-
EHU, Europako unibertsitate hoberenen artean ingeniaritza ikasketetan
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du»
-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
-
Kiroldegian, kirolean
Neuropsikiatriako Espainiako Elkartearen X. Jardunaldiak
Noiz eta non
Noiztik: 2015/11/19 Noiz arte: 2015/11/16
Deskribapena
Azaroaren 19an, 20an eta 21ean, osteguna eta larunbata bitartean, Donostiako San Telmo museoan, Neuropsikiatriako Espainiako Elkartearen Historiako Atalaren X. Jardunaldiak izango dira, ‘Osasun Mentalaren Historiak garai berri baterako' lelopean. Osasun Mentalaren Elkarteak antolatu ditu jardunaldiok, Neuropsikiatriako Espainiako Elkartearen Historiako Atalarekin batera eta Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntzaz.
Neuropsikiatriako Espainiako Elkartearen Historiako Atalak aipatutako jardunaldien bitartez Psikiatriari buruzko gogoeta historikorako espazioa ireki nahi du, bai eta giza portaerak aztertzen dituzten diziplinei buruzkoa ere. Jardunaldiok helburutzat dute, halaber, herritarrei psikiatriaren eta psikologiaren historiari buruzko alderdiak jakinaraztea, eta haren dokumentu-ondarea askotariko hizlari adituen talde zabalaren bidez zabaltzea.
Herritarrek, saio irekien bitartez, honelako gai interesgarrien berri jasoko dute:
- Hiriko pertsona ospetsuen ibilbidea; esaterako, Luis Martín-Santos psikiatra donostiarrarena. Tiempo de silencio liburua idatzi zuen, XX. mendeko Espainiako eleberri onenetako bat jotzen dena (iaz haren heriotza goiztiarraren berrogeita hamargarren urteurrena izan zen).
- Mendekotasunen arazoari aurre egiteko senideen eta profesionalen taldeetan oinarrituta Gipuzkoan osasun mentaleko baliabideak sortu zituen mugimendu sozialaren funtsezko eginkizuna.
- Belaunaldiz belaunaldi transmititu diren traumen garrantzia, Gerra Zibila eta tankerako gertakari traumatikoak adibide gisa hartuta.
- Osasun mentaleko arazoak izan dituzten pertsonak artatzeko ereduek azken mendean izan duten bilakabidea, psikiatriko batean bizi izatetik eguneko zentroetan edota euren etxeetan bizi izatera igaro diren aldetik.
Jardunaldiak ostegunean hasiko dira, azaroaren 19an, Luis Martín Santosen omenez konferentzia ireki hau eginez: Ez da isilik geratzeko sasoia. Ondoren, Luis Martín Santos saria banatuko da, Neuropsikiatriko Espainiako Elkarteak ikerketa-lanei egiten dien errekonozimendua. Saria Maite Peña López Gipuzkoako Gizarte Politiketako foru-diputatuak emango du. Ekitaldia amaitzeko, Kantakidetza abesbatzaren emanaldia izango da (Osakidetzako langileek osatutako abesbatza).
Hilaren 20an, ostiralean, sarrera libreko Gregorio Armañanzasen hitzaldiak historiak sortzen dituen trauma emozionalei buruzko gogoeta eginaraziko du, eta zauriak, Espainiako Gerra Zibilak eragindakoak adibidez, belaunaldiz belaunaldi, isilik, nola transmititzen diren hausnartzera eramango gaitu. Armañanzas aditua da traumak belaunaldiz belaunaldi zer-nola transmititzen diren aztertzen.
Halaber, egun horretan bertan, 19:30ean, Andia kaleko Kutxa aretoan, Una cita con Strindberg antzezlanaz gozatu ahal izango du hala nahi duen orok. Justi Larrinaga eta Gurutze Beitia euskal aktore ezagunek parte hartuko dute, besteak beste, antzezlan horretan. August Strindberg (Stockholm, 1849-1912) maisua, aktorea, kazetaria, liburuzaina, telegrafista, poeta, margolaria, dramaturgoa, argazkilaria, alkimista, eskizofrenikoa, zirikatzailea, ameslaria, oinazetsua, kontraesankorra, neurrigabea, berezkoa eta beharrezkoa izan zen: «Ez dut idazten poeta dei nazaten, borrokatzeko baizik» (A.S.).
Profesionalei zuzendutako jardunaldiok osatzeko, eztabaida-mahai ugari ere izango dira Osasun Mentalarekin zerikusia duten hainbat gai jorratu ahal izateko. Gai interesgarriak eta eztabaidagarriak izango dira, hala nola babes-erregimena eta antipsikiatriaren sorrera; gorputzaren, generoaren eta eromenaren arteko harremana, edota gaixotasun mentala duten pertsonek sortutako argitalpenen saio paraleloen garapena.
Jardunaldiak Álvaro Iruin Sanz Osakidetzaren Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko zuzendariak amaituko ditu.
Jardunaldiei eta izena emateari buruzko informazio guztia dago webgune honetan: http://ome-aen.org/jornadas-historia
Osasun Mentalaren Elkarteak osasunaren arlo publikoan gaixo mentalen arretaren kalitatea bultzatzeko, osasun mentalari buruzko prestakuntza bermatzeko eta proiektuak, jarduerak eta ikerketa dibulgatzeko konpromisoak hartu ditu. Elkarte-bizitza gehitzeko eta bazkide profesional gehiago lortzeko, hainbat jarduera, topaketa eta bilera antolatu ditu eta lantaldeak sortu ditu. Proposamenak eta ikerketak hedatzeko, argitaletxe bat sortu du, eta hainbat modalitatetako argitalpenak kaleratzen ditu aldizka.
AEN-Neuropsikiatriako Espainiako Elkartea/Osasun Mentaleko Profesionalak
Osasun Mentaleko Profesionalak hainbat arlotako profesionalen elkartea da, irabazi asmorik gabekoa, eta osasun mentalaren arloko zientzien garapen etiko-zientifikoa du helburu eta desoreka mentalak dituzten pertsonen eta senideen eskubidean zaindu eta babestea. Erakunde independentea da administrazio, alderdi politiko eta industria farmazeutikoarekiko. Arreta-eredu publiko parte-hartzearen alde egiten du, bai eta praktikari lotutako prestakuntzaren eta ikerketaren alde ere. Itzal handiko Estatuko eta munduko elkarte ugariko kidea da, eta ordezkariak ditu irakaskuntza eta ikerketarako batzorde gehienetan. AENek arretaren, antolaketaren, kudeaketaren eta kalitatearen, desoreka mentalen prebentzioaren eta osasun mentalaren promozioaren alderdiei buruzko jardunbide egokien datu-base bat du.