euskaraespañol

Redes sociales campusa

Berdintasun batzordeak indartzeko lanean

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2026/03/04

EHUko ikastegietako berdintasun batzordeen arteko sarea indartzeko lanean hasi da Berdintasun Zuzendaritza ikasturte honetan. Campus bakoitzean talde bilera bana egin dute, jada, sarea ehuntzeko eta elkarlana sustatzeko. 

Ikastegietako berdintasun batzordeek begi onez ikusi dute batzordeen arteko dinamizazioari ekitea. Elkarren berri izateko eta “sareak aukera ematen du esperientziak partekatzeko, elkarri ikasteko eta indarrak batzeko”, iritzi diote Leioako Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko berdintasun batzordetik. Izan ere, “batzuetan zailtasunak egoten dira egitasmoak aurrera ateratzeko ez konprmiso faltagatik baizik eta egituratutako babes sarerik ez izateagatik”, diote Letren Fakultateko Berdintasun Batzordetik. Ildo berean, Informatika fakltateko berdintasun batzordetik uste dute, “saretze horretatik, alde batetik, urriak diren indarrak batu ditzakegula, esperientziak partekatu, elkarrengandik ikasi eta, bestetik, gune seguruak lortzeko bidea egin”. 

Izen ere, hiru ikastegi horietako berdintasun batzordeko kideekin hitz egin dugu sareaz ezezik feminismoaz eta fakultateetan egiten duten lanaz. Hain zuzen, galdera hauek egin dizkiegu: 

1.Nola bizi duzu zuk zeuk feminismoa? Nola bizi duzu EHUn? 

2. Zure ikastegiko berdintasun batzordekide gisa, ze asmorekin ari zarete? Zer lortu nahi duzue? 

3. Zer irizten diozu hasi berria den saretzeko ekimenari buruz? Zer nolako sarea beharko luke izan EHUk? 

 

Soraya Alonso Alconada
Ingeles eta Aleman Filologia eta Itzulpengintza eta Interpretazioa Saila
Letren Fakultateko Berdintasun Batzordeko kidea 

Soraya_300x300

 
1. Feminismoa funtsezko printzipio gisa bizi dut duintasunerako, berdintasunerako eta justizia sozialerako. Bizikidetzarako eta esparru akademiko eta sozial kritikoagoak eta solidarioagoak eraikitzeko beharrezko oinarria dela uste dut. EHUn konpromiso instituzional eta komunitario gisa ikusten dut, aurrera egitea ahalbidetu duena, baina oraindik lan handia dago egiteko benetan berdintasunezkoa den kultura bat finkatzeko. Gainera, eskubide eta konkista feministen aurkako egungo mehatxuen aurrean, uste dut ezinbestekoa dela feminismoa defendatzen eta indartzen jarraitzea, ez jada lortutako zerbait bezala, baizik eta kolektiboki garatzen eta zaintzen jarraitu behar duen prozesu gisa. Ekintzak urte osoan eta 24/7 gauzatu behar dira, ez bakarrik egutegian zehaztutako egunetan, hala nola M8 edo A25. 

2. Gure ikastegiko Berdintasun Batzordeko kide garen aldetik, gure asmoa da erreferentzia-gune izatea unibertsitate-komunitatearen galderei eta beharrei erantzuteko, eta berdintasunaren arloko informazioa, prestakuntza eta ezagutza-tresnak eskaintzea. Gainera, Letren Fakultatean izandako gertakariak -EHUren protokoloaren arabera jorratu direnak- kontuan hartuta, garrantzitsua iruditzen zait bizikidetzari eta berdintasun-balioei eragiten dieten portaera jakin batzuen aurrean posizionamendu argia eskaini ahal izatea, betiere askatasun- eta errespetu-esparru batetik. Horretan, modu pertsonalean hitz egiten dut, ez dut uste soilik ekintzak proposatzera mugatu nahi dugunik, baita eraginkortasunez jardutera ere, benetako aldaketak sustatuz eta erakundeen eta komunitatearen erantzuna behar duten egoerak ikusaraziz. 

3. Nire ustez, sare hori bereziki beharrezkoa da, batzuetan ekimen jakin batzuk abian jartzea zaila delako, ez inplikatutako pertsonen interes edo konpromiso faltagatik, baizik eta behar bezala egituratutako laguntza-sarerik ez dagoelako edo unibertsitateko antolamendu-maila altuenetan proiektu horiek errazteko eta laguntzeko sor daitezkeen zailtasunengatik. Horregatik, sare horren garapenak EHUren barruan berdintasun-ekimenak bizkorrago eta koordinatuago bultzatzeko baldintzak hobetzen lagun dezake. 

