euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Editatu, existitzeko: Wikitopaldiak, Wikipedian genero arrakalak ixteko

Ostiralean jardunaldi bat egin zen Leioako campusean emakume zientzialari erreferenteen presentzia handitzen jarraitzeko lankidetzan egiten den entziklopedia digitalean

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2026/05/14

Leioako Wikitopaldiko partaideak | Argazkia: Mitxi. EHU

WikiEmakumeok taldea duela hamar urte baino gehiago hasi zen era honetako jardunaldiak antolatzen, genero arrakala txikitzeko Wikipedian. Egitasmo ia inprobisatu gisa hasi zena Euskadin barrena barreiatutako topaketa sare bihurtu da jada, non 50 pertsona inguruk artikuluak editatu, alborapenak aztertu eta historikoki kontakizun ofizialetik kanpo gelditu diren emakumeen memoria kolektiboa sortzen diharduten. 

Joan den ostiralean, Leioako campusean, beste Wikitopaldi bat egin zen, bat etorririk EHUren Kultura Zientifikoko Katedraren Mujeres con ciencia blogaren hamabigarren urteurrenarekin, Marta Macho Stadler EHUko matematika irakasle eta dibulgatzaileak abian jarritako dibulgazio proiektua. Jardunaldiak uztartu zituen Wikipedia edizioa eta fanzineen tailer bat, eta arreta berezia jarri zen beste behin emakumeen historia dokumentatzearen eta zaintzearen garrantzian, bai Interneten, bai formatu fisikoetan.

“Dena hasi zen haserrealdi batekin”, gogoratu du Mentxu Ramilo Araujok, EHUko Politika eta Administrazio Zientziako doktore eta WikiEmakumeok egitasmoaren bultzatzaileetako bat denak. 2015eko urtarrilean, Wikipedian bere lehen artikulua argitaratzen saiatu zen, eta “bost minutura” ezabatu zioten. Amore eman ez, eta laguntza bila hastea erabaki zuen. Hain zuzen, laguntza hori aurkitu zuen Mujeres con ciencia blogean, non Madrilen zientzialari emakumezkoak ikusarazteko antolatutako “editatona” (editatzeko topaketa) bati buruzko aipu bat aurkitu zuen.

“Post horrek leiho bat zabaldu zidan. Harremanetan jarri nintzen Wikimedia España elkartearekin eta editatzen ikasi nuen”, azaldu du Ramilok. Hil batzuk geroago, 2015eko azaroan, Gasteizko Udaleko Berdintasun Zerbitzuarekin batera, solasaldi bat eta “editatona” bat antolatu zituen, Saregunen, teknologia libreak erabiltzen dituen alfabetizazio digitaleko zentroan. Helburua: gasteiztar emakumeen biografiak ontzea.

Egitasmoak ezusteko arrakasta izan zuen. Gasteizko emakumeei buruzko argitalpen bati esker, Creative Commons lizentziarekin, hogeita hamar biografia baino gehiago idatzi eta argitaratu zituzten, euskaraz eta gaztelaniaz, goiz bakar batean. “Sekulakoa izan zen”, gogoratu du antolatzaileak. “Hor konturatu ginen zer-nolako genero arrakala, ikaragarria, zegoen Wikipedian”.

Ekimen puntual gisa hasi zena haziz joan zen pixkanaka, Euskadin barrena barreiatutako edizio taldeen sare bihurtu arte. Lehenik, hileroko bilerak egin ziren, Gasteizen. Hurrena, talde bat sortu zen Leioako campusean, urrian hamar urte beteko dituena. Geroago, martxan jarri ziren Donostiako, Etxebarriko eta Durangoko taldeak.

