euskaraespañol

Redes sociales campusa

Milioika euroko ikerketa proiektuei uko egin die EHUk, Israelgo erakundeekin zuten partehartzeagatik

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/09/17

Estitxu Garai, Joxerramon Bengoetxea eta Asier Blas prentsaurrekoan | Argazkia: EHU

Israelgo entitateek parte-hartzen duten hainbat ikerketa proiektutatik atera da EHU azken hilabeteotan. 247 milioi euro batzen dituzten ikerketa proiektuak izan dira. Era berean, 2024an hartutako erabakiari jarraituz, batzordea sortzeko proposamena egina dio errektoretza taldeak Palestinaren aldeko unibertsitate mugimenduari, aurretik unibertsitateak dituen proiektuak aztertzeko.

“Palestinako herriaren kontrako genozidioa lehentasunezko auzia da gure unibertsitatean”, adierazi du prentsaurrekoan Joxerramon Bengoetxea Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektoreak eta horren erakusle, azken hilabeteetan EHUk 247 milioi euroko ikerketa proiektuei ezetz esan diela azaldu du, biomedikuntza edo konputazio zientziak bezalako alorretan, “ikerketa taldeek eurek hartutako erabakiengatik nahiz errektoretza taldeak bultzatuta”. Errektoreak gogoratu duenez, hartutako erabakiak bat datoz Gobernu Kontseiluak 2024ko apirilaren 24an onartutakoarekin: “Palestinan gertatzen ari diren gizateriaren aurkako krimenak berariaz gaitzesten ez dituzten Israelgo unibertsitate eta erakundeekin harremanak ez izateko eta hausteko konpromisoa”.

Gobernu Kontseiluaren erabaki hark, halaber, jaso zuen lan talde bat sortzea, Israelgo erakundeekin zerikusia izan zezaketen egungo errektoretza taldeak kargua hartu aurretiko, akordioak berrikusteko. Hala, Bengoetxeak gogoratu du uda aurretik proposatu zela, Palestinaren aldeko unibertsitateko mugimenduaren parte hartzea izango duen batzordea eratzea. “Uste dugu beharrezkoa dela EHUn Palestinaren alde lanean ari diren taldeak ere batzordean izatea”, zehaztu du Bengoetxeak. Errektoreak gaineratu du, EHUren tamainak lan zehatza egitea eskatzen duela.

Europar Batasuneko erakundeei eta Espainiako gobernuari ere zuzendu zaie Bengoetxea bere agerraldian, eta eskatu die Israelgo unibertsitateak atera ditzatela ikerketa nahiz akademia eta kultura elkarlanerako diru-funtsetatik. Izan ere, “ikertzaile israeldarrek Europako ikertzaileen baldintza berberetan jasotzen dituzte diru-funtsak, Israelgo Gobernuarekin dagoen elkartze-akordioaz baliatuta”, gehitu du Bengoetxeak. “Dirua jartzen duten erakundeak dira ezinbestean eskua hartu behar dutenak ikerlari eta ikerketa taldeen lana blindatu eta proiektuetako partaidetzak arriskuan ez jartzeko”, zehaztu du Bengoetxeak.

Era berean, errektoreak aurreratu duenez, aurrerantzean enpresekin sinatzen diren hitzarmenetan giza eskubideak errespetatzeko eta armagintzarekin harremanik ez izateko klausula gehitzea proposatuko du Gobernu Kontseiluaren hurrengo bileran. Eta euskal enpresekin indarrean dauden akordio edo harremanak ere berrikusiko dira komunitatearekin elkarlanean. Errektoreak zehaztu duenez, 2023ko azaroaz geroztik ez da sinatu Israelek parte hartzen duen ikerketa proiektu berririk Euskal Herriko Unibertsitatean.

Bestalde, Universitaires avec Gaza eta Univ-Gaza Frantziako taldeekin harremanetan dago EHU, Palestinako ikertzaileak handik atera eta EHUra ekartzeko aukera aztertzen, Frantziako nahiz Iparraldeko unibertsitateekin elkarlanean. Ildo beretik, Ikasleen eta Gizarte Konpromisorako Errektoreordetzak beka-deialdi bat onartuko du, espresuki Palestinako ikertzaileei ostatu eta mantenu laguntzak emateko. Helburua da, Nazio Batuen Erakundeko hainbat organok aitortu moduan, Palestinako ikertzaileen larrialdi-egoera eta muturreko kalteberatasuna aitortzea.

EHUko errektoreak azaldu duenez, unibertsitateak baditu eskuartean beste hainbat ekimen Palestinan Israel egiten ari den genozidioa salatzeko; tartean, EHUgunek antolatu dituen eta datozen egunotan aurkeztuko dizkizuegun jardunaldiak. Lanean jarraitzeko eta neurri berriak hartzen segitzeko konpromisoa ere adierazi du. Halaber, Palestinako Unibertsitate Sistemaren berreraikuntzan EHUren bere esku dagoena egiteko asmoa adierazi du Bengoetxeak. Palestinaren aldeko Global Sumud Ontzidiari elkartasuna adierazita amaitu du bere hitzartzea.