euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Elikadurari buruzko gida berriak argitaratu ditu EHUk

Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko Elikadura eta Obesitatea taldeko ikerlariek egin dituzte

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/10/20

Aurten argitaratutako gidak. | Argazkia: EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Argitalpen Zerbitzuak elikadurarekin lotutako gai ugariri buruzko gida berriak argitaratu ditu aurten. Hori guztia EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko Elikadura eta Obesitatea ikerkuntza taldeko ikerlariek egindako lanaren emaitza da.

Argitalpenak herritar guztiei zuzenduta daude, eta erabilgarria eta irakurterraza den dokumentua sortzen saiatu dira. Funtsezkoa da nabarmentzea horietan azaldutako informazio guztia ebidentzia zientifikoetan oinarrituta dagoela. Hala ere, gidek ez lukete inoiz paziente bakoitzak osasun langileen aldetik jaso ditzakeen gomendio klinikoen ordezkoa izan beharko.

Proteinak, gaurkotasun osoko gaia

Proteinak, lipidoekin eta karbohidratoekin batera, gure elikadurako mantenugaietako bat dira, eta egunero kontsumitu behar dira. Izan ere, funtzio metaboliko oso garrantzitsuak dituzte. Azken urteotan, proteinak behin eta berriro aipatzen diren gaia bihurtu dira herritarren artean, eta hainbat mito eta zalantza sortu dira haien kontsumoari buruz. Hala, ‘Todo lo que necesitas saber sobre las proteínas. Guía práctica’ gida berriak informazio zehatza eta eguneratua ematen du mantenugai horri buruz.

Lan hori prestatzen hartu dute parte Laura Arellano Garcíak, Irene Besné Eseverrik, Helen Carr Ugartek, Alfredo Fernández Quintelak, Saioa Gómez Zoritak, María Puy Portillok eta Iñaki Milton Laskibarrek. Hain zuzen ere, CIBERobn Instituto de Salud Carlos III institutuko eta Euskal Osasun Ikerkuntza insitutuko (Bioaraba) kideak ere badira.

Gida honen helburua tresna baliagarri bihurtzea da pertsona baten proteina premiak zein diren, iturri dietetiko interesgarrienak zein diren (tradizionalenetatik berritzaileenetara) eta kolektibo jakin batzuen (adinekoak, kirolariak...) proteina premiekin lotutako alderdiak ezagutzen ikasteko.

Elikadura uste faltsuak

Dieta miragarriz, elikagaiei buruzko mitoz eta promesa faltsuz betetako mundu honetan, erabaki osasungarriak hartzeko funtsezkoa da ebidentzia zientifikoa eta desinformazioa bereizten ikastea. ‘Respuestas a dudas y creencias falsas sobre alimentación y nutrición. ¡Que no te lo cuenten!’ liburuaren bigarren zatiak aurrekoaren ikuspegi berberarekin egiten du aurrera, elikaduraren eta nutrizioaren inguruko sinesmenak, esamesak eta hedatuta dauden joerak modu dibulgatiboan jorratzeko asmoz.

Gaur egun nutrizioari eta elikadurari buruzko informazioa denon eskura dagoen arren, herri sinesmenak eta buloak azkar zabaltzen dira, ahoz aho eta, are gehiago, sare sozialen bidez. Nola bereiz dezakegu entzuten edo irakurtzen dugun hori benetan egia dela? Horretarako, funtsezkoa da egiazkoa den eta zehaztasun zientifikoan oinarrituta dagoen informazioa. Eta hain zuzen ere, gida honek zalantza horietako asko argitzen ditu.

Honako hauek hartu dute parte argitalpen berri horretan: Jenifer Trepiana Arin, Asier Léniz Rodríguez, Leixuri Aguirre López, María Teresa Macarulla Arenaza, María Puy Portillo Baquedano eta Iván Gómez-López.

Osteoporosiari buruz

Osteoporosia hezur erresistentzia gutxitzea ezaugarri duen gaixotasuna da. Horren ondorioz, osteoporosia duen pertsonak hausturak izateko arrisku handiagoa izaten du. Gaixotasun horretan, hezurraren dentsitatea gutxitu egiten da, eta, ondorioz, hezurraren kalitatea jaitsi egiten da. Horren guztiaren eraginez, gaixotasun hori duten pazienteetan lesioak jasateko arriskua handitu egiten da eta horrek, aldi berean, bizi kalitatea gutxitu eta heriotza tasa handitzen du. Elikadura egokiak, ariketa fisikoa egitea eta bizimodu osasungarria izatea osteoporosia prebenitzeko eta arriskuak gutxitzeko lagungarria izan daiteke, baita gaixotasuna duten pertsonengan ere.

‘Todo lo que necesito saber sobre la osteoporosis. Alimentación, actividad física y estilo de vida’ gidaren egileak dira Saioa Gómez Zorita, María Teresa Macarulla Arenaza, Maitane González Arceo, Asier Léniz Rodríguez, Germán Vicente Rodríguez, José Antonio Casajús Mallén, María Puy Portillo Baquedano, eta Jenifer Trepiana Arín. Liburuaren helburua da informazio erabilgarria modu dibulgatiboan ematea, baina gaur egungo ebidentzia zientifikoan oinarrituta. Hala, osteoporosia zer den, patologia horren arrisku faktoreak eta diagnostikoa zein diren eta prebenitzeko eta tratatzeko zer egin daitekeen jasotzen du. Horrez gain, elikadurari buruzko ohiko zalantzen zerrenda ere jasotzen du liburuak. Informazio hori guztia ikuspuntu praktikotik lantzen da, irakurleak zer egin behar duen eta zergatik uler dezan.

Paziente onkologikoaren elikadura

Amaitzeko, argitaratu berria da Itziar Eseberri Barace, Ana Gracia Jadraque, María Puy Portillo Baquedano eta Leixuri Aguirre López doktoreek prestatutako ‘Guía de alimentación en el paciente oncológico’ gidaren bigarren edizioa.

XXI. mendeko mehatxu handienetako bat da minbizia. 2018an, 18,1 milioi kasu berri erregistratu ziren gutxi gorabehera, eta kopuru hori % 70 handituko da datozen 20 urteetan aurreikuspenen arabera.

Patologia horretan, elikadurak garrantzi handia du; izan ere, gaixoetako askok minbiziaren kakexia sindromea izenekoa garatzen dute. Modu errazean definituta, desnutrizio oso larria eta leheneratzeko zaila dena dela esan dezakegu. Izan ere, adituen arabera, desnutrizio hori da minbiziak eragindako heriotzen % 22ren zuzeneko erantzulea eta, gainera, pazienteen bizi kalitatean eragin handia du.

Horregatik guztiagatik, gidaren helburua da modu argi eta errazean azaltzea zertan datzan patologia hori, zer albo ondorio gertatzen diren eta nola aldatzen den pazientearen elikadura. Era berean, gidaren bidez elikadura mailako aholku eta gomendioak eskaini nahi izan dira pertsonei nutrizio egoera hobea eta bizi kalitate hobea izaten, eta gaixotasunari eta tratamenduei aurre egiten laguntzeko. Izan ere, egiaztatu denez, elikadura-egoera egokia izatea ezinbestekoa da organismoak erantzun hobea izan dezan.