Guztion ondasuna

Hamarkada bat baino gehiago editatzen eman ondoren, gaur egun Wikimedia España elkarteko idazkaria den Mentxu Ramilok uste du Wikipediaren zeregina inoiz baino garrantzitsuagoa dela, adimen artifizialaren gorakada betean. “Wikipedia da publizitaterik ez duen, gure datuak arakatzen ez dituen eta lankidetza kolektiboari esker funtzionatzen duen Interneteko orrialde bakarrenetarikoa”, adierazi du antolatzaileak. “Guztion ondasun digitala da, eta zaindu egin behar dugu”. Bestetik, Ramilok ohartarazten du lankidetzan landutako edukien eta adimen artifizialak sortutako erantzunen arteko desberdintasunaz:  “Wikipedian den-denak egon behar du iturri fidagarrien bidez erreferentziatuta. AAk askotan testuingururik gabeko informazioa nahasten du, eta erreferentziak ere asmatzen ditu”. Horri beste kezka bat gehitu behar zaio: teknologia horien ingurumen inpaktua eta energia kontsumo izugarria.

Jende askok Wikipedia gauza urrun eta konplexu gisa ikusten duen arren, editatzen edonork ikas dezakeela azpimarratzen du Ramilok. “Ez da beharrezkoa gai batean aditua izatea”, ziurtatu du. “Garrantzitsuena da gogoa izatea dokumentatzeko, ikasteko eta ekarpen bat egiteko”.

Alborapen iraunkorrak

Biografia berriak sortzeaz gain, wikimedistek lehendik zeuden artikuluak berrikusten dituzte, andrazkoen ibilbideak kontatzeko moduan alborapenak detektatzeko eta desberdinkeriak zuzentzeko. Editore eta dibulgatzaile gisa duen esperientziatik, Marta Macho Stadlerrek uste du oraindik desoreka handia dagoela Wikipedian: “Alborapen nagusia da gehiegi hitz egiten dela emakume zientzialarien inguruko gizonei buruz: ustez garrantzitsuak izan ziren aitak, anaiak eta tutore edo senide gizonezkoak”, adierazi du dibulgatzaileak. Gizonen biografietan kontrakoa gertatzen dela argitu du: “Gizonak berez dira garrantzitsuak; aldiz, emakumeen lorpenak inguratzen dituen ingurune maskulinoari egozten zaizkio partzialki”.

Hala ere, dibulgatzaileak uste du emakume zientzialarien ikusgarritasuna hobetu egin dela azken urteetan, pertsona eta proiektu askoren lan kolektiboari esker: “Hau dagoeneko ez dago gelditzerik, nahiz eta emakume askori buruzko informazioa urria den. Ezagutu eta aitortu egin behar dira”.

Memoria paperean

Leioako Wikitopaldian, gainera, fanzine tailer bat egin zen, Jaio de la Puerta EHUko Historia Ekonomikoko doktore eta A Fortiori argitaletxeko zuzendariaren gidaritzapean, zeinak memoria euskarri fisikoan ere gordetzearen garrantzia defendatzen duen: “Nire ustez, papera da euskarri bakarra gai dena 500 urte irauteko eta edozein gorabehera jasateko. Paperean ez dago zaharkitze programaturik”. Artistak gogoratu du nola aritu den azken urteetan artxibo digitalak formatu batetik bestera etengabe aldatzen. “Aldiz, gaur egun oraindik erabil ditzaket nire amonak ikasteko erabili zituen liburuak, inolako aldaketarik egin beharrik gabe”, azaldu du. Horregatik, de la Puertak azpimarratzen du inoiz ez dela “paperezko euskarria desagertu behar, memoria babesteko, belaunaldiz belaunaldi”.

Argitaratutako biografia bakoitzaren atzean artikulu soil bat baino askoz gehiago dago. Memoria, aitortza eta ezagutza eraikitzeko modu kolektibo bat da.

Hurrengo topaldia ekainaren 5ean izango da, arratsaldeko 16:00etan, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko 8. informatika aretoan. Lila Pagola irakasle eta ikertzaile argentinarraren bisita izango dute, aitzindaria software librean eta Wikimedia proiektuetan genero arrakalak aztertzen.