euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

EHUagora martxan da, unibertsitateko kideon parte hartzea sustatzeko plataforma

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/04/16

EHUko komunitate kideen arteko eztabaida eta parte hartzea sustatzeko plataforma digitala abiarazi du errektoretza taldeak. Decidim software libreko elkarteak sortutako plataforma da eta Komunikatik enpresaren laguntzarekin egokitu du EHUk komunitatearen gobernantza parte-hartzailea sustatzeko tresna. EHUko kide guztiek dute parte hartzeko aukera unibertsitateko erabiltzailearekin identifikatuta. Oraingoz, proiektu pilotu gisa jarri da abian Begirune protokoloa denon artean osatzeko.

Euskal Herriko Unibertsitatearen 2026-2028 Estrategia Planari jarraituz abiatu du errektoretza taldeak EHUagora parte hartzeko plataforma. Izan ere, ‘Denon Artean’ gobernantza ereduaren aplikazio praktikoa da, “unibertsitate barruko koordinaziorako eta partaidetzarako mekanismoen garapena”. Asmo horri jarraiki diseinatu da EHUagora parte hartzea sustatzeko plataforma digitala. Hala, Euskal Herriko Unibertsitatearen gobernantzan eragiteko abiatu du ekimena errektoretza taldeak, Partaidetza zuzendaritzaren bultzadarekin. Plataforma digitalak aukera ematen du hausnarketarako eta eztabaidarako gune izateko, iritziak partekatzeko eta adostasunetik erabakiak hartzeko. Horretarako hainbat espazio jartzen ditu eskura; hala nola, prozesuak, jardunaldiak, ekimenak edo kontsultak. Eta horietako bakoitzean, gainera, proposamenak egiteko, beste kide batzuekin eztabaidatzeko edo proiektuak gauzatzeko aukera dago.

Asier Blas Ikasleen eta konpromiso Sozialerako Errektoreordeak adierazi bezala, “EHUk izan baditu hainbat prozedura eta tresna haren gobernatze-eredua demokratikoa eta parte-hartzailea izan dadin; baina, gaur egun, tresna horiek zailtasunak dituzte parte-hartzea sustatzeko eta, askotan, aldez aurretik harturiko erabakiak legitimatzeko erabiltzen dira. Uste dugu EHUagora moduko tresna batek aukera ematen digula erabakitze-prozesuak askoz ere irekiagoak eta zabalagoak izateko”.

“Kontua ez da erabakigune organoak eskumenez hustea”, gehitu du Blasek, “baizik eta komunitatearen iritzi kontrastatua izatea arre edo so egin aurretik, eta, kide orok erabakietan inplikatzeko eta eragiteko aukera izatea”. Partaidetza zuzendari Izaro Gorostidik zehaztu duenez, “horretarako abiarazi dugu EHUagora; teknologia baliatzeko komunitate barruko eztabaidak bideratzeko, kezkak azaleratzeko eta erabakiak ahalik eta informaziorik gehienarekin hartu ahal izateko”.

LDAP bidez bakarrik

Proiektu pilotu gisa abiarazi den EHUagoran parte hartzeko baldintza da LDAP identifikazioa erabiltzea. Modu horretan bermatu nahi da unibertsitate kideon arteko eztabaida zintzoa izatea eta elkarrizketa aberasgarria sortzea.

Plataforma oso erraza da erabiltzen eta gutxieneko arauak ere ezarri dira, adierazpen askatasuna bermatzeko eta irainak eta antzerakoak saihesteko.

Orain zabalik dagoen Begirune protokoloaren inguruko eztabaidaren lehen epea maiatzaren 3ra arte egongo da zabalik. Ekarpen guztiekin osatuko den dokumentu bateratua atzera ere partekatuko da komunitatearekin EHUagoran. 

Lehenengo ekimen honek ematen duen emaitzaren arabera ondorioak atera eta baloratuko da EHUagoraren inplementazioa nola egin unibertsitateko organo eta guneetan.

Elkarlanean erabaki, komunitatea josi: EHUagora