euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

ENLIGHT EHU: etorkizunari ateak irekiz

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2026/11/02

ENLIGHT EHU I. bilera: etorkizunari ateak irekiz jardunaldia egin zen Bilboko Bizkaia Aretoan, ENLIGHT aliantzako eta Euskampus Fundazioako EHUko lankideak elkartuz. Topaketak nazioarteko lankidetza, ezagutza partekatua eta unibertsitateen arteko etorkizuneko erronken inguruko hausnarketa izan zituen ardatz. 

Goizeko 09:30ean hasi zen saioa harrera instituzionalarekin. Gotzone Barandika Transferentzia eta Nazioartekotze errektoreordeak ongietorria eman zien parte-hartzaileei, lankidetza eta aukera berriak sustatzeko gune baten garrantzia azpimarratuz. Ondoren, Jon Azkune ENLIGHT eta Unibertsitate arteko Harremanetarako zuzendariak aliantzaren balioa nabarmendu zuen, hamar unibertsitatek osatutako komunitate europarra dela gogoraraziz. 

Jarraian, Igor Campillok, Euskampus Fundazioako zuzendariak, ENLIGHTen inpaktuari buruzko hitzaldia eskaini zuen. Ezagutzaren sorreratik gizarte-eraldaketara doan bidean lankidetzak duen indarra azaldu zuen, eta nazioarteko sareek unibertsitateei ematen dizkieten aukerak aztertu zituen.  

Jardunaldiaren unerik esanguratsuenetako bat “ENLIGHT bizipenetan” izeneko saioa izan zen. Saioaren ezaugarri nagusietako bat parte-hartzaileen aniztasuna izan zen, EHUko unibertsitate-komunitatea osatzen duten kolektibo ezberdinen ahotsak eta esperientziak bildu baitzituen. Horrela, ikasleek, irakasleek, ikertzaile gazteek eta TEKAZELeko langileek beren ikuspegi eta bizipenetatik abiatuta azaldu zuten ENLIGHT aliantzak eskaintzen dituen aukerak nola baliatu dituzten. Esperientzien aniztasun horrek agerian utzi zuen ENLIGHTen eragina unibertsitateko jarduera-eremu askotara hedatzen dela, eta nazioartekotzea unibertsitate-komunitate osoarentzako aukera dela. 

Julen Etxegiak, ENLIGHT Student Networkeko ordezkari ohiak, nazioarteko lankidetzak bere garapen pertsonal eta akademikoan izandako eragin positiboa azpimarratu zuen. Noemi Peña eta Igor Martxueta irakasleek, berriz, Teaching and Learning Conference ekimenak beste unibertsitate batzuetan garatzen diren hezkuntza-berrikuntzako proiektuak ezagutzeko eta esperientziak trukatzeko eskaintzen dituen aukerak nabarmendu zituzten. Nagore González ikertzaile gazteak ENLIGHTeko beste unibertsitate batzuetako ikertzaileekin harremanak sortzeak eta lankidetza-proiektuak garatzeak ikerketarako irekitzen dituen aukera berriak izan zituen hizpide. Azkenik, Amaya Sagarminaga eta Nuria Arregi teknikariek Staff Training Week ekimenaren balioa azpimarratu zuten, aliantzako unibertsitateetako zerbitzuen arteko ezagutza-trukea, elkarren esperientzietatik ikastea eta lan-prozeduren hobekuntza sustatzeko tresna gisa. 

Kafe-etenaldiaren ondoren, parte-hartzaileek ENLIGHTeko proiektuen poster-erakusketa bisitatzeko aukera izan zuten. Ekimen berritzaileak ezagutu eta etorkizuneko lankidetza-aukerak aztertzeko gunea bihurtu zen erakusketa.  

Eguerdiko mahai-inguru eta aurkezpenetan, unibertsitateen arteko sareak indartzeko moduak, titulazio eta prestakuntza partekatuen aukerak eta ikerketa arduratsuaren garrantzia landu ziren. Parte-hartzaileek nabarmendu zuten nazioarteko elkarlanaren bidez erronka globalekiko erantzun sendoagoak eraiki daitezkeela.  

Jardunaldia amaitzeko, “Eta hemendik aurrera, zer?” saioan, bertaratutakoek ikasitakoa partekatu eta datozen urteetarako erronka eta helburu nagusiak identifikatu zituzten. Hausnarketa kolektiboaren bidez, ENLIGHT aliantzaren barruan lankidetza berriak sustatzeko borondatea agerian geratu zen.  Topaketak erakutsi zuen ENLIGHT sareak indartsu jarraitzen duela eta nazioarteko lankidetzaren bidez prestakuntza, ikerketa eta gizartearekiko konpromisoa sendotzeko tresna eraginkorra dela.