euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Raquel Esteban Terradillos eta María Teresa Gómez Sagasti

Erupzioak La Palmako landaredia suntsitu du, baina errautsetatik berpiztuko da

UPV/EHUko ikertzaileak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/11/02

María Teresa Gómez Sagasti eta Raquel Esteban Terradillos
María Teresa Gómez Sagasti eta Raquel Esteban Terradillos. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Orain dela hilabetera arte, “multzo sismikoak”, “erupzio estronbolianoak”, “piroklastoak” eta “laba-isurketa” termino bulkanologikoak arraroak egiten zitzaizkigun. Orain, La Palmako uharteko Cumbre Vieja sumendiaren erupzioa dela eta, sumendi baten garapena hurbiletik behatzeko aukera dugu.

Sumendi-erupzioak gure latitudeetan ohiz kanpoko fenomenoak badira ere (eta, horrenbestez, ikuskizuntzat hartzen dira), naturaren sugarraren adierazpen ikaragarri eta beldurgarrienetako bat dira. Hori 2021eko irailaren 19an ikusi ahal izan genuen. Egun hartan, Cumbre Vieja sumendiaren gainean, lehenengo ahoen gainean, gas eta errautsez osatutako zutabe bat agertu zen eta laba-ibai batek sumendiaren bizkarraldea zeharkatzen zuen. Hortaz, La Palmako herritarren bizitzak 180 graduko bira eman zuen.

Turismoari eta platano-hazkuntzari erabat lotutako ekonomia du uharteak, eta sumendiak sortutako krisialdiak kalte sozioekonomiko handiak eragin dizkie sumendiaren ondoan dauden herriei. Datuek horixe adierazten dute: 6.000 pertsona inguru ebakuatu behar izan dira, labak 390 hektarea baino gehiago suntsitu ditu, ia mila eraikin txikitu ditu, errepideetako kilometro asko itxi behar izan dira eta 3.000 hektarea baino gehiago estali ditu errautsak, horietariko asko, laborantzari bideratutakoak.

Momentu honetan, Cumbre Vieja sumendiak botatako labak La Palma uharteko mendebaldeko kostan delta bat osatu duen honetan, landareen munduarekin lotutako gai asko sortu ziren. Horietako batzuk argitzen saiatuko gara: Zein dira hondamendi honek landaredian epe laburrean izango dituen eragin fisiologikoak? Erupzioaren ondorioz uhartearen zati horren lurreko landaredia behin betiko desagertuko da? Posible izango al da sumendiaren ondoko eremuetan berriz ere lurra lantzea?

Landare eta laboreen gainbehera

Sumendi-erupzioak gertatu bitartean, laba jarioen ondoan, hainbat gas toxiko daude (sufre dioxidoa eta hidrogeno haluroak adibidez), baita oso kaltegarriak diren metalen espezie lurrunkorrak ere (merkurioa, beruna edo artsenikoa, besteak beste). Ondorioz, atmosferan material piroklastiko asko sartzen dira, horien artean zepak eta hainbat tamainatako errautsak. Eta, jakina denez, igotzen den guztia berriz ere jaitsi egiten da. Labak sortutako suntsipenaz gain, zepak eta errautsak erortzean, lurzoruan kalte handiak sortzen dira, baita bertako fauna eta floran ere.

Ihes egiteko aukerarik gabe, lurreko landaredia hil egiten da sumendiaren zepa eta errautsen ondorioz. Era berean, kalte fisikoak sortu dira, eta honakoak dira agerikoenak: gehiegizko pisua dela-eta hosto eta zurtoinak haustea, haizearen arrastearen ondoriozko suntsipena, landare txikienak lurperatu eta itotzea. Hala ere, baliteke beste kalte batzuk agerikoak ez izatea.

Hostoek, errautsak gainean erortzen zaizkienean, ezin dute argirik hartu eta ekosistemen orekarako eta Lurrean bizitza mantentzeko prozesu fisiologiko garrantzitsuenetako bat (fotosintesia) gauzatzeko ezinbestekoa den gas-trukea egin.

Halaber, gogoan izan behar dugu fotosintesiari esker CO2 atmosferikoa landareetan ezartzen dela, eta, hala, atmosferara oxigenoa askatzen dela. Horrez gain, fotosintesia landareak hazi eta garatzeko prozesu nagusi eta funtsezkoa da; prozesu horretan landareek hainbat metabolito sortzen dituzte eta gure gizarteak bizirauteko behar dituen lehengai nagusiak (elikagaiak, sendagaiak, egurra edo papera) ekoiztea ahalbidetzen digute.

Beraz, fotosintesirik gabe, hostoak errautsez estalirik dituzten landare horiek ezin izango dituzte beren bizi-funtzioak mantendu, ezta bizirik iraun ere. Gainera, loreak ere errautsez estalita gera daitezke, eta polinizazioa oztopatu egiten da. Ondorioz,  eragotzi egiten da fruituak sortzea eta loreen ugalketa. Aldi berean, sumendiaren errautsek estaldura azido bat izan ohi dute. Estaldura euriarekin kontaktuan sartzean, korrosio-efektu bat izan dezakete hostotza eta laboreetan. Ondorioz, merkatuan izan dezaketen balioa murriztu egiten da.

Gainera, beste arrisku asko daude, eta nahiz eta ez diren oso probableak, oso kaltegarriak izan litezke. Atmosferako ur-lurrunarekin konbinatzean SO2 azido sulfuriko bihurtzearen ondoriozko euri azidoari buruz eta metalen jalkitzearen ondoriozko kutsadurari buruz ari gara. Horren ondorio garrantzitsuenak hauek izango lirateke: landarediaren korrosioa eta azidotze progresiboa, kutsadura eta lurzoruen osasun-galera. Denbora igaro ahala, landaredirik gabeko lurrak izango genituzke, nutriente gutxikoak eta higadurarako joera dutenak.

Halere, itxaropena badago, eta berdea da

Orain arte, sumendiaren erupzioak epe labur eta ertainean izango dituen eragin negatiboengan jarri dugu arreta. Edonola ere, orain erupzioaren B aldeari begiratu behar diogu eta palmatarren etorkizunerako ikuspegi optimista eta erresiliente bat eskaini.

Landareak desagertuko dira, baina, epe luzera, sumendiaren magaletan dauden lursail errautsez estaliak emankorrak eta produktiboak izango dira. Horrela, berriz ere bizitza kanariar artxipelagoaren perla berdera itzuliko da, lehen baino indartsuago.

Ondoko uharteetan eta Ozeano Bareko Suzko Eraztunean egondako antzeko gertakariak aztertu besterik ez dugu. Jatorri bolkanikoko lurzoruek (andosol ere deitzen zaie) Lurraren azaleraren % 1 baino ez dute estaltzen, baina lurzoruaren karbono guztiaren % 5 inguru dute.

Horiek gehienbat errauts bolkanikoz osatuta daude; lurzoru oso emankorrak dira, propietate fisiko-kimiko eta mineralogiko oso bereziak dituztelako. Andosol gazteek itxuraz oso dentsitate baxua dute eta oso porotsuak dira. Orokorrean, lurzoru horiek katioiak trukatzeko eta urari eusteko gaitasun handia dute, fosfatoak (funtsezko nutrienteak) atxikitzeko gaitasun handia, aluminio eta burdin kantitate handia, eta materia organikoa pilatzeko joera. Horrenbestez, lurzoru horiek oso onak dira bertan espeziak ezartzeko, aurretiaz pentsatuta (laboreak) zein berez (landareak orokorrean).

Nahiz eta orain eratzen hasten diren lurzoru bolkanikoetan landaredia eta laborantzak berreskuratzea urrun ikusten dugun, argi dago berriro landareak eta laboreak arazorik gabe ezarriko direla lursail berri horietan.

Hori posible izateko, halere, beharrezkoa izango da komunikazio- eta lankidetza-sare estu bat ezartzea zientzia-komunitatearen, nekazaritza-sektorearen, agintarien eta gizartearen artean; izan ere, erupzioaren ondorengo berreskuratze-fasean zehar hartu beharreko neurriak biodibertsitatea eta, ondorioz, La Palmako oreka ekonomikoa berreskuratzeko gakoak izango dira.