-
Hesteetako osasunari buruzko gida berria
-
Ama izateak eragin handiagoa du osasunean aita izateak baino
-
EHU sinkrotroi teknologiaren potentziala aztertzen ari da ikerketa eta berrikuntza bultzatzeko
-
Nutrizio heziketak osagarrien eragina biderkatzen du
-
Bizkaiko Esperientzia Geletako mikrokredentzialek harrera bikaina izan dute
EHUk spin-offen sorrera arautzeko araudi berria onartu du
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2026/05/21
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) berriki onartu du Gobernu Kontseiluan EHUn Enpresa Sortzeko Araudi berria, Transferentzia eta Nazioartekotze Errektoreordetzak sustatua. Araudi berriak aukera emango dio EHUri spin-offetan zuzenean edo bere mendeko erakundeen bidez parte hartzeko, kapital sozialean sartuz eta ezagutzaren transferentzia aktiboagoa eginez.
Spin-offa EHUk sustatutako edo ikerketako langileek eskatuta sortutako enpresa da, helburua izanik unibertsitatearen ikerketen emaitzak ustiatzea. Emaitza horiek ezagutza bat izan daitezke, edo industria-babeseko titulu baten bidez (adibidez, patenteak) babestutako aktiboak. Spin-offak sortzeko araudi berriak, gainera, aukera ematen du Euskal Herriko Unibertsitatea enpresa horien bazkide ere izan dadin.
Era berean, onartutako araudi berriak aurreikusten du unibertsitatearen ekarpena diruzkoa edo ez-diruzkoa izan daitekeela, ikerketa-emaitzak, teknologiak edo bestelako aktiboak baliatuz. Horrek, gainera, ikertzaileei parte-hartze handiagoa ahalbidetuko die enpresetan. “Orain arte, administrazio publikoetako bateraezintasunen araudiak muga handiak ezartzen zizkien ikertzaileei: ezin zuten %10etik gorako partaidetzarik izan, ezta administrazio-organoetan parte hartu ere, unibertsitatea bera enpresan bazkide ez bazen. Araudi berriak aukera emango du muga horiek gainditzeko, indarrean dagoen legeriarekin bat etorriz”, azpimarratu du Gotzone Barandika Argoitia EHUko Transferentzia eta Nazioartekotze errektoreordeak.
Araudiak, hala ere, argi uzten du kontrol instituzional osoa bermatuko dela. “Spin-off baten sorrera edo EHUren partaidetza ezingo da gauzatu Gobernu Kontseiluaren eta Gizarte Kontseiluaren berariazko baimenik gabe. Halaber, unibertsitateko organoek gainbegiratuko dituzte proiektuaren bideragarritasuna, interes publikoa eta gardentasuna”, azaldu du Transferentzia eta Nazioartekotze errektoreordeak.
Euskal Herriko Unibertsitateak urtean gutxi gorabehera 5 spin-off sortzen ditu ikerketaren emaitzetatik abiatuta. Spin-off horiek teknologia disruptiboa ustiatzen dute eta kualifikazio handiko enplegu berriak sortzen dituzte.