Olatz Arbelaitz
Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia Saila
Informatika Fakultateko Berdintasun Batzordeko kidea 
Olatz_300x300

1. Esango nuke ez nintzela feminista jaio eta pixkanaka konturatu naizela gure gizartean dauden arazoetako asko, urte askotan zehar garatu den eta egiteko moduak ezarri dituen sistema zisheteropatriarkalaren ondorio direla. Ordutik kolektibotasuna eta batzearen bidetik bizi dut feminismoa, izan ere, Oreretako asanblada feministako kide naiz eta Errenteriako emakumeen etxearen sorkuntza prozesuan eta hasierako urtetan ere hartu nuen parte. Zoritxarrez gaur egun nahi baino denbora gutxiago dut horri eskaintzeko. 

EHUn... ba egia aitortu behar badut behin betaurreko moreak jantzita, nahiko kritiko ikusten da duen egitura zurruna eta konpetitiboa ;-) baina pixkanaka kolektibotasun horren bila eta ahal den neurrian eragiten. 

2. Eguneroko lanak jaten gaitu eta ez dugu nahi adina denbora benetan landu beharko liratekeen ildo guztiak lantzeko. Informatikan egonik, sortzen diren indarkeria kasuei edo arazoei aurre egin eta horretarako bide egokienen gaineko gogoeta egiteaz gain, asko kezkatzen gaitu etorkizuneko gizartean emakume informatikaririk ez egoteak. Izan ere, sortuko diren adimen artifizialeko sistemek edo sistema informatikoek haien ikuspuntua jasotzea ezinbestekoa dela uste dugu gizarte hobeagoa nahi badugu. Hori bultzatzeko ekimenetan joaten da gure energia gehiena. Aipatzekoak dira emakumeok informatikari egiten diogun ekarpena balioan jarri eta erreferenteak sortzeko bokazioz sortutako Galdys Saria; emakume teknologoak ikustarazteko prentsan, GAUR8n hain zuzen ere, periodikoki artikuluak idaztea; Emakumeak Zientzian bezalako ekimenetan parte hartzea; eta une honetan gure ikasle diren neskekin martxan dugun Hackmorea izeneko proiektu bat bi ildo dituena, emakume informatikarion ikusgarritasuna eta haien arteko saretzea. Bestalde, oraintsu antolatu dugun mahai-ingurua “EHUko Informatikak 50 urte 5 emakumeren begirada” izenekoa non belaunaldi desberdinetan informatika ikasi duten 5 emakume batu ditugun haien esperientziak entzun eta urteetan zehar egon diren aldaketak identifikatu eta emakumeak informatikara zerk erakarri/usatzen dituen asmatzen saiatzeko. 

3. Ekimena ezinbestekoa jotzen dut. Izan ere, unibertsitateko beste kide batekin batera errektore talde berriaren kanpainan zehar Joxerra Bengoetxeari idatzi genion bi ideia nagusirekin: Berdintasunerako Zuzendaritzako bulego bat campusean jartzea gure inguruan gerta litezkeen genero indarkeria kasuei aurre egiteko alde batetik, eta bestetik, campusean lan egiten dugunon arteko espazio edo bilgune seguruak antolatzeko bidea bultzatzea. Uste dut saretze horretatik alde batetik urriak diren indarrak batu ditzakegula, esperientziak partekatu, elkarrengandik ikasi eta , bestetik, gune seguru horietarako bidea egin. 

Iratxe Duñabeitia
Fisiologia Saila
Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Berdintasun Batzordeko kidea 
Iratxe_300x300

1. Feminismoa gure eguneroko bizitzan eta jardun profesionalean txertatuta dagoen ikuspegi etiko eta politiko bat da. Guretzat ez da soilik aldarrikapen teoriko bat, baizik eta harremanak, erabakiak eta lan egiteko moduak zeharkatzen dituen begirada kritikoa. Feminismoak aukera ematen digu botere-harremanak identifikatzeko, desberdintasunak problematizatzeko eta justizia sozialaren aldeko konpromisoa praktikara eramateko.
EHUren testuinguruan, eta bereziki Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Berdintasun Batzordeko kide garen aldetik, feminismoa erantzukizun kolektibo gisa bizi dugu. Unibertsitatea ezagutza sortzeko eta transmititzeko espazioa da, baina baita balioak eraikitzeko eta eraldatzeko gunea ere. Horregatik, ezinbestekoa da genero-ikuspegia irakaskuntzan, ikerketan eta kudeaketan modu sistematikoan txertatzea.

