Global Sumud Flotillak bart jasan dituen erasoaren aurrean, Euskal Herriko Unibertsitatak irmoki salatzen du gertatzen ari dena eta elkartasuna adierazi nahi die ontzidiari zein ekimen solidarioan parte hartzen ari diren ekintzaileei.
EHUko errektoretza taldearen komunikatua, Global Sumud Flotillaren aurkako erasoen aurrean
Lehenengo argitaratze data: 2025/09/24
Onartezina da eta irmoki gaitzesten eta salatzen dugu Israelego gobernua Gazan egiten ari den genozidioa, baita erabiltzen ari den argumentu eta metodoak ere Palestinaren alde ari diren ekintzaileak erasotzeko.
Gizateriaren aurkako krimenak dira Israel egiten ari dena eta inola ere ezin dira zuritu. Neurriak hartu, gertatzen ari dena salatu eta etengabe gogoraraztea dagokigu. Zentzu horretan, joan den asteko agerraldian erakutsitako konpromisoa eta unibertsitateak hartutako erabakiekiko erantzukizuna berresten ditu EHUko errektoretza taldeak; besteak beste, genozidioa babestu duten edo berau salatu ez duten Israelgo unibertsitateekin harremanik ez izatea.
Palestinako genozidioaren aurrean EHUren komunitatea erakusten ari den gaitzespena eta engaiamendua bat dator mundu zabalean altxatzen ari diren ahotsekin. Unibertsitatea ere giza eskubideen aurkako bidegabekeriak salatzeko eta pentsamendu kritikorako gune aske eta segurua da eta izaten jarraitu dezan lan egingo dugu.