Espainiako Biologia Zelularreko Elkarteko ohorezko kidea izateaz gain, beste gauza askoren artean, erreferente akademiko eta ikertzailea izan zen Eduardo Angulo, baina batez ere tipo maitagarria. 20 urte baino gehiago irakaskuntzan, ikerketan eta unibertsitateko kudeaketan buru-belarri aritu ondoren, ezagutzeko ohorea izan zuten guztiengan oroitzapen xarmagarria utzi zuen. Hori egiaztatu ahal izan dugu EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean egindako omenaldian. Lankideek eta lagunek aukera izan dute hura oroitzeko, oso testigantza sentituekin.
"Eduardo maisua"ri omenaldi hunkigarria
Zoologia eta Biologia Zelularreko Sailak Eduardo Angulo irakasle-ikertzailea oroitzeko ekitaldia antolatu du
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2025/06/06
Ekitaldia hasi dute Miren Pilare Cajaravillek, Zoologia eta Biologia Zelularreko Saileko irakasleak, eta Fernando Plazaolak, Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoak, hitz hunkigarriak eskainiz. "Egiten utzi zigun, gurekin egon zen eta gure lorpenez harro agertu zen", adierazi du Miren Cajaravillek. "Ezagutu eta maite izanaz harro gaude, landatu zituen haziek fruituak eman dituzte", gaineratu du hunkituta, bere tesi zuzentzaile izan zenaz. Dekanoak, bere aldetik, eskerrak eman dizkio Fakultateari egindako ekarpen guztiengatik, eta gogora ekarri ditu Eduardo Anguloren hitz hauek: "Zientzia dibulgazioak kritikoa izan behar du".
Bestalde, Ionan Marigomezek, Zoologia eta Animalien Zelulen Biologia Saileko irakasleak, zorrozki baina batez ere adeitsu azaldu du Eduardoren ibilbide akademiko luzea, bi hamarkada baino gehiagokoa. Eduardo maixuak hainbeste aldiz errepikatu zuen "denbora luzez elkar ulertzera behartuta gaude" esaldia gogora ekarri du Marigomezek, "dibulgatzaile handia, irakasle eta lankide paregabea" izan zela aipatuz.
Zientzia eta Teknologia Fakultateko laborategi bati Eduardo Angulo izena jarri diote
Ondoren, Jesus Moyarekin hasi eta Manu Sotoren esker oneko hitzekin amaitu du testigantza-errondak, Angulo hobekien ezagutzen zuten 11 lagunek eskainia. Carmen Risueñok, Kepa Altonagak, Juan Carlos Iturrondobeitiak edo Almudena Cachok hartu dute parte, besteak beste.
Manu Sotok maitekiro gogoratu du gehien gustatzen zitzaiona: bere Athletic maitea. "WhatsAppak eta sare sozialak existitzen ez ziren garai batean, tesia Galesen prestatzen ari nintzela, astelehenero faxez bidaltzen zidan Athleticen azken partiduaren kronika". "Hunkigarria zen", gehitu du Manuk.
Bilbotarra muineraino, kontatu du Manu Sotok Lexicon bilbaino kontsultatzea gogoko zuela, eta izugarri gustatzen zitzaiola komentatzea han aurkitzen zituen bitxikeriak. Hortik atera zuen bere hitz gogokoenetako bat; "txirene", Eduardo Angulo bera ere erabat definitzen zuena. "Txirene": pertsona burutsu, barregarri, txantxazale eta xelebrea. "Bilbotar gehienak bezala, harro sentitzen zen Bilbokoa izateaz, bertako jendeaz, txokoez eta ohiturez", esan du.
Kepa Altonagak nostalgikoki esan du: "pena handiz, momentu horiek guztiak denboran galduko dira, malkoak euritan bezala". Dena den, Eduardo Anguloren izena betiko gogoratuko da, zeren ekitaldi zirraragarria amaitzeko, plaka bat jarri da haren izenean, zentroko laborategi batean.
