euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

EHUko Gabriel Aresti Katedrak ‘Kultura Gerra Zibilean (1936-1939)’ liburua aurkeztu du

Aurten 90 urte betetzen dira Gerra Zibila hasi zela, eta urteurren horren harira, gerra garaian kulturak jokatu zuen papera aztertu dute egileek

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/02/18

Patxi Juaristi, Beatriz Zabalondo eta Leyre Arrieta | Argazkia: EHU.

EHUko GABRIEL ARESTI KATEDRA Bildumak ‘Kultura Gerra Zibilean (1936-1939)’ liburua aurkeztu du otsailaren 18an Bizkaia Aretoan. Bertan izan dira lanaren koordinatzaileak: Patxi Juaristi Gabriel Aresti Katedraren zuzendaria eta Beatriz Zabalondo Gabriel Aresti Katedraren idazkaria.

Kultura zentzu zabalean ulertuta, liburuak hamabost artikulu biltzen ditu, eta askotariko adierazpide kulturalak aztertzen dira: artea, dantza, musika, arkitektura eta hirigintza, antzerkia, bertsolaritza, zinema, hezkuntza, liburutegiak, artxiboak eta museoak, kartelgintza, literatura, kazetaritza eta irratigintza.

Hortaz, argitalpenean diziplina anitzetako ikerlariek hartu dute parte: Irati Agirreazkuenaga Onaindia, Xabier Altzibar Aretxabaleta, Oier Araolaza Arrieta, Leyre Arrieta Alberdi, Karmele Artetxe Sanchez, Mikel Bilbao Salsidua, Ander Delgado Cendagortagalarza, Jose Javier Fernandez Altuna, Idoia Gereñu Odriozola,  Patxi Juaristi Larrinaga, Ismael Manterola Ispizua, Francisco Javier Muñoz-Fernández, Josu Martinez Martinez, Lourdes Otaegi Imaz eta Pio Perez Aldasoro.

Lan hau ahanzturaren aurkako liburua izateaz gain, esperantzarako leihoa ere bada. Izan ere, euskal kulturak Gerra Zibileko errautsetatik berpizteko izan zuen gaitasuna erakusten du. Gerra Zibileko kultur bizitzari begiratzea da liburu honen helburu nagusia; horrekin batera, garaiko kultur ekoizpenean eta kulturgileengan eragin zuten politikak eta ideologiak ere aztertzen dira. Kulturaren, ideologien eta politikaren arteko elkarreraginak liburuaren parte garrantzitsua hartzen du.

Lan honek, gainera, hainbat xede osagarri ditu:

  • Gerra-garaiko bizimodua eta, bereziki, gerra-garaiko kultur bizitza hobeto ezagutzea. Lan honetan parte hartzen duten idazle eta ikerlariek lehen ere idatzi eta argitaratu dute gai hauen inguruan, baina interesgarria iruditu zaigu guztien gogoeta eta azterketak liburu bakarrean jasotzea, euskal kulturak Gerra Zibilean jasan zuen txikizioa bere osotasunean azaleratzeko.
  • Gaiari buruzko bibliografia osatua eskaintzea. Liburua osatzen duten atalen bukaeran agertzen diren erreferentzia bibliografikoek kulturak gerra-garaian Hego Euskal Herrian izan zuen egoeraren inguruan gehiago sakontzeko aukera eskaintzen dute.
  • Gerra-garaiko kultur erakunde eta eragile giltzarriak ezagutaraztea.
  • Euskal kulturaren gaia jorratu nahi dutenei oinarrizko materiala eskaintzea.

Fokua Gerra Zibileko urteetan jarrita badago ere, liburuak ezinbestean jorratzen ditu gerraurreko testuingurua eta gerraosteko ondorioak. Horrenbestez, Euskal Pizkundea, Bigarren Errepublika, erbestea eta frankismoaren garaiko errepresioa ere presente daude lanean.

Lurraldeen araberako errealitate desberdinak ere kontuan hartzen dira: Nafarroan eta Araban hasieratik estatu-kolpea babestu zen bitartean, Gipuzkoa eta Bizkaia Bigarren Errepublikari leial izan ziren. Esperientzia horien arteko aldeek kultura bizitzeko, bultzatzeko eta sortzeko moduak baldintzatu zituzten.

Liburuak nagusiki Errepublikari leial izan ziren eremuetako kultur erakunde eta eragileak aztertzen ditu, baina baita frankisten aldean gelditu zirenen edo haiek kontrolatutako lurraldeetan garatutako kultur ekimenak ere. Era berean, 1937an Hego Euskal Herria osoa frankisten esku geratu ondoren nagusitu zen kultur ereduaren ezaugarriak eta frankismoarekin lerrokatutako intelektual eta artisten jarduna ere aipatzen dira.

Gabriel Aresti Katedra

Gabriel Aresti Katedra euskal kulturaren ikerkuntzari, sorkuntza artistikoari eta dibulgazioari loturiko unibertsitate katedra bat da. 2023. urtean jaio zen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta EHUko Bizkaiko Campusaren ekimenez. Katedrak izen bereko intelektual eta kulturgilearen irudia eta obra ezagutarazi nahi du, bereziki unibertsitateko ikasleen artean. Horrekin batera, katedraren helburu garrantzitsua da euskal kulturaren inguruko gogoeta eta azterketak bultzatzea, eta baita euskal kulturaren memoria jorratzea ere.

Hala ere, Katedraren asmoa ere bada Euskal Herriko kultura eta arteen ikerketan lan egiten duten  erakunde eta pertsonekin elkarlanean aritzea. Beraz, gai zehatzen inguruan, momentu puntualetan, lankidetzarako harremanak edo hitzarmenak egiten ditu euskal kulturako erakunde, pertsona edo mugimenduekin.