-
EHU, Europako unibertsitate hoberenen artean ingeniaritza ikasketetan
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du»
-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
-
Kiroldegian, kirolean
Julián Estévez Sanz
Droneak, espero gabeko aliatu belikoak
Robotikako eta Adimen Artifizialeko irakaslea eta ikertzailea
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2023/06/14
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
“Baduzu dronerik? Eman iezaiozu eskarmentudun pilotu bati! Badakizu zuk zeuk pilotatzen? Bada, zatoz patruilara Kieveko 112. Defentsa Brigadako unitateekin batera! Kiev gure etxea da, eta Kiev defendatzea, denon lana!”.
Hitz horiekin, 2022ko otsailaren 24an, Ukrainako Defentsako ministroak armak hartzeko dei egin zien herritarrei Facebookeko mezu bitxi baten bidez.
Haren deia ez zen alferrikakoa izan. Egun hartatik aurrera, Ukrainara milaka drone hasi ziren iristen puntu geografiko askotatik, mugen barrualdetik zein kanpoaldetik. Enpresek, afizionatuek eta kausaren aldekoek egin zituzten donazioak, baina kontua zen tresna horiek ez zirela berez arma militarrak. Afizionatuen droneak ziren, edozeinek klik batean lortzeko modukoak.
Delibesek bere ‘El Camino’ lanean esan zuen bezala: “Gauzak beste edozein eratara gerta zitezkeen eta, hala ere, horrela gertatu ziren”. Drone horien inpaktua gabe, gerra ez litzateke dagoen puntuan egongo.
'Low-cost' teknologia gerraren zerbitzura
Ez da harritzekoa Ukrainako gobernuaren armamentu eskaera. Azken finean, Ukrainaren eta Errusiaren arteko gatazkak urtebete baino gehiago badarama ere egunkarietako tituluetan, gerra askoz lehenago hasi zen, 2014an. Lehen hilabete haietan hasi ziren makina hegalari txiki horiek agertzen. Defentsa industria indartsurik ez zuenez, Zelenskiren herrialdeak laster ikusi zuen aukerarik onena zela zituen baliabide ekonomiko apurrak erabiltzea, eta, batez ere, haien buruak aprobetxatzea.
Oleksii Réznikov ministro ukrainarraren esaldi haren ondorioz, boluntario taldeak (ingeniariak, soldatzaileak, ekonomistak, tornulariak eta laguntzeko gai zen edozein pertsona) ziberdefentsa egiturak hedatzeko eta droneak muntatzeko antolatu ziren.
Drone horiek –UAV ere esaten zaie–, boluntario horiek eraikitzen, maneiatzen eta konpontzen zituzten. Boluntario talde horien artean, azpimarratzekoak dira Aerorozvidka, Army SOS eta Zgraya erakundeak, besteak beste. Ukrainak ez zuenez gerrarako UAV modernorik 2014an, zaletuen drone merkeak egokitu eta erabiltzea zen errazena. ‘Low-cost’ teknologia gerraren zerbitzura.
Ziurrenik, inork ez luke aurreikusiko gatazkaren lehen hilabeteetako egoera eta droneek bertan izan duten inpaktua. Aireko robot horiek funtzio hauek bete dituzte nagusiki:
- Inguruak esploratzea eta aztertzea.
- Ezinbesteko laguntza ematea artilleria eraginkorragoa izan zedin; izan ere, droneek aurreratu egiten ziren eta zerutik abisatzen zieten lurreko tropei kanoien punteria nola hobetu eta kalteak nola areagotu.
- Granada txikiak eta bestelako lehergailu batzuk jaurtitzea. Askotan, UAVak aldatzen dituzte eta 3D inprimagailuekin egindako osagarri txikiak gehitzen dizkiete, adibidez, daramaten granada bertikalki eror dadin lortzeko.
- Etsaien tropen kemena ahultzea eta atseden hartzea eragoztea. Soldaduak atseden hartzen edo lotan ari diren bitartean UAVak hegan baldin badabiltza etsaien kanpamentuaren gainetik burrunba elektriko bereizgarri horrekin, etengabeko alarma egoera eta urduritasuna sortzen dituzte tropen artean; horrek etsipena eta atseden hartzeko ezintasuna eragiten ditu. Drone batzuk behaketaz eta azterketaz bakarrik arduratzen badira ere, beste batzuk etsaiek entzungo dituzten azken objektuak izan daitezke.
- Sare sozialetarako marketin kanpainak eta bideoak egitea.
Ez da harritzekoa errusiar bandoak suari suarekin erantzutea, eta UAVak arma modura erabiltzen hastea.
Defentsako aditu britainiarren talde ospetsu batek, RUSIk (Royal United Services Institute), Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazkaren aurretiazko ondorioei buruzko txosten bat argitaratu zuen iazko azaroan, gerraren lehen sei hilabeteak kontuan hartzen zituena. Txosten horretan, deigarria da militarrak ez diren UAV horien presentzia handia.
Ez dira arma perfektuak; izan ere, haien % 90 suntsitu zituzten (bi armadenak) eta, kalkuluen arabera, erretore anitzeko drone bakoitzak hiru hegaldi egiten ditu batez beste. Azken finean, erabilera laburrekoak dira, kontsumigarri bat. Milaka erabili dituzte. Ukrainar armadak tresna horietako 100 ere galdu izan ditu egun batzuetan, eta aipatzekoa da modelo batzuek, DJI Mavic droneak kasu, 1.000 € baino gehiago balio dutela. Napoleonek bere garaian esan zuenez, hiru gauza behar dira gerra bat egiteko: dirua, dirua eta dirua.
Tankeen gainbehera? Momentuz, ez
Baina ez dezagun pentsa droneek tankeen gainbehera ekarriko dutenik, ezta pentsatu ere. Errusiar armadak ere ezarri zuen droneak diseinatzeko eta eraikitzeko estrategia.
Hala ere, eroritako edo eraitsitako drone horiei buruz iritsi zaizkigun bideoek erakutsi dute dronika errusiarrak nahiko gabezia eta lardaskeria zituela diseinuan. Izan ere, Irango Pasdaranen teknologia erabili behar izan dute. Talde paramilitar horrek Irango erregimena eta haren iraultza babesten ditu, eta herrialdeko droneen industria kontrolatzen du.
Gatazka, UAV zibilez gain, UAV militarrez ere hornitu da. Argia da bien arteko aldea, bai kostu aldetik bai gainerako gaitasun teknikoen aldetik, hala nola autonomia, karga ahalmena edota komunikazioen segurtasuna. Gerra ez da errealitate estatiko bat. Estrategiak, armak eta egoerak etengabe ari dira aldatzen.
Proba, errorea, proba, errorea. Nazio batek garatzen zuen aireko arma bakoitzeko, besteak defentsarako sistemaren bat diseinatzen zuen. Orduan, lehenak arma eguneratzen zuen defentsa hori saihesteko. Eta horrela, bi bandoek bakea sinatu arte.
Dena dela, UAV mediatikoenak ez dira arma berri horiek izan, turkiar TB2 Barayktarrak baizik –urte batzuetako antzinatasuna dute eta ukrainar armadak erosi zituen–. Tresna horiek oso-oso arrakastatsuak izan ziren gerrako lehen hilabeteetan, eta are haiei buruzko kantu bat sortu zuten ere, berehala biralizatu zena, noski.
Adimen artifiziala: oinaztura handi eta euri gutxi
Ehunka lerroburuk adierazi zuten 2021ean drone batek lehenengoz hil zuela biktima bat adimen artifizialaren bidez, modu erabat autonomoan. Aginte katetik kanpo identifikatu, hautatu eta hil zuen. Hau da, gizakien inolako esku hartzerik gabe.
UAV horiek ekoizten dituen enpresak berehala argitu zuenez, hori gertatu izana ezinezkoa zen, baina azalpen hori ez zen hain urrun iritsi hedabideetan. Teknologia militarrean aditua den Juan Luis Chulilla espainiarraren arabera, ez da batere harritzekoa armadek gezurra esatea eta dituzten gaitasunak puztea.
Izan ere, roboten adimen artifizialaren erabilera militarrak lehentasun handiagoko beste helburu batzuk ditu. Helburu horietako bat da lurreko zein aireko makinei ahalik eta nabigazio autonomorik handiena ematea, eta robotika zibilean ere lortu nahi dute hori: oztopoak automatikoki detektatzea ikusmen artifizialaren bidez, edo bateriaren kontsumo optimizatua, robotak bere kabuz erabaki dezan, ikusten duenaren arabera, noiz den potentzial osoa erabiltzeko unea eta noiz ez.
Litekeena da Ukrainako gatazkan erabilitako robotek eta droneek adimen artifizialik eduki ez izana. Gainera, bi bandoetan dagoen sekretismoaren ondorioz zaila da adierazpen erabatekorik egitea. Nabigazio autonomoa oso helburu konplexua da, oso desberdina baita hiri lasai eta garbietan egitea, edo etsaien suz inguratuta.
Hurrengo utopia militarra
Arma autonomoei buruzko erregularizazioa ari dira eztabaidatzen une honetan Nazio Batuen Erakundean. Baina arlo legalean, zer da zehazki arma autonomo bat? Defentsarako misil antiaereo bat arma autonomo bat dela esan al dezakegu, bere kabuz tiro egin eta erabakitako jomugara jotzen duenez gero? Arma mota horiei Sense and React to Military Objects (SARMO) esaten zaie.
Munduko potentzia militar nagusiak arma autonomoak debekatzearen aurka daude, Estatu Batuak eta Txina kasu, eta teknologia hori garatu ahal izateko arauak malgutzearen aldekoak dira. Gerraren automatizazioak geldiezina dirudi, eta potentzia nagusiei abantaila taktiko bat iruditzen zaie hura erabiltzea, baita soldaduen bizitzentzako babes bat –asko laguntzen die horrek iritzi publikoarekiko– eta kostuen murrizketa oso eraginkor bat ere, soldaduen ekipamenduari eta zauritutako soldaduen mantenu kostuei dagokienez.
Seguruenik, hurrengo utopia militarra robotak multzo handian erabiltzea izango da, adimen kolektibo emergentea garatzeko gai izan daitezen. Gizakiaren esku hartze zuzenaren beharrik gabe oztopoak gainditzeko, erabakiak hartzeko, arrazoitzeko edo ingurua esploratzeko gai izango diren androide soldaduak.
Adimen kolektibo emergentea garatzea, aukera emango duena robot talde batek inguru bat esploratu behar duenean eta horietako bat eraisten dutenean esploratu beharreko eremuen banaketa berria haien artean erabakitzeko, kide bat gutxiago izanik. Gizakiek programatutako erabaki hartze bat, nahiz eta ezin duten aurreikusi zein izango den erabaki hori. Adimen kolektiboaren garapen hori aurrerapausoa izango da adimen artifizialean, egunotan ikusten ari garen txat softwareak eta irudien sorkuntza bezain garrantzitsua.
Collingridge-ren dileman bikain dago jasota gizarteak teknologia horiekiko duen liskarra:
“Aldaketa erraza denean, haren beharra aurreikusi ezina da; aldaketa beharra nabaria denean, aldaketa garestia, zaila eta neketsua bihurtu da jada”.
Artikulu hau jatorrian Telefónica Fundazioaren Telos aldizkarian argitaratu zen.
![]()