euskaraespañol

pil-pilean

Gaurko irudia

Redes sociales campusa

50 urte geroago, Gabriel Arestiren ondareak bizirik dirau

‘Gabriel Arestik ereindakoak 1975-2025’, EHUk argitaratu duen liburu kolektiboak, idazlearen lanaren gaurkotasuna aldarrikatzen du

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2025/06/26

Patxi Juaristi, Beatriz Zabalondo eta Asier Aguayo, Bizkaia Aretoan, 'Gabriel Arestik ereindakoak 1975-2025' liburuaren aurkezpenean.
Patxi Juaristi, Beatriz Zabalondo eta Asier Aguayo, Bizkaia Aretoan, non 'Gabriel Arestik ereindakoak 1975-2025' liburua aurkeztu den. | Argazkia: Mitxi. EHU

Gabriel Aresti (Bilbo, 1933 – 1975) XX. mendeko euskal literaturako figura esanguratsuenetako bat izan zen, idazle eta poeta gisa ez ezik, euskara batuaren aldeko ekintzaile nekaezin gisa ere. Haren lanek justizia soziala, hizkuntza-eskubideak eta euskalduntasuna jorratu zituzten. Aurten 50 urte beteko dira Aresti zendu zenetik, eta, urteurrenaren harira, Euskal Herriko Unibertsitateko Gabriel Aresti Katedrak omenaldi berezi bat bultzatu du: 'Gabriel Arestik ereindakoak 1975-2025' liburuaren argitalpena.

Obraren asmoa idazlearen mezuek gaur egungo gizartean duten balioa eta gaurkotasuna nabarmentzea da. Liburuak euskal komunitatea, euskal kultur sistema eta euskal literatura indartu beharrari buruz hitz egiten du. “Arestik euskal kulturaren eta literaturaren bide zaharrak hobetu zituen eta bide berriak bilatu. Horregatik, hain zuzen ere, ez du gaurkotasunik galdu. Gabriel Aresti oso ondo lotzen da gaur egun euskal kulturaren baitan ditugun kezkekin”. dio Patxi Juaristik, Gabriel Aresti Katedraren zuzendari eta 'Gabriel Arestik ereindakoak 1975-2025' liburuaren koordinatzaileak.

Liburuan ikuspegi, diziplina eta jatorri akademiko anitzak dituzten EHUko bost ikastegitako 35 irakasle eta ikaslek hartu dute parte: Bilboko Hezkuntza Fakultatea, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, Letren Fakultatea, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea eta Arte Ederren Fakultatea. “Pertsona desberdinak elkartu gara eta genero literario, komunikatzeko modu, ikertzeko bide eta gogoeta egiteko era desberdinak elkartu nahi izan ditugu liburuan”, gehitu du Patxi Juaristik.

Patxi Juaristi: «Gabriel Aresti oso ondo lotzen da gaur egun euskal kulturaren baitan ditugun kezkekin»

Horrez gain, Irudigintza Saileko artisten marrazkiak, ilustrazioak, komikiak... ere jasotzen ditu argitalpenak, Gabriel Arestik garaiko artistekin izan zuen harreman estua gogoratuz. Liburuaren irudiak koordinatu dituen profesionala Susana Jodra izan da, EHUko Arte Ederren Fakultateko irakaslea: “Irudigintza saileko zenbait lankideei proposamena luzatu nien eta askatasun osoz irakasle-artista bakoitzak bere hizkuntz grafikoa erabiliz bere ekarpena egin zuen. Gabriel Aresti, bai pertsona bai pertsonaia, edo obra oparoa inspirazio gisa erabili genuen. Nolabaiteko baldintza neurria izan zen, Aresti omentzeko irudiak liburutik at erakusketa batean aurkezteko nahia hasieratik plazaratu genuen eta”.   

Liburuan Arestiren idazmakinaz, bere errealismo sozialaz eta iruditeria poetikoaz hitz egiten da, hala nola "harria", "mailua", "etxea", "H letra" edo "Bilbo" bezalako sinboloen bidez. Jodrak, liburu barneko irudiek erabiltzen dituzten sinbolei buruz hitz egin digu: “Orokorrean begiratzen badugu, gehien errepikatzen dena harria da, objektu gisa, horma gisa, ehundura gisa, egitura gisa… azken finean, euskararen metafora bisuala da; Jon Kortazarrek, Arestiren obran aditua denak, azpimarratzen duen bezala “Harria euskara da”. Ez da bilatu den zerbait izan, berez gertatu da, inork ez baitzekien bestea zer egiten ari zen”.

Aresti ez da iragana

Arestiren obra literario eta poetikoa sakonki aztertzen da, betiere ideia nagusi batekin: “Gabriel Aresti ez da iragana”, bere mezuak eta pentsamendua baliagarriak dira oraindik gaur egungo erronkei aurre egiteko. Hori bera azpimarratu zuen Patxi Juaristik Gabriel Aresti Katedraren aurkezpenean, 2023an: “Katedraren nahia ez da soilik iraganeko Arestiren inguruko gogoeta egitea, ez dugu nahi soilik 60ko edo 70eko hamarkadetako Arestiri buruz aritu. Gure helburua da Arestiren mezuek, lanek eta pentsamenduek gaur egun duten balioa, eragina eta oihartzuna aztertzea, eta haren figura unibertsitateko ikasleen artean ezagutaraztea”.

Susana Jodra: «Gabriel Aresti, bai pertsona bai pertsonaia, edo obra oparoa inspirazio gisa erabili genuen»

Beatriz Zabalondok eta Elixabete Larrinagak, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasleek, kapitulu bat idatzi dute liburuan: 'Gabrieli, bihotz saminez'. Hausnarketan, euskararen presentziaz eta euskal hedabideez gogoeta egiten dute, Arestiri zuzenean hitz egiten: “Gaurtik begiratuta, baina gure bizi esperientziatik idatzi nahi genuen. Eta bai Eli eta bai ni oso engaiatuta egon gara euskal hedabideetan. Nolabait esan, hori zen "gure gaia". Arestiri, modu informalean arlo horretako gure bizipenak "kontatzea" pentsatu genuen”, dio Beatriz Zabalondo.

Gainera, Asier Amezaga eta Eduardo Apodaka irakasleek, “Arestiren idazmakina Adimen Artifizialaren garaian” izeneko kapitulua idatzi dute. Beren kapituluan irakasleek euskalgintza Arestiren idazmakinarekin alderatzen dute: “Idazmakinaren irudia egokia iruditzen zitzaigun adierazteko, Arestik euskarari egindako ekarpenak nolabait dagoeneko hizkuntzan modu automatizatu zamarrean txertatuta, integratuta daudela”, dio Asier Amezagak, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasleak.

Horrez gain Adimen Artifizialaz (AA) baliatzen dira Arestiren eta Orixeren idazkera imitatzeko: “Azken batean, idazketa estiloa uler daiteke corpus batean oinarritutako entrenamendu eta ikasketa horietatik osatutako algoritmo batzuen ondori gisa. Aresti euskaldunberria zen eta euskara ikasi zuen orduan eskura zituen corpusa kopiatzen. Baina hor alde bat nabarmendu beharra dago, Hizkuntza Eredu Handiek, horien artean Adimen Artifizialeko txatbotek, ikasitako corpusa algoritmo eta eskaera batzuei erantzunez sortu egiten dute, beraz ezin dute Arestik zein Orixek literatura lanak sortzerakoan zituzten asmo eta norabideak kontutan hartu”, dio Amezagak.

Asier Amezaga: «Adimen Artifizialeko txatbotek ez dituzte Arestiren eta Orixeren asmoak eta norabideak kontuan hartzen»

Lan honen beste helburuetako bat da Gabriel Arestiren irudia eta obra belaunaldi berriei gerturatzea. Horrez gain, liburuak EHUren eta Gabriel Aresti Katedraren xede nagusietako bat ere betetzen du: euskal kulturaren, artearen eta euskararen inguruko ikerketa eta sorkuntza artistikoa sustatzea. “Saiatu gara Gabriel Arestiren figura hedatzen unibertsitatean, eta horrekin batera euskal kulturaren inguruko transmisioa ere egin dugu. Horiek dira, gure ustez, ekarpenik garrantzitsuenak”, azaldu du Juaristik.

Liburua, ordea, ez da Arestiren heriotzaren 50. urteurrena gogoratzeko egingo den ekimen bakarra. EHUko Gabriel Aresti Katedrak, Euskaltzaindiak eta beste zenbait erakundek urte osorako egitarau zabal eta anitza prestatu dute, idazlearen figura eta ekarpena gizartearekin berriz konektatzeko asmoz. Jardunaldi akademikoez gain, musikak, antzerkiak eta kaleko kultur adierazpenek ere izango dute tokia Arestiren lana ospatzeko egitasmoetan.

Gabriel Aresti Katedra

2023ko irailaren 27an sortu zuen EHUk Gabriel Aresti Katedra, Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan. Katedrak euskal kulturaren alor askotarako ateak zabaltzen ditu: literatura, arte, komunikazio, linguistika, soziolinguistika eta gizartearen ikerketa sustatzearen alde egiten du. Helburu horien artean nabarmentzen dira genero-ikuspegia kontuan hartzea eta euskara unibertsitateko lanerako hizkuntza nagusi izatea. Gainera, EHUn lanean duten erakunde eta pertsona independenteekin elkarlanean aritzea ere xede du.