euskaraespañol

Redes sociales campusa

EHUko Esperientzia Gelek urteroko jardunaldia egin dute

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2026/05/19

EHUko Esperientzia Gelen topaketako talde argazkia | Argazkia: Nuria González. EHU.

Oraingoan, Arabako Campusa aukeratu zuten Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Esperientzia Gelen III. Jardunaldiak egiteko. Ekimena Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Esperientzia Geletako zuzendaritzek antolatzen dute. Ongietorria emateko ekitaldian parte hartu zuten Ixone Fernandez de Labastida Medina Arabako campuseko errektoreordeak; Ainhoa Berasaluze Correa Graduondoko eta Etengabeko Ikaskuntzako errektoreordeak; Mariate Bizkarra Morales Arabako Esperientzia Geletako zuzendariak; Idoia Igartua Laraudogoitia Bizkaiko Esperientzia Geletako zuzendariak; eta Gabriela Chotro Lerdak, Gipuzkoako Esperientzia Geletako zuzendariak.

Hiru campusetako Esperientzia Geletako 4. mailako ikasleak Letren Fakultatean ‘Gasteiz: Erdi Aroko hiri baten sorrera’ izenburupean egindako jardunaldietan bildu ziren. Hitzaldiak Jose Ramon Diaz de Durana (‘de Gasteiz a Vitoria’) katedradunak, Iñaki Bazan irakasleak (‘Vivir en la Vitoria Medieval’) eta Eukene Martinez de Lagos irakasle agregatuak (‘El patrimonio de época gótica en el casco medieval de Vitoria-Gasteiz’) eman zituzten.

Jardunaldia osatzeko, Santa Maria katedrala eta Gasteizko Alde Zaharra ezagutzeko bisita gidatua egin zuten, eta, amaitzeko, hiru campusetako ehun ikasle baino gehiago bildu zituen bazkaria egin zen. Gainera, Big Band Berri taldearen musika emanaldiaz ere gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek.