EHUko katedradun Ramon Zallo hil da
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2026/03/30
Ramon Zallo Elgezabal gaur hil da. Gernika-Lumon jaioa, 1948an, Zuzenbidean eta Ekonomian lizentziaduna izateaz gain, Informazio Zientzietan doktorea zen. Euskal Herriko Unibertsitatea sortu baino bi urte lehenago,1978an, hasi zen irakasle Informazioa Zientzietako Leioako Unitatean. Ikus-entzunezko Komunikazioko katedradun izendatu zuten 1994an eta irakasle emeritu aritu zen 2019tik 2022ra arte.
Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko kidea izanik, Zallo komunikazioaren eta kulturaren industrien ikerketan aitzindaria izan zen. Berak azaltzen zuenez, «lehenengo urte haietan, jarrera kritikoarekin, soziologia funtzionalista eta ekonomia mikroa gainditu behar izan ziren, ikuspegi teoriko, egiturazko, geografiko eta sektorial bat emateko. hala, komunikazioaren eta kulturaren ekonomia bat formalizatu, egiturak, eragileak eta fluxuak nabarmenduz, ekonomiak eta merkataritzak kulturaren eta digitalen munduan duten lekua argitzen saiatzeko».
Lan askoren egile izan da Zallo. Ekonomiari, kulturari eta kultura eta komunikazio politikei buruzko artikulu ugari kaleratu ditu, baita kutsu soziopolitikokoak ere. Hamaika liburu argitaratu zituen, azkena Retrovisor y bisturí (Alberdania, 2025), azken 60 urteei buruzko memoria kritikoko ariketa. Beste lan kolektibo askoren zuzendaria edo zuzendarikidea izan da.
Kudeaketa publikoaren esparruan, Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuaren aholkularia izan zen komunikazio, ikus-entzunezko eta kulturaren arloan 2002-2009ko legegintzaldietan. Kulturaren Euskal Planaren (2004-2015) eta Kulturaren II. Euskal Planerako Orientabideen (2009-2012) egile nagusia izan zen. Euskadiko Ikus-entzunezkoen Liburu Zurian parte hartu zuen (2003) –hortik sortu zen EIKEN klusterra–, baita honako hauetan ere: Kulturaren Euskal Behatokia martxan jartzean (2006), irratiko FMaren eta Tokiko Telebista Digitalaren inguruko euskal legedia prestatzen, komunikazioari eta Ikus-entzunezkoen Kontseiluari buruzko lege-proiektua prestatzen eta Euskal Autonomia Erkidegoko ikus-entzunezkoen finantzaketari buruzko dekretua osatzen. Gainera, EITBrekiko bi kontratu programatan aholkulari izan zen.
Zazpi urtez Komunikazioko Ikerketaren Espainiako Elkartearen (AE-IC) Komunikazio Egitura eta Politiken Sailaren zuzendaria izan zen; elkarteak omendu zuen 2020an. Informazio, Komunikazio eta Kulturaren Ekonomia Politikoko Batasun Latinoko (ULEPICC) Espainiako ataleko presidentea ere izan zen. 2025eko azaroaren 5ean Euskal Kazetarien Elkartearen eta Kazetarien Euskal Elkargoaren ohorezko saria jaso zuen.
Azken agurra, bihar, martxoak 31n izango da, 17:00etatik 19:00etara Gernika-Lumoko Uribe Tanatorioan.