Euskal Herriko Unibertsitateko Klaustroak onartu ditu EHUren estatutu berriak, klaustrokideen % 73,7ko babesarekin. Aurrerantzean, unibertsitateko organoetan ikasleen eta irakasle-ikertzaile ez iraunkorren ordezkaritza handiagoa izango da eta unibertsitatea osatzen duten egiturek autonomia eta presentzia gehiago izango dute. Estatutuak berritzeko Klaustroan parte hartze zabala izan da, 237 klaustrokideetatik % 85ek parte hartu baitu, eta lehendabizi bozketa era digitalean egin da, berme guztiekin.
EHUko Klaustroak % 73,7ko babesarekin onartu ditu estatutu berriak
Klaustroaren gehiengoaren erabakiz unibertsitatearen izen ofiziala Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) izango da eta hala jasota geratuko da estatutuetan
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2026/04/22
Euskal Herriko Unibertsitateko Klaustroak onartu ditu EHUren estatutu berriak, klaustrokideen % 73,7ko babesarekin. Aurrerantzean, unibertsitateko organoetan ikasleen eta irakasle-ikertzaile ez iraunkorren ordezkaritza handiagoa izango da eta unibertsitatea osatzen duten egiturek autonomia eta presentzia gehiago izango dute. Estatutuak berritzeko Klaustroan parte hartze zabala izan da, 237 klaustrokideetatik % 85ek parte hartu baitu, eta lehendabizi bozketa era digitalean egin da, berme guztiekin.
Ia zazpi orduz luzatu den Klaustroaren ondotik Leire Garmendia idazkari nagusiak adierazi bezala, “eztabaida oso aberatsa izan da, hurbilketa testu asko jaso ditugu eta lortu da onartutakoa denon adostasunarekin izatea”. Garmendiak eskertu egin die klaustrokide guztiei izandako jarrera: “Klaustroan zehar izandako parte hartzeak bat egiten du estatutu berriek oinarrian duten helburu nagusiarekin: izaera demokratikoa indartzea”. Idazkari nagusiaren esanetan, “definitu gara unibertsitate plural, feminista, anitza eta genero diskriminaziorik gabea, bizikidetzaren aldekoa eta komunitatea osatzen duten kolektibo guztiak aintzat hartzen dituena”. Eta horrela jasota geratu da EHUko estatutuen 5. artikuluan:
Printzipio gidariak. 2. Unibertsitate plurala eta feminista den aldetik, EHUk, bere komunitatea osatzen duten emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeaz gain, behar diren neurriak hartuko ditu inor diskriminatua izan ez dadin edo inork jazarpenik jasan ez dezan inongo ezaugarri edo inguruabar pertsonal edo sozial dela kausa, hala nola jaiotza, jatorri etnikoa, sexua, sexu orientazioa edo sexu identitatea, generoa edo genero adierazpena, erlijioa, sinestea edo iritzia, hizkuntza, adina, desgaitasuna edo hezkuntza premia espezifikoak, nazionalitatea, gaixotasuna, maila sozioekonomikoa, joera politiko edo sindikala edo itxura.
Legezkotasuna, eraginkortasuna, efizientzia, gardentasuna, kalitatea, eta gizarteari eta unibertsitateko kideei ahalik eta zerbitzurik onena emateko EHUren printzipio gidariei gehitu zaie subiranotasun digitala eta, horregatik, 5. artikuluari i letra erantsi zaio: EHUk subiranotasun teknologikoa eta bere datuen zaintza bermatuko ditu, software librea eta kode irekia erabiltzeari lehentasuna emanez, betiere zerbitzuaren eraginkortasuna, bideragarritasuna eta segurtasuna bermatzen badute, eta datuen kudeaketa, lehentasunez, bertako teknikarien esku utziz”. Zuzenketa aldeko 117 eta kontrako 64 botorekin onartu zen.
Ordezkaritza handiagoa
Ildo berean, unibertsitateko organoetan gehitu egin da ikasleen eta irakasle-ikertzaile ez iraunkorren ordezkaritza eta ponderazioa errektorea aukeratzeko hauteskundeetan.
Hala, aurrerantzean Klaustroak 12 kide gehiago izango ditu, guztira 249 klaustrokide izango dira honela banatuta:
| Kidegoa | Ordezkariak | Portzentajea |
| Errektore, idazkari Nagusia, Gerentea | 3 | |
| IRI iraunkorrak | 127 | % 51 |
| IRI ez iraunkorrak | 18 | % 7,2 |
| Elkartuak | 1 | % 0,4 |
| Ikertzaileak | 3 | % 1,2 |
| Ikasleak | 66 | % 26,5 |
| TEKAZEL | 34 | % 14 |
Era berean errektorea hautatzeko hauteskundeetan boto ponderatua ere aldatu da (167.3 artikulua). Bozketara jarritako artikulu horren zuzenketaren defentsan, aldekoek adierazi zutenez, iraunkorrak ez diren IRIak aitortzea da helburua, euren ordezkaritza ere orekatua izan dadin. Izan ere, IRI ez iraunkorren gehiengoa arduraldi osoan dago, ez ordea, elkartuak. Horregatik izango du balio handiagoa ez iraunkorren botoak elkartuenak baino. Halaber, USLO legeak markatutako bidetik, ikasleen botoen ponderazioa ere handitu da. Beraz, hauxe izango da kolektibo bakoitzaren botoaren portzentajea:
| Kolektiboa | Boto ponderatua |
| IRI iraunkorrak | % 51 |
| IRI ez iraunkorrak | % 7,3 |
| Elkartu | % 0,3 |
| Ikertzaileak | % 0,9 |
| Ikasleak | % 26,5 |
| TEKAZEL | % 14 |
Gainera, errektoregai izateko eskakizunak ere egokitu dira unibertsitatetako komunitateko kide gehiagok izan dezaten hautagai izateko aukera. Aurrerantzean ikerketako bi seiurte izan beharko ditu hautagaiak, eta ez hiru. Aldeko 101 botorekin onartu zen proposamena.
EHU
Unibertsitatearen izen ofiziala aldatzeko bozkara jarritako bi proposamenen artean, euskara hutsezko izenaren (Euskal Herriko Unibertsitatea) eta izen elebidunaren (Euskal Herriko Unibertsitatea/Universidad del País Vasco) artean, euskarazko izendapenak jaso zituen bozka gehien, hain zuzen ere 106 boto. Hala, iazko ekainean aurkeztutako marka berriaren ildotik, euskara hutsez izendatuko da unibertsitatea aurrerantzean: Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU).
Doktorego Eskola
Doktorego Eskolari dagokionez, orain arte Doktorego Eskolako (DOKe) Zuzendaritza Batzordeak aukeratzen zuen zuzendaria. Estatutu berrien (112.4 artikulua) arabera, Doktorego Eskolako zuzendaria, doktorego programetan atxikita dauden irakasleek bozkaketaren bidez hautatuko dute.