Juan Sebastian Elkanoren oroimenez, haren heriotzaren bosgarren mendeurrenean
- Ekitaldia
Noiz eta non
2026/08/06, 09:00
Kokapena
Itsasmuseum Bilbao
Ramón de la Sota Kaia 1. -48013- Bilbo (Bizkaia)
Deskribapena
Noiz hil zen benetan Juan Sebastian Elkano? Data horrek interpretazio eta erreferentzia ugari izan ditu historian zehar, baina dokumentazioaren azterketak 1526ko abuztuaren 6an kokatzen du haren heriotza.
Bostehun urte geroago, egun berean, goizeko 9:00etan, Itsasmuseum Bilbaok Getariako itsasgizonaren bizitzan sakontzeko saioa hartuko du. Bostehun urte bete dira Juan Sebastián Elkano hil zenetik, munduari lehen bira eman eta lau urtetara, hain zuzen.
Itsasmuseum Bilbaok, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU)—EHUGuneren bitartez— eta Getariako Udalak antolatutako topaketan Elkanoren figuraren inguruko bi aditu bilduko dira. Biek ikuspegi desberdin baina elkarren osagarriak eskainiko dituzte, haren ibilbidea hobeto ulertzeko.
Manuel Romero Tallafigo Historiako doktoreak, Sevillako Unibertsitateko katedradunak eta Indietako Artxibo Nagusiko artxibozainak, Elkanoren azken hitzak eta borondateak aztertuko ditu, bere garaiko testuinguru historikoak, gizarte-inguruneak eta bizi izan zuen itsas munduak sakon markatutako nortasun berezi bat ezagutzeko asmoz. 1526ko uztailaren 26an, beste euskaldun batek, Andrés de Urdanetak, bere eskuz eta lumaz Elkanoren ezpainetatik zuzenean jasotako testamentu luzearen azken hitzak aztertuko ditu. Ozen irakurrita, hitz horiek gizatasun berezia, baita bere garaiko eta inguruko erretratu bizia ere, agerian uzten dizkigute.
Bestalde, Enrique Santamaria Urtiaga, EHUn burutzen ari duen Juan Sebastian Elkanori buruzko doktorego-tesi monografiko baten egileak, historian leku nabarmena eman zion ezaugarrietako batean jarriko du arreta: nabigatzaile gisa zuen trebetasunean. Santamariak bereziki aztertuko du Nao Victoria 1522an Sanlúcar de Barramedara iritsi izana, kapitain bezala mundu erdia zeharkatu ondoren muturreko baldintzetan; historiako itsas balentria handienetako bat, alegia. Horrez gain, Elkanok Badajoz-Elvaseko konferentzian izan zuen zeregina azalduko du, mundu bira amaitu ondoren, baita Moluketarako bigarren espedizioan jokatutako papera ere; bi gertakari horiek XVI. mendeko ozeano-nabigazioan izan zuen garrantzia indartzen dute.
Solasaldi honen bidez, hiru erakunde antolatzaileek Elkanoren inguruko irakurketa zorrotz eta eguneratua sustatu nahi dute; mitoaz harago joango den ikuspegia, duela bostehun urteko testuinguru historikoan haren itsas ibilbidea, ondarea eta nabigazioaren historian utzitako aztarna azpimarratuko dituena.
Itsasmuseumek Elkanoren gaia sarritan jorratu du esate baterako, 2019an, lehen mundu-birari eskainitako erakusketa bat eskaini zuen, espedizioaren irteeraren 500. urteurrena zela eta erakusketaren komisario zen Julián Díazen ikerketan oinarritutako liburu bat argitaratu zuen. Bestalde Itsas-Merkatarizako Kapitainen Bizkaiko Elkartearekin batera urtebeteko hitzaldi zikloa antolatu zen.
Beraz gaur aurkezten dugun hitzaldi honek kontakizun hari jarraipena emango dio, oraingoan beste une berezi batetik abiatuta: Juan Sebastian Elkanoren heriotzaren bosgarren mendeurrena eta itsas historiaren barruan betetzen duen tokiari buruzko hausnarketa.