Osasun-zientzien arloan, gainera, feminismoak garrantzi berezia du: genero-ikuspegirik gabe ezin dira behar bezala ulertu ez gaixotasunen adierazpenak, ez zaintza-lanen banaketa, ezta osasun-sistemaren barruan ematen diren desberdintasunak ere. Horregatik, feminismoa EHUn bizitzea guretzat da eguneroko praktiketan koherentzia bilatzea, espazio seguru eta inklusiboak sustatzea, eta berdintasuna ez dadila izan soilik diskurtso bat, baizik eta benetako eraldaketarako tresna.

Azken batean, feminismoa konpromiso bat da: entzutea, zalantzan jartzea eta elkarrekin eraldatzea. Unibertsitateak, eta bereziki osasun-arloko prestakuntzak, ezin dute justizia sozialetik kanpo ulertu; eta hor kokatzen dugu gure ekarpena.

2. Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Berdintasun Batzordean helburu argi batekin ari gara lanean: berdintasuna zeharkako ardatz bihurtzea, eta ez soilik jarduera puntualetara mugatutako konpromisoa. Gure asmoa da genero-ikuspegia modu sistematikoan txertatzea irakaskuntzan, ikerketan eta kudeaketan, eta fakultateko eguneroko jardunean benetako eragina izatea.

Batetik, sentsibilizazio- eta prestakuntza-lana indartu nahi dugu, bai ikasleen artean, bai irakasle eta langileen artean. Uste dugu ezinbestekoa dela genero-ikuspegia Osasun-Zientzietako curriculumean txertatzea, etorkizuneko profesionalek arreta bidezkoagoa eta justuagoa eskaini dezaten. Bestetik, fakultatea espazio seguru eta inklusiboagoa izan dadin lan egiten dugu, indarkeria, jazarpenaren edo diskriminazioaren aurrean prebentzioa eta erantzun eraginkorrak sustatuz, elkarri laguntzeko bidea eginez.

Era berean, zaintzen banaketa desorekatuari eta lan-baldintzen inguruko desberdintasunei erreparatzen diegu. Gure helburua da ikusgarritasuna ematea egiturazko desberdintasunei eta neurri zehatzak proposatzea horiek murrizteko.

Azken finean, nahi duguna da berdintasuna ez izatea soilik adierazpen instituzional bat, baizik eta fakultateko kultura akademikoan errotutako balio bat. Eraldaketa pausoz pauso egiten da, baina uste dugu unibertsitateak baduela ardura eta gaitasuna gizarte justuago baten eraikuntzan erreferente izateko.

3. Oso positiboki baloratzen dugu hasi berri den saretzeko ekimena. Berdintasunaren aldeko lana askotan tokian tokiko errealitateetara mugatuta geratzen da, eta sareak aukera ematen du esperientziak partekatzeko, elkarri ikasteko eta indarrak batzeko. Uste dugu funtsezkoa dela fakultate eta campus desberdinetan egiten ari den lana konektatzea, ikuspegi zabalago eta koordinatuago bat eraikitzeko.

Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Berdintasun Batzordetik ikusten dugu sare batek bi funtzio nagusi izan beharko lituzkeela: alde batetik, laguntza eta aholkularitza gunea izatea, baliabideak, materialak eta jardunbide egokiak partekatzeko; eta, bestetik, eragin instituzionala indartzeko tresna izatea, proposamenak modu bateratuan egiteko eta unibertsitate mailan benetako aldaketak sustatzeko.

EHUk behar duen sarea irekia, parte-hartzailea eta eraginkorra izan beharko litzateke. Irekia, diziplina eta kolektibo guztietara zabaldua egon dadin; parte-hartzailea, kideen ahotsa eta esperientziak erdigunean jarriko dituena; eta eraginkorra, hausnarketatik ekintzara jauzi egiteko gaitasuna izango duena.

Azken finean, sareak komunitate-sentimendua indartu behar du, eta berdintasunaren aldeko konpromisoa egiturazko mailara eramaten lagundu. Unibertsitate publiko batek gizartean eragin zuzena du, eta sare sendo batek aukera emango digu eragin hori koherenteagoa, koordinatuagoa eta eraldatzaileagoa izan dadin.