunaldikoen artean kezka handia sortzen al du horrek?

Oraindik ez dut lan baldintzei buruzko informazio handirik, baina denok dakigu oro har espezialitate guztietan hobe daitezkeela. Baina egia da batzuetan beste batzuetan baino handiagoa dela hobetzeko tarte hori.

«Guardien gaiak kezkatzen nau gehien. Uste dut ezin duzula % 100 eman hainbeste ordu lanean daramatzazunean (...) gure pazienteen osasuna da arriskuan dagoena»

Argi dago bizi kalitateak kezka handia eragiten duela gure belaunaldikoen artean, eta horren isla da datu hau: baldintza onenak dituzten espezialitateak dira amaitzen diren lehenengoak. Nire kasuan, guardien gaiak kezkatzen nau gehien. Uste dut ezin duzula % 100 eman hainbeste ordu lanean daramatzazunean eta, azken finean, uste dut gure pazienteen osasuna dela arriskuan dagoena.

Nola ikusten duzu zeure burua etorkizunean? Pentsatzen al duzu horren inguruan?

Etorkizunera begira, nire planak kirurgia plastikoan aritzea da, osasungintza publikoan, baina ez dut baztertzen beste irteera batzuk, ezta atzerrira joatea ere, espezialitatea amaitu ondoren urte gutxi batzuetarako, hangoa arakatzera.