Batzuetan hitzak motz geratzen dira. Eta oraingoan hala gertatzen zaigu. Zaila da bat-batean joan den lagun bati agur esatea; are gehiago, tokatzen zitzaiona baino askoz lehenago joan denean. Zesar kidea eta adiskidea galtzea kolpe gogorra izan da guretzat. Oraindik ere kostatzen zaigu sinestea ez dela fakultatean azalduko, eztabaida baten erdian irribarrez sartuko edo beste proiektu baten ideia partekatuko.
In memoriam: Zesar Martínez
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2026/05/26
Baina hutsunearekin batera, bada oso argi geratzen den zerbait ere: utzi duen arrastoa sakona dela, eta luzerako geldituko dela gure komunitateetan eta Euskal Herriko Unibertsitatean bertan ere.
Irakasle gisa, irakaskuntza izan zen bere bokazioa eta pasioa, ezagutza partekatzea eta pentsamendu kritikoa sustatzea ardatz hartuta. Ikasleak zituen beti erdigunean, batez ere ahulenak edo bazterrean geratzeko arriskua zutenak. Ez zuen irakaskuntza edukien transmisio huts gisa ulertzen; harremanak eraikitzeko espazio gisa bizi zuen. Ikasle askorentzat ez zen soilik irakasle izan: bidelagun, entzule eta erreferente ere bai.
Zesarrek globalki pentsatzen zuen. Herri boterea izan zen bere jardunaren ardatz nagusia, elkartasuna, internazionalismoa eta mundu justuago baten aldeko eraldaketa borroketan sustraitua. Bere lan akademikoan, gizarte mugimenduen eta herri partaidetzaren inguruko ikerketak izan ziren nagusi; Hegoaldeko epistemologiei arreta berezia eskaini zien, eta tokian tokiko ekintzatik jarduten zuen. Horregatik, ikerketa‑ekintza parte hartzailea izan zuen metodologiarik kuttunena, teoria eta praktika uztartzea gizarte‑eraldaketarako ezinbestekoa zelakoan. Izan ere, ez zuen inoiz ezagutza neutraltzat hartu: jakintza komunitatearen zerbitzura ulertzen zuen, herritarren ahalduntzerako tresna gisa.
Horregatik aritu zen etengabe herri‑ekimenak indartzen eta kolektiboekin elkarlanean. Ez da kasualitatea aldi berean ikertzaile eta herri mugimenduetako militante aktiboa izana. Astra, Karmela edo San Frantzisko auzoko Telefonikaren proiektua bezalako esperientzietan parte hartu zuen, beti komunitatea erdigunean jarriz, loturak sortuz eta jendea aktibatuz.
Unibertsitatetik ere argi defendatu zuen herritarren parte-hartzea ez dela apaingarri demokratiko hutsa, baizik eta botere-harremanetan esku hartzeko modu bat. Askotan gogorarazten zigun herritarrok politikaren eta merkatuaren eliteek kendutako eragin-indarra berreskuratzeko ezinbestekoa dela parte-hartzea aktibatzea, eta unibertsitate publikoak ere zeregin hori izan behar duela: gizartearekin konektatuta egotea, herriari entzutea eta eraldaketa sozialaren alde lan egitea.
Bere erronka handienetako bat izan zen herri-ekimenez sortutako kolektiboek euren autoantolakuntzarako gaitasuna indartzea. Sinesten zuen espazio autonomoek, aliantza zabalek eta komunitate-sareek benetako eraldaketa soziala egiteko ahalmena zutela. Aldi berean, erakunde publikoek gobernatzeko dituzten modu elitista eta burokratizatuak gainditu beharra azpimarratzen zuen behin eta berriz.
Eta horren guztiaren inguruan askotan eztabaidatu genuen berarekin. Ez beti ados, ez beti ikuspegi beretik. Baina horixe zen berarekin partekatzea hain baliotsu egiten zuena: desadostasunetik ere pentsarazteko, entzuteko eta elkarrizketa eraikitzaileak sortzeko zuen gaitasuna.
Ikerketarekin ere berdin jokatzen zuen. Akademiaren logika itxiek ez zuten bere egiteko modua definitzen. Ezagutza partekatu egiten zuen, kolektiboki eraikitzen zen zerbait bezala ulertzen baitzuen. Horregatik, EHUri eman diona nekez neur daiteke artikulu edo proiektuetan bakarrik: komunitatea egiteko modu bat utzi digu.
Pertsona alaia eta baikorra zen, eta erraz inplikatzen zituen besteak mundua eraldatzeko, bai ikerketa‑ekintza parte hartzailearen bidez, bai militantzia eta inplikazio kolektiboaren bidez. Ez zuen konpromisoa zama gisa bizitzen, baizik eta partekatu beharreko zerbait bezala: besteekin batera arituz, barre eginez eta bidean gozatzeko espazioak sortuz. Berarekin borrokatzea eta elkarlanean aritzea bizitza bera partekatzea zen.
Horregatik, gaur, minez baina esker onez gogoratzen dugu. Lagun, kide, irakasle eta erreferente izan delako guretzat. Eta ziur gaudelako bere ideiek eta bere praktikek gure artean bizirik jarraituko dutela.
Beti gogoan, Zesar.
Izaro Gorostidi, Andere Ormazabal eta Asier Blas. EHUko Parte Hartuz Ikerketa Taldeko kideen izenean.