euskaraespañol

pil-pilean

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Unibertsitate publikoaren alde egitea eskatu die EHUko errektoreak parlamentuko taldeei 

Ikuspegi sozialeko proiektu izarrak aurkeztu ditu Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza batzordean Joxerramon Bengoetxeak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/05/28

2025-2031 agintaldirako lerro estrategikoak azaldu ditu Joxerramon Bengoetxea errektoreak Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Batzordean egindako agintaldiko lehenengo agerraldian. Euskal unibertsitate publikoaren bikaintasuna bultzatzeko eta munduko 300 unibertsitate onenen artean egoteko, finantzazio nahikoaren garrantzia azpimarratu du. Ildo horretan, batetik, euskal unibertsitate sistemaren lege proiektuan unibertsitate publikoaren lidergoa lehenestea. Bestetik, positibotzat jo arren unibertsitate pribatuak sortzea mugatzeko eta kalitatea bermatzeko Errege Dekretua, taldeei eskatu die bermatu dezatela unibertsitate publikoei ez diela kalterik egingo.  

Europan Ukrainako herriak edo Ekialde Hurbilean Palestinako herriak jasaten ari diren erasoaldia eta genozidioa, hurrenez hurren, gogoan hasi du agerraldia Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak, Eusko Legebiltzarrean. Gaur izan da legegintzaldiko lehenengo agerraldia Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza batzordearen aurrean. 2025-2031 legegintzaldiko ildo estrategikoak aletu ditu, gizarteak dituen beharrei erantzuteko unibertsitatearen konpromisoarekin lotuta, “ikuspegi soziala duten proiektuak”. Etxebizitza faltaren aurrean, Araba eta Gipuzkoako ikasleen egoitza berrien proiektuak martxan direla azaldu du eta Leioan, ikuspegi inklusibo batetik ekarpenak egin asmo dituen proiektua landu nahi dela gehitu du.   

Epe ertain luzera, berriz, zaintza integralerako arreta zerbitzuaren proiektua diseinu bidean dela, iragarri du, baita “Bilbon kokatuko den Odontologia Klinika soziala, proiektu izarretako bat” ere.  

Nahikotasun finantzarioa   

Unibertsitate publikoaren kalitatea bermatzeko ezinbestekotzat jo du Bengoetxeak, “nahikotasun finantzarioa izatea eta unibertsitatearen autogobernua eta kudeaketa autonomia ahalbidetu eta babestuko duten legedi egokiak izatea”. Eskumenen auzitik harago, unibertsitate berriak sortzeko Espainiako gobernuak egindako proposamenak unibertsitate publikoen autonomia, kalitatea eta lidergoa indartzeko balio behar duela ohartarazi du.   

Finantzazioari dagokionez, gogoratu du unibertsitatearen ezaugarri juridiko nagusia dela bere “autonomiaren aitortza, gizartearekiko dituen betebeharrei erantzuteko ezinbestekoa”. Hurrengo urteko aurrekontuei begira, “nahitaez behar du finantzazio egokia” eta horretan laguntzeko, “unibertsitatearen premia eta erronken gaineko “diagnosi zehatza egiten” ari direla aurreratu du.