euskaraespañol

Redes sociales campusa

Banatu dira INIZIA 2026 sariak

Enpresa ekimen berritzaileak edo oinarri teknologikodunak aurkezten dituzten proiekturik onenak saritzen dira lehiaketan

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2026/05/11

INIZIA DAYko parte-hartzaileen talde-argazkia | Argazkia: Nuria González. EHU.

INIZIA 2026 sariak banatu dira INIZIA DAY jardunaldiaren barruan. Ekitaldiko burua Ixone Fernandez de Labastida Medina izan da, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arabako Campuseko errektoreordea, eta bertan izan dira, halaber, Ane Miren de Ariño Ochoa,  Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza eta Nazioartekotzearen zuzendaria; David Montero, BIC Arabako zuzendaria; eta Jorge Tejedor Núñez, Arabako Campuseko Ekintzailetza, Enplegagarritasun eta Transferentziako zuzendaria.

Sariok INIZIA Arabacampus programan kokatzen dira. Programak kultura ekintzailea bultzatzen du, eta EHUko Arabako Campusak eta BIC Arabak antolatzen dute. Lehiaketaren helburua da saritzea enpresa ekimen berritzaileak edo oinarri teknologikodunak aurkezten dituzten proiekturik onenak.

Bi kategoria daude: batetik, ‘Ekimen berritzaile berriak’ izenekoa, eta bertan parte har dezakete Euskal Herriko Unibertsitateko graduko edo graduondoko tituludunek eta EHUko ziklo guztietako ikasleek; EHUko irakasle-ikertzaileek; eta euskal unibertsitate publikoan egindako ikerketa batetik sortutako teknologia erabiltzen duten sustatzaileek.

Atal honetan irabazlea izan da ‘NeoSegMed-Plataforma de inteligencia artificial para la segmentación automática de imágenes biomédicas y planificación quirúrgica personalizada’ izeneko proiektua, adimen artifizialaren bidez irudi biomedikoak automatikoki segmentatzeko eta kirurgia plan pertsonalizatuak egiteko plataforma, Fouad Al-Hamik Khalakek egina. Adimen artifizialean oinarritutako tresna bat proposatzen du, irudi medikoak automatikoki segmentatzekoa, praktika klinikoan erraz txerta litekeena. Horrela, jakintza zientifikoa baliatuta, osasun sisteman eragin zuzena daukan tresna teknologiko bat diseinatu du egileak. IIrudi mediko gordinak hiru dimentsioko eredu digital bihur daitezke automatikoki, prozesu klinikoetan erabiltzeko modukoak. Adibidez, kirurgia gidaturako erabil daitezke, edo gida kirurgikoak sortzeko, 3D inprimaketa erabiliz.

Bigarren saria ‘ElikaBide’ proiektuak irabazi du, Iraide Astoreka Verdugok egina. Elikaduraren sektoreko enpresa askok ikuspegi normatibo batez kudeatzen dituzte hondakinak, baina ez dute hartzen planteamendu estrategiko bat hondakinak benetan murrizteko edo sortutako azpiproduktuak baliarazteko. Proiektu honetan elikagaien hondakinen kudeaketa uztartzen da berrikuntzarekin eta teknologiaren garapenarekin. Emaitzetara bideratutako ikuspegi estrategikoago bat proposatzen du, xedea izanik elikagaien xahuketa prebenitzea (hots, galerak murriztea) eta azpiproduktuak baliaraztea (hau da, negozio aukera berriak sortzea).

 GRAL, MAL eta tesientzako sariak

‘Gradu amaierako eta master amaierako lanak eta doktorego tesiak’ kategorian, sarietako bat Ana Urresti Mendiak irabazi du honako lan honekin: ‘Potencial aplicación del receptor PPARγ como efector downstream de la señalización lipídica mediada por PLCβ1 durante la diferenciación neuronal’. Oinarrizko ikerketa proiektu honen emaitzetatik abiaturik, hainbat ildo gara daitezke, hala produktu nola prozesu eta zerbitzu mailan, eta biomedikuntzaren premia errealak asetzeko tresnak sor daitezke.

Kategoria bereko beste sari bat Leire Rodriguez Igartuak irabazi du, honako proiektu honekin: ‘Bi dimentsiotako perovskita hibridoen propietate optikoen modulazioa metodo kimikoen bidez’. Lanak lotura handia dauka ekintzailetzarekin, gaitasun handia erakutsi baitu jakintzatik abiatuta balio erantsi handiko aplikazio teknologikoak sortzeko. Zehazki, zimendu sendo bat ezarri du etorkizunean LED gailu aurreratuak garatzeko, bi dimentsioko PSKetan oinarritutako igorgailuetatik abiaturik.

Hirugarren sari bat Alvaro Acera Cirianok eraman du, honako lan honekin: ‘Algoritmo de Optimización Energética en el Cálculo de Trayectorias para Sistemas Robóticos’. Proiektuak enpresa ekimenerako potentzial handia dauka, bere heldutasun teknologikoa TRL 4-5  mailan kokatzen baita. Lanaren xedea enpresa industrialen lehiakortasuna optimizatzea da, instalazio robotiko baten efizientzia energetikoa hobetuz eta energia kostuak gutxituz, Green Dealen konpromisoen ildotik.

Azkenik, maila tekniko handiko proiektu asko jaso direnez, aukera izan lezaketenak etorkizunean enpresa ekimenetan aplikatuak izateko, laugarren sari bat banatu da. Irabazlea doktore tesi batetik irtendako proiektu bat izan da, Andoni Elizondo Donadok aurkeztutako ‘Appkour: Parkour Performance Assessment Tools’ izenekoak. Egilea doktore tesia egiten ari da EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien arloan, eta hortik sortu du proiektua. Parkourrean errendimendua nola neurtu du ikergai, oraindik ez baitago zientifikoki baliozkotutako tresnarik jardun hori ebaluatzeko. Tesia egiteko prozesuan, egileak bi ebaluazio tresna sortu ditu, alde batetik komunitate horren premia erreal bat betetzera datozenak, eta, bestetik, edonork erabili eta aldean eraman ditzakeenak, telefonorako aplikazio batez baliatzen baitira.

Sariak banatzeko ekitaldian, Ixone Fernandez de Labastida errektoreordeak parte hartu duten pertsona guztiak zoriondu ditu, "ekintzailetza ez baita enpresak sortzea soilik. Ekitea galderak egitea, konponbideak bilatzea eta gauzak hobeto egiteko ausardia izatea ere bada. Horregatik hitz egiten dugu kultura ekintzaileaz, eta hori da, hain zuzen ere, horrelako ekimenekin sustatu nahi duguna". Unibertsitateak, ezagutza sortzeaz gain, bere transferentzia sustatu behar duela gaineratu du. "Zuen proiektuek erakusten dute berrikuntza ez dela soilik teknologia; berritzea begirada berriak ekartzea, diziplina desberdinak batzea eta gizarteari laguntzea ere bada", nabarmendu du.

Edizio honetan zazpi proiektu aurkeztu dira ‘Ekimen berritzaile berriak’ kategorian eta bederatzi proposamen ‘Gradu amaierako proiektuak, master amaierako proiektuak eta doktorego tesiak’ kategorian.