euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

EHUko ikasleek ere lagundu dute euskaraz Wikipedian izan beharreko mila artikuluak egon daitezen

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/02/11

Igone Zabala EHUko Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako errektoreordea eta Galder Gonzalez Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko kidea | Argazkia: EHU

Wikipedia guztiek izan beharreko 1.000 artikuluen zerrendan lehenengo postua lortu izana ospatu dute EHUk eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak (EWKE). Izan ere, urte luzez egindako lanaren emaitza izan da, “urteetako elkarlanaren, eta EHUko komunitatearen konpromisoaren emaitza”. Hala azaldu du Igone Zabala EHUko Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako errektoreordeak, Galder Gonzalez Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko kidearekin grabatutako solasaldian. Mugarri esanguratsua da lortutakoa eta gai askotariko alorrekoak dira, gainera, 1.000 artikulu horietan landu diren gaiak: historia, filosofia, zientzia… Guztiak ere sakontasunez landuta eta egituratuta. 

Zabalak azpimarratu duenez, “lorpena partekatua da”. Izan ere, unibertsitateko hainbat gradutako ikasgaietan ikasleek landu dituzte artikulu horietako batzuk, batzuk sortu eta beste batzuk osatu egin dituzte, beti ere iturri fidagarriak baliatuta. Eta hori guztia, gainera, EWKErekin batera landu da, besteak beste, komunikazio akademiko profesionala lantzeko irakasgaietan. Euskara errektoreordeak azaldu duenez, "ikasleek oso ondo baloratzen dute proiektua, euskara akademikoa lantzeko baliagarria baita ekimena eta ikusten dutelako ekarpen esanguratsua egiten diotela euskal gizarteari”. 

Aipatutako oinarrizko eta funtsezko artikuluak mundu osoko wikilarien arteko eztabaida bidez zehazten dituzte. Helburua da hizkuntza guztiek oinarrizko ezagutza orokorra osatzen duten artikuluak izatea.  Wikipedia guztiek izan beharko lituzketen 1.000 artikulu horiek euskaraz daude eta, gainera, artikulu luze izateko eskatzen dena beteta: 30.000 bytetik gora izatea. Euskara da erronka hori lortu duen lehen hizkuntza. Behin hori lortuta, hurrengo erronka izango da funtsezko 1.000 artikulu horietatik zabalagoa den 10.000 artikuluen zerrenda hobetzea. Gaur gaurkoz Wikipedia guztiek izan beharreko 10.000 artikuluen zerrendan 17. Lekuan dago euskara. 

Aurten, abenduaren 6an, mende laurdena beteko du euskarazko Wikipediak. Horra orduko lanean jarraituko dute euskal wikilarien kolaboratzaileek, tartean, EHUk. 

Hori guztia gogoratu dute hurrengo bideo laburrean Igone Zabalak eta Galder Gonzalezek.