Argitalpen bati hainbat ukitu edo hobetzeko ahalegin egiten zaizkio, azkenean esku artean izatea lortzen den arte. Lehendabizikoak egileek egiten dizkiote gorputza hartzen doan ideiari; eta horiei jarraitzen diete testuaren gorputzean lanaren editoreek, koordinatzaileek edo lana ebaluatu dutenek egiten dituztenak. Horiek gutxi izan ez, eta batzuetan, eraldatutako testu horren gainean egileek egiten dituzten aldaketa gehiago etortzen dira berriro.
-
Urtarrilaren 7an irekiko da Leioako kiroldegia
-
Javier Belausteguigoitia nabarmendu da Simon Marais Mathematics Competition-en
-
EHUpodcast: Dieta pertsonalizatu baterako biomarkatzaileak
-
La mirada indiscreta. Sobre la utilidad de las imágenes y los relatos en la cultura contemporánea
-
Bultzada hartzen duten ideiak: Handira Jo 2025 Sariak
Argitalpenez erdituz unibertsoa bikoiztu
Euskarazko edo euskal kulturari lotutako 40 lan berri eramango ditu EHUk Durangoko Azokara
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/12/03
Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak urtero-urtero ehun eta berrogeita hamar lan inguru erditzen ditu. Horietako batzuk liburuak dira: monografiak, unibertsitate eskuliburuak, serieetan eta bildumetan argitaratutako lanak, edo kongresuetatik eta jardunaldi teknikoetatik eratorritakoak. Aldizkariek osatzen dute argitalpenen multzoa; hainbat aldizkari baitaude unibertsitate honetako funtsetan. EHUko Argitalpen Zerbitzuak urtean zehar beste azoka batzuetan parte hartzen badu ere, guztietatik bereziena edo kuttunena Durangoko Azoka da. Unibertsitateko Hizkuntza Zerbitzuak izaten dituzte bidelagun euskal argitalpenen eztanda honetan, hango kideak arduratzen baitira bai zenbait argitalpen bultzatzeaz bai eta euskaraz argitaratzen diren lan guztien euskara-kalitatea zaintzeaz ere. Plaza honetarako bereziki prestatzen dira; haien helburua izaten baita ezagutza alor ezberdinetan euskaraz idatzitako edota euskal kulturari lotutako punta-puntako lanak eramatea.
Durangoko agertokira euskarazko liburuz gainezka joango da aurten ere gure unibertsitatea, euskarazko edo euskal kulturari lotutako 40 lan berrirekin, horietako 30 euskaraz idatzitakoak.
Durangon plazaratuko ditugun lanetako bederatzi unibertsitateko eskuliburuak izango dira, horietako bi Udako Euskal Unibertsitatearekin (UEU) elkarlanean argitaratuak: Euskal gizabidearen emarian, Jon Mentxakatorre Odriozola eta Andoni Eizagirre Eizagirre; eta Asier Barandiaran Amarikaren Amerika eta diaspora euskal literaturan. Hamalau monografia berri eramango dituzte Azokara, eta serie eta bildumetan argitaratutako hamabost lan berri.
Bestalde, aldizkari zientifikoen azken zenbakiak ere eramango ditu unibertsitate publikoak Durangora: Ekaia (Zientzia eta teknologia) aldizkariaren 47. zenbakia eta ale berezia; eta Anuario del Seminario de Filología Vasca Julio Urquijo (Euskal Filologia, hizkuntzalaritza eta literatura) aldizkariaren 58-2 zenbakia.
Honako lau argitalpen hauen aurkezpenak ere egingo ditu EHUko Argitalpen Zerbitzuak Durangoko Azokan:
- Abenduaren 5ean, 19:30ean, Euskal Literatura sailean argitaratu den Ahotsak gorpuztuz. Euskal emakumezkoen literatura (1970-1985) liburuaren aurkezpena egingo da. Liburuaren editoreak izan dira Jon Kortazar Uriarte eta Paloma Rodriguez Miñambres. Argitalpenak euskal emakumezkoen literaturari buruzko azterketa zehatza eskaintzen du, kontuan hartuta 2018 eta 2022 urteen bitartean euskal emakume idazleek lau aldiz irabazi zutela sorkuntzako Euskadi Saria.
- Abenduaren 7an, 13:30ean izango da UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak Mikel Laboa Katedra bildumaren baitan argitaratu duen Joseba Sarrionandiaren literatura. Bitakora kaiera lanaren aurkezpena. Lan honen editoreak izan dira Nerea Eizagirre Telleria eta Mikel Ayerbe Sudupe. Joseba Sarrionandiaren literatura-sorkuntzaren gaineko lan monografikoa da liburua. Hainbat egileren artikuluak jasotzen dira bertan: batetik, tonu pertsonalagoa duten edo idazlearen bizi-ibilbideari ere erreparatzen dieten lanak; eta bestetik, kutsu akademikoagoa duten beste zenbait artikulu; hala nola itzulpengintzaren garrantzia, haur eta gazte literatura, ipuinen berridazketak, dekolonitatea, itsas iruditegiaren sinbologia eta Sarrionandiaren literaturaren bereizgarri diren bestelako hainbat gai jorratzen dituztenak.
- Abenduaren 7an, 19:00etan egingo da Jose Manuel Gutierrez Bastidak editatu duen Hezkuntza ekosozialeko hiztegia liburuaren aurkezpena. 2022an sortu zen Hezekos (HEZkuntza EKOSoziala) elkartea, ekodependentziaz eta interdependentziaz jabetzen diren hainbat pertsona aktibok osatua. Elkarte honen helburua da euskal gizartean hezkuntza ekosoziala aldarrikatzea, sustatzea eta garatzea; eta testuinguru horretatik sortu da hiztegi hau. Argitalpena ez da bakarrik terminoen definizio hutsa, planetarekin dugun harremanari buruz hausnartzeko gonbidapena ere bada.
- Abenduaren 7an, 19:30ean egingo da Naiara Bilbao-Quintanak, Arantzazu López de la Sernak eta Urtza Garay Ruizek koordinatu duten Ikaslab: etorkizuneko ikasgelaren kontzeptualizazioa eta garapena Euskadin liburuaren aurkezpena. Ikas-espazioak hezkuntza-berrikuntzako prozesuen funtsezko atal gisa birpentsatzeko beharretik sortu den lana da. Liburuan esaten da gela ezin dela ulertu edukiontzi fisiko huts gisa, baizik eta ezagutza eraikitzeko eragile aktibotzat hartu beharra dagoela. Proposamen honek ikasleen premia errealekin bat egiten duen hezkuntzarako bide posible berriak irekitzen ditu.
Argitalpen batzuk bakarrik aipatu ditugun arren, Durangoko plazan liburu gehiago aurkitu ahal izango dituzue: GATEPACeko Ipar Taldea. Inguruabar politikoak (Lauren Etxepare Igiñiz – Arte Textos seriea.), XX. mendeko euskal pentsamendua Joxe Azurmendiren talaiatik (Pako Sudupe Elortza- Filosofia seriea), Kultura gerra zibilean (1936-1939) (Patxi Juaristi Larrinaga eta Beatriz Zabalondo Loidi (koord.) – Gabriel Aresti Katedra bilduma), Liburu artean ibiltzea. Irakurketa literarioa eskolan (Teresa Colomer Martínezen lanaren itzulpena), Komunikazioa irakaskuntzan: ikerketa eta jardunerako proposamenak (Maria Victoria Unamuno Garate eta Lorea Unamuno Goiriena), eta aipatu gabe utzi ditugun beste horrenbeste lan.
EHUk argitalpengintzari egiten dion ekarpenaren adibide gisa, aurten argitaratutako argitalpen batzuk baino ez dira aipatu goian. Baina horiek eta askoz gehiago ikusi, usaindu, dastatu eta ukitu ahal izango dira Durangoko Azokaren 60. edizioan gure unibertsitateak izango duen